«Miribillak erakutsi digu euskaltzaletasuna oso txertatuta dagoela»

2025ko abenduaren 28a

Abenduaren 27an, milaka euskaltzalek Bilbao Arena bete genuen Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako «Pizkundea» ekitaldian. Kontseiluak balorazio positiboa eta baikorra egin dugu, eta aurrera begirako erronketan jarri dugu fokua.

Kontseiluaren iritziz, ekitaldiaren arrakastak erakutsi zuen jende askorengan oso txertatuta dagoela euskaltzaletasuna, badagoela gihar hori indartzeko gogoa eta premia. Badagoela hizkuntzaren auziaz hitz egiteko, euskarak sortzen digun kezkaz hitz egiteko, eta elkarguneak sortzeko beharra.

Izan ere, azken ikerketa eta datuek erakusten duten euskararen larrialdi egoerari erantzuteko ezinbestekoa da euskaltzaletasuna indartzea. Kontseiluak bide horretan lanean jarraituko dugu, eta atzoko ekitaldian azpimarratu bezala, euskaltzaleok ekiteko garaia da: toki guztietan antolatzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, euskara eta euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko garaia. Horretarako proposamen bat aurkeztu dugu Kontseiluak, Euskaltzaleon gida izenekoa, www.pizkundea.eus webgunean ikus daitekeena.

Halaber, euskalgintzak aspalditik aldarrikatu dugun bezala, euskararen biziberritzeak aldaketa sakon bat behar du, hizkuntza-politiketan jauzi bat, adostasun sozial eta politiko berri batean oinarrituko dena. Euskaraz bizitzeko behar diren baldintzak bermatzeaz gain, egun indarrean dauden minorientzako politiken paradigma gainditu eta euskararen normalizazioa gizarte osoaren eginbeharra bilakatuko duena.

Zentzu horretan, Kontseiluak, askotariko egundik gora eragilerekin batera, irailean aurkeztu genuen Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza proposamena ekarri dugu gogora, euskararen ezagutza orokortzea eta erabilera normalerako baldintzak sortzea helburu dituena. Gizartean duten erabakimen eta eragin gaitasunetik, Kontseiluak erakundeei eta indar politikoei eskatzen die proposamena aintzat hartu dezatela.

Era berean, ekitaldian ekarpena egin zuten kulturgileek erakutsi zuten euskaratik eta euskaraz sortutako kultura ezinbesteko unibertsoa dela euskaraz aurrera egingo badu, eta euskara biziberritzeko ezinbestekoak direla euskarazko kulturaren aldeko kultur-politika sendoak egitea.

Bien bitartean, datorren ekainaren 13an Iruñea euskaltzale guztien bilgune bilakatzeko mobilizazioa deitu dugu Kontseiluak. Datozen hilabeteetan zehar ezagutzera emango dira xehetasun guztiak.

Euskaltzale guztiei eskerrak

Eskerrak eman nahi dizkiegu Miribilla auzoko kirolgunean elkartu ziren 6.500 lagunei eta herriz herri inplikatu diren euskaltzaleei. Baita babesa eman eta bertaratu ziren erakunde, alderdi, sindikatu eta eragile guztiei; ekitaldian parte hartu zuten musikari, aktore, kulturgile eta sortzaileei; eta antolaketa, produkzio, azpiegitura, logistika, segurtasun zein komunikazio lanetan aritu diren ehunka langile eta boluntarioei ere.

Azkenik, baina ez atzenik, esker bereziak eman dizkiegu Kontseiluaren hezur-mamia diren bazkideei, bidelagun izan direnei, «Euskaltzaleon garaia da» adierazpenaren sinatzaileei, eta egunez egun euskararen alde, bakoitzak bere erara, egiten duten pertsona guzti horiei. Eskerrik asko!


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!