Euskararen desofizializazio prozesua indartzeaz gain, euskarari uko egitea pribilegio bihurtu du oldarraldiaren azken agerpenak

Euskalgintzaren Kontseiluak irmo salatu nahi du Unibertsitatera sartzeko probako (USaP) Euskara eta Literatura II azterketan zenbait ikaslek izan dituzten emaitza eskasak euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldi antolatutako baliatu izana. Izan ere, auzi horrek azken egunotan izan duen bilakaera ikusita argi geratu da oldarraldi politiko, mediatiko eta judizialaren agerraldi berri batean aurrean gaudela. Gainera, larritasun berezia du agerraldi honek, oldarraldiaren beraren eragin eremua zabaldu duelako, euskararen desofizializazio prozesua indartu duelako, eta euskarari uko egitea pribilegiorako bide bihurtu duelako.
Oldarraldiak administraziotik hezkuntzara salto
Orain arte, administrazioaren eremuan, eta, batik bat, enplegu publikorako sarbidean nabarmendu da oldarraldia. Orain, hezkuntzara egin du salto. Gertakari hau bereziki larria iruditzen zaio Euskalgintzaren Kontseiluari, hain zuzen ere, hezkuntza sistema delako euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko ardatz nagusietako bat, eta azken hamarkadetan izandako irabazpenik handienak, hain justu, hezkuntzak egindako ekarpenari esker gertatu direlako. Unibertsitatera sartzeko proban ikasle batzuek izandako emaitza kaskarren aitzakian azken egunotan hainbat alderdi eta hedabidetatik zabaldu diren mezuak, eta horien azken emaitza izan den ebazpen judizialak –hau da, judizializazioaren hautua egin duten ikasleak Euskaratik salbuestera behartzea EHU– hezkuntza sistema jarri du euskararen aurkako oldarraldiaren jomugan; hots, euskarak etorkizunik izango badu ezinbestekoa duen tresneria.
Era berean, oso larriak dira oldarraldiaren agerpen honek milaka eta milaka ikaslerengan eragingo dituen ondorio zehatzak: euskarari uko egiten dioten ikasleak saritu eta pribilegiatuko ditu unibertsitaterako sarbidean. Aldiz, euskarari beste ikasgaien pareko garrantzia eman diotenak, hezkuntza curriculumean aitortzen zaion lekua aintzat hartu dutenak, ikasteko ahalegina egin dutenak, gutxietsi egingo ditu besteen ondoan. Injustizia handi baten pairatzaile egingo ditu milaka eta milaka ikasle. Eta kalte hau ez da konpontzen plazak gehituta. Hala balitz, logika bera erabili beharko bailitzateke Matematikan edo Gaztelanian emaitza txarrak izan dituzten eta haiekin konforme ez dauden ikasleekin.
Funtsean, oldarraldiaren azken agerpen honek sakondu egin du Euskal Autonomi Erkidegoan euskararen desofizializazio prozesua, eta agerian utzi du zenbateraino den bigarren mailako eta meneko hizkuntza. Izan ere, euskarari dagokionean curriculumean jasotako gutxienekora ez iristea, hezkuntza sistemak berak ezarritako printzipioak bazter uztea, ez da izango ezertarako eragozpen. Aurrekari oso arriskutsua ezarri da, ebazpen honek mezu argi bat helarazten dielako etorkizuneko belaunaldiei eta gizarte osoari: gaztelaniaren kasuan ez bezala, euskara ez da beharrezkoa.
Halaber, Kontseiluak kezka handiz hartu du egunotan Eusko Jaurlaritzak gai honekiko erakutsitako jarrera. Kezka handiz hartu du egiazko arazoari heldu ordez –indarrean den ereduen sistemak hainbat ikasle curriculumean jasotzen den gutxieneko euskara maila iristetik kanpo uztea–, Hezkuntza Sailaren jarrera izatea azterketen zuzenketan aritu diren irakasleak seinalatzea, haien ezagutza, doitasuna eta sen ona zalantzan jarriz. Babesa adierazi nahi diegu beren egunerokoan euskara irakatsi eta transmititzeaz arduratzen diren irakasle horiei denei, eta eginkizun horren jarraipen gisa azterketak zuzentzen aritu diren guztiei.
Euskarazko ikasteredu orokortua, ikasleen euskalduntzea bermatzeko
Arestian esan bezala, hezkuntza sistema izan da azken hamarkadetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko tresna garrantzitsuenetako bat. Hala ere, aspaldi da egungo sistemari herrenak sumatzen zaizkiola, eta horietako nabarmenena –eta, sakonean, egoera hau eragin duena– ereduetan oinarritutako sistema da. Aspalditik jakin eta frogatua da, ISEI 2021 ikerketan kasu, A eta B ereduek ez dutela hezkuntza curriculumak berak ezarritako helburuak betetzeko balio. Izan ere, B ereduaren arrakasta % 30ekoa da eta A ereduarena kasik % 0. Horrek esan nahi du, EAEn soilik, egun hezkuntza arautuan dabilen hamar ikasletik lauri ez zaiola bermatuko euskararen ezagutza nahikoa edota, bestela esanda, 160.000 ikaslek hizkuntza-porrota pairatuko dutela egungo hezkuntza sisteman. Hori da oldarraldiaren agerraldi honetan dagoen arazoen muina: euskararen normalizazioan aurrera egitea trabatzeaz gain, milaka ikaslek euskaraz jabetzeko duten eskubidea urratzen duela.
Horregatik, aspalditik eskatzen du Euskalgintzaren Kontseiluak egungo hizkuntza-ereduen sistema bertan behera utzi eta gainditu egin behar dela, eta euskarazko ikasteredua orokortu behar dela, euskara gutxien duenari gehiago ematea izanik iparra. Horixe da euskararen etorkizuna jokoan den honetan normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko bidea ez ezik, baita ere gizarte gisa dugun korapilo nagusietako bat askatzeko modua, justizia sozialean eta gizarte kohesioan sakontzekoa. Gehiengo sindikala eta hezkuntzako eragile nagusiak bat datoz horretan.
Zoritxarrez, Hezkuntza Legearen azken eztabaidan aukera bikaina galdu zen urrats hori emateko. Oldarraldia hezkuntzara hedatu zaigun honetan abagune berri bat zabaltzen da noranzko horretan eragiteko, eta horretarako deia egin nahi diegu euskalgintzako eta hezkuntzako eragile denei, eta baita ere euskararen etorkizunean sinesten duten indar politikoei. Eta, jakina, dei egiten diegu aldaketa horren bultzatzaile izan daitezen euskaltzale guztiei, euskararen eta justizia sozialaren zein berdintasunaren alde dauden herritar guztiei.
Elkarretaratzeak hiru campusetan
Guzti honen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak hiriburuetako campusetan hiru elkarretaratze deitu ditu ostegun honetarako, uztailak 2, 12:00etan Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Donostiako Karlos Santamaria Zentroan eta Gasteizko Letren Fakultatearen aurrean, «Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat» lelopean.

Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
