
Abenduaren 27an milaka euskaltzale batuko ditu Kontseiluak euskararen etorkizunaren aldeko ekitaldian
Euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela adierazi eta urtebete geroago, Euskalgintzaren Kontseiluak bere diagnostikoa berretsi eta, eskuhartze sendorik egin ezean, euskararen etorkizuna jokoan dagoela adierazi du.
Larritzeko osagai guztiak izan arren, itxaropen mezu bat zabaltzeko prentsaurrekoa egin du Kontseiluak, eta euskaltzaleei dei egin die indarrak batzeko eta euskararen etorkizunari norabide berria emateko. «Euskaltzaleon garaia da!» adierazi du Kontseiluak.
Horrela, abenduaren 27an Bilbao Arena euskararen eta euskaltzaletasunaren bilgune eta arnasgune bilakatzeko deia egin du, milaka pertsona batuko dituen ekitaldi erraldoi batean. Ekitaldia 17:00etan hasiko da Miribillako kirolgunean, eta sarrerak urriaren 16tik aurrera izango dira eskuragarri www.pizkundea.eus webgunean.
Agerraldian dozenaka euskalgintzako ordezkarik eta norbanako euskaltzalek parte hartu dute. Jarraian, Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurritako adierazpena.
ADIERAZPENA
–
Laster beteko da urtebete Kontseilua osatzen dugun euskalgintzako eragileok adierazi genuela euskara larrialdi linguistikoan dagoela. Azaldu genuen asko eta agerikoak direla azken hamarkadetako susperraldi aroa eten denaren zantzuak. 2023an argitaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoak, esaterako, erakusten du Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa jaisten doala oraindik. Edo Nafarroan 10 ikasletik seik ez duela bere eskola bizitzan euskararekin inolako harremanik. Euskararen aldeko hizkuntza-politika sendoenak egiteko aukera izan den Euskal Autonomi Erkidegora etorrita, gune euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Autonomia Erkidegokoa ez ezik, Euskal Herri osoko joera gero eta gutxiago direla euskaraz erdaretan baino errazago egiten duten hiztunak. Zifretara etorrita, hiztunen % 17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak –kasu askotan euskara erabiltzeko posibilitate murritza da erabilera handitzeko muga handiena–.
Zoritxarrez, larrialdian gaudela esateko arrazoiak areagotu egin zaizkigu ordutik hona: joan den uztailean aurkeztu zuen UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) Siadecok bere enkarguz egindako proiekzio demolinguistikoa, eta hizkuntza-politiketan aldaketa handi bat gertatu ezean beltza da panorama. Proiekzio horren arabera, 2036an, 11 urte barru, Hego Euskal Herrian ez da arnasgune beterik geratuko; hau da, euskararen erabilera % 80tik gorakoa den herririk. Eta arnasgune erasanak ere –erabilera % 60-% 80 izaten da horietan– desagertze bidean egongo dira: biztanleen % 0,2 besterik ez da biziko eremu horietan. Orokorrean, arnasguneetan hiztunen % 7,2 bizi ziren 1991. urtean; % 2,9 ziren 2021ean; eta % 0,2 izan daitezke 2036an. Horrela, proiekzioa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko litzateke euskara.
Horri guztiari erantsi behar zaio azken hamarkadetako joera izan bada hezkuntzaren bidez ezagutzari dagokionean hiztunak irabaztea Nafarroa galeran sartzear dela berriro: % 12,1 ziren 2001ean; % 14,9 2021ean; eta % 11,8 izango dira, proiekzioaren arabera, 2036an. Laburbilduz, azken hamarkadetako suspertze aroa amaitu eta atzeraldiaren arriskua handia da. Hau da, etorkizuna dago jokoan.
Honek guztiak, azken buruan, euskararen eta euskal hiztun komunitatearen minorizazio egoeraren berri ematen digu, egiturazko arazo baten berri. Arestian agerturiko kopuru eta joerak ulertzeko ezin baita ahaztu euskara ofiziala bere lurraldearen zati batean baino ez dela: Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako zati batean. Nafarroa gehienean, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan –Ipar Euskal Herrian– ez du ofizialtasunik. Hau da, gutxieneko nor izatearen aitortzarik eta, horrenbestez, hizkuntza-politikak segurtasunez eta iraunkorki egiteko aukerarik. Era berean, azken bolada jadanik luzeko oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan euskaldun izendatutako eremuko koofizialtasuna zalantzan jartzen ari da, minorizazioa gainditzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak eraisten ari baita. Desofizializazio prozesu batean gaude.
Larritzeko osagai guztiak ditugu, beraz. Esan bezala, etorkizuna jokoan da. Baina gaur itxaropen mezu bat ekartzera gatoz gu hona. Iazko Euskararen Egunak azaldu genuen Euskalgintzaren Kontseiluak bere gain hartzen zuela larrialdi hori indarraldi bihurtzeko ahaleginaren konpromisoa. Horretan ari gara. Bide horretan ekarpen handi bat da orain bi aste, irailaren 26an, egin genuen ekarpena: 110etik gora eragile sozialekin osatutako Batuz Aldatu dinamikaren ildotik proposatutako euskararen gaineko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza. Adostasun sozial zabalez euskarari etorkizuna emango dion hizkuntza-politika baterako oinarriak proposatzeko gai izan gara. Hurrengo urratsa, hurrengo konpromisoa, adostasun hori zabaltzea da.
Eta bide horretan ezinbestekoa da euskara kinka larrian izan den beste momentu batzuetan bezala, berriro ere, euskaltzaletasunaren giharra indartzea. Izan ere, euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan ditu lehenago ere larrialdi gorriko uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak. Eta euskaltzaleen eskutik etorri da aldi bakoitzean Pizkundea. Milaka euskaltzaleren bulkada, erabaki eta ekimenetatik. Eta, batik bat, milaka euskaltzale horiek une kritikoetan elkarrekin aritzeko eta egiteko izan duten gaitasunetik.
Argi dago: euskaltzaleon garaia da. Biltzekoa. Elkarrekin arnasa hartzekoa.
Hain zuzen ere, gaur zabaldu nahi dugun itxaropen mezuaren parte da orain egitera goazen gonbidapena: datorren abenduaren 27an Bilbao Arena –Miribillako kirolgunea– euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtzea. Etorkizuna jokoan den honetan ezinbestekoa da guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea.
Horretarako lehen gune bihurtu nahi dugu Abenduaren 27ko ekitaldia. Euskarak, hizkuntza guztiek bezala, etorkizunik izango badu unibertso bat behar du, zentzua emango dion irudi eta erreferentzia mundu bat. Eta unibertso hori kultura da, euskarazko kultura, zailtasun gehigarriak erantsiko dietela jakin arren, euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa. Beraz, kultur kutsukoa izango da ekitaldia, eta xehetasunak aurrerago aletuko baditugu ere, musikak eta musikagileek, euskararen soinu-bandak, presentzia nabarmena izango du.
Aretoak hala eskatzen duelako ezinbestekoa da bertara joan nahi duen guztiak sarrera bat izatea, eta badaezpada lekua hartu eta gero ez joateko tentazioari nolabait aurre egiteko 10 euroko ekarpena egin beharko da. Ekarpen honek artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzen lagunduko digu, baina garrantzitsuena egun horretan Bilbao Arena euskaltzaleon bilgune handi bat bihurtzea izango da. Beraz, sarrera erosi eta gero joaterik ez duenak, eman diezaiola sarrera etorriko den norbaiti. Sarrerak urriaren 16tik aurrera izango dira eskuragarri Pizkundea.eus webgunean.
Handia da gure historia garaikidean euskaltzaleon bulkadaz egindakoa. Baina ekinaldi berri baterako unea da, euskara lehen lerrora ekarri eta benetako jauzia eragitekoa.
Egin dezagun lehen urratsa Abenduaren 27an, bil gaitezen eta piztu dezagun euskaltzaletasuna, euskarari Pizkunde berri emateko. Etorkizuna dago jokoan, euskaltzaleon garaia da!
–



Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: