Osteguneko elkarretaratzeei atxikimendu zabala eman diote hezkuntzako eragile nagusiek
Auzitegiek aspalditik datorren euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia hezkuntzara hedatzeko eta desofizializazioan sakontzeko baliatu dituzte Unibertsitatera sartzeko probako Euskara eta Literatura azterketan zenbait ikaslek lortu dituzten emaitza eskasak. Ondorioz, euskarari uko egitea saritu eta pribilegiatu dute.
Gertakari honek argi erakusten du botere judizialaren aldetik gertatzen ari den euskararen gutxiespen sistematikoa, euskara bigarren mailako eta gaztelaniaren meneko hizkuntza gisa betikotzeko asmoz. Halaber, horri gehitu behar zaio gaur egun EAEko hezkuntzan indarrean dagoen hizkuntza-ereduen sistemak milaka ikasle gutxieneko euskara maila lortzetik kanpo uzten dituela.
Honen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusiak, «Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat» lelopean hiru elkarretaratze deitu ditu biharko, uztailak 2, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan. Mobilizazioak 12:00etan aldi berean egingo dira Bilboko EHUren Ingeniaritza Eskolaren aurrean, Donostiako EHUren Karlos Santamaria Zentroaren atarian, eta Gasteizko EHUren Letren Fakultateko sarreran.
Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzeetan parte hartzeko deia luzatu die euskararen eta justizia sozialaren zein berdintasunaren alde dauden herritar guztiei, eta hiru arrazoi eman ditu horretarako:
- Euskararen desofizializazioa, botere judizialaren oldarraldia eta euskararen gutxiespen sistematikoa salatzeko.
- Hizkuntza-ereduen sistema gainditu eta ikasle guztiak, berdintasunean, euskararen jabe egitea bermatuko duen euskarazko ikasteredu orokortuaren alde egiteko.
- Euskara larrialdian dagoen honetan, normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko.
Mobilizazioei atxikimendua eman dioten eragileak: ELA, LAB eta STEILAS sindikatuak, Euskal Herriko Ikastolak, BIGE eta Denon Eskola federazioak, IAS eta IKAMA ikasle antolakundeak, eta EHUren Leioako ILE, Donostiako IEP eta Gasteizko KEA euskara taldeak.