Euskaltzale ezagunek euskararen aldeko Pizkunde berri baten abiapuntua aldarrikatu dute Arantzazun

2025ko azaroaren 06a

Gaur, Euskalgintzaren Kontseiluak «Euskaltzaleon garaia da» izenburuko adierazpena aurkeztu du Arantzazuko Santutegian, toki honek euskararen eta euskaltzaletasunean historian izan duen garrantzia kontuan hartuta.

Arantzazuko agerraldian euskalgintzako eragile nagusien ordezkariak eta erreferentziazko euskaltzale ugarik parte hartu dute, eta beste hainbatek, bertaratu ezin izan diren arren, atxikimendua eman dute. Ikusi zerrenda osoa.

Euskararen larrialdi egoeratik ateratzeko Abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin dute, itxaropena eta ekimena uztartuz euskararen aldeko Pizkunde berria bultzatzeko. Sarrerak www.pizkundea.eus webgunean hartu behar dira.


Euskaltzaleon garaia da

Errotonda, bidegurutzea, moteltzea, etena, minbizia… Azken urteetan hitz sorta hori guztia erabili da euskalgintza askotariko eta zabaletik ezinegon baten berri emateko: euskararen etorkizunak sorturiko kezka adierazteko. Izan ere, datuek, ikerketek eta aurreikuspenek normalizazio eta biziberritze prozesuan atzera egiteko arriskua handia dela agerrarazi dute; beste era batera esanda, duela mendi erdi pasa hasitako Pizkunde zikloa agortu delako zantzuak gero eta nabariagoak dira.

Hori guztia aintzat harturik, euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gaudela adierazi genuen Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun eragileok orain urtebete. Aurretik katalanek eta galiziarrek egindako adierazpenarekin bat egin genuen horrela, eta, aldi berean, geure egin genuen mundu aldrebestu honetan ugaritu zaizkigun krisi sistemikoak izendatzeko terminologia. Hizkuntza-larrialdia krisi sistemiko horien parte baita, globalizazioaren muturreko aldaera honek eta bizitzaren digitalizazioak eremu guztietan egiten baitu indartsua indartsuago eta zaurgarria zaurgarriago; hizkuntzen auzian, hizkuntza nagusiak nagusiago eta euskara bezala minorizatuta daudenak oraindik eta ahulago.

Hala ere, azpimarratu genuen larrialdian gaudela adieraztea ez zela lantua jo eta etsitzeko dei bat; aitzitik, euskarari Pizkunde berri bat emateko lehen argi-izpia ekartzea dela. Itxaropenaren txinparta piztekoa.

Euskaldunok, euskaltzaleok, asko dakigu hortaz. Euskaltzaletasuna, muinean, itxaropena baita. Itxaropenak baino ez dezake azaldu XIX. mendetik XX.erako mundu aldaketa hartan Lore Jokoak, Euskaltzaindia edota Eusko Ikaskuntza sortu zuten euskaltzale haien denen ekina. Zaldubirena, Larrekorena, Orixe, Lizardi, Lauaxetarena, eta, nola ez, emakume izateak zailtasunak erantsi zizkien Errose Bustintza, Tene Mujika edota Elbira Zipitriarena. Eta horiekin batera, eguneroko bizimodu txiki baina funtsezkoan milaka erabaki, ekintza eta keinuren bidez, zigor eta gutxiespenei aurre eginez, euskarari mundu bat ematen segitu zutenena.

Itxaropenik gabe ezin baita ulertu lehen Pizkunde hura eten zuen olatu totalitario ilunari aurre eginez –Hegoaldean frankismoaren forman hainbeste iraun zuena– euskarari bigarren Pizkunde bat eman dion euskaltzaleen jarduna. Hain zuzen ere, gaur ez gaude ausaz Arantzazun, euskara mundu garaikidera lotu zuen Pizkunde horren aterbe nagusi izan delako baizik; mundua euskaraz pentsatzeko, egiteko, gozatzeko, bizitzeko ekimenen (h)abialeku behinena: Jakin-en emaria, euskara batua, euskarazko irakaskuntza, helduen euskalduntze-alfabetatzea, literatura, Ez Dok Amairu, arte plastikoen proposamen abangoardista eta aldi berean herriari lotuak… Horiek guztiek dute, gutxienez, ernamuin bat Arantzazun. Euskaltzaletasunaren barreiatzaile izan da leku hau, itxaropenaren hedatzaile. Gero, milaka euskaltzaleren eguneroko erabaki, ekintza eta keinuen bidez Pizkunde bihurtutako esperantzarena.

Itxaropenerako dei hori egitera gatoz berriro Arantzazura, Pizkunde horren parte izandako hainbat euskaltzale lagun hartuta. Euskaltzaletasunaren itxaropena zabaltzera, euskaltzaleon garaia dela esatera.

Baina itxaropena ez da zain egotea. Itxaropena, euskaltzale horiek denek erakutsi diguten bezala, egitea da. Beraz, ekiteko garaia da. Azken hamarkadetan egindako bideari zintzo begiratu eta ondo zein gaizki egindakoetatik ikasi eta bide berriak abiatzekoa. Egungo erronkei kementsu heltzekoa.

Eta, jakina, euskaltzaletasuna itxaropena ez ezik, mundua ikusteko modu bat da: hizkuntza-supremazismoaren kontrako jarrera bat, hizkuntza berdintasunaren aldekoa –eta, horrenbestez, herri, kultura, hiztun komunitate eta hiztunen berdintasunarekin engaiatua–. Beste era batera esanda, euskaltzale izatea euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde egotea ez ezik, minorizatutako gainerako hizkuntza guztien alde egitea da. Azken batean, justiziarekin, berdintasunarekin eta askatasunarekin sakonki lotzen den ikuspegi bat, errotik demokratizazioarekin uztartzen dena. Mundua hain aldrebes dabilen garaiotan oinarrizko jarrera politiko bat. Arestian aipatu dugu mundua hizkuntza minorizatuen kontra datorrela, baina guk euskara eta gainerako hizkuntza zein kultura minorizatuak ditugu munduaren alde.

Halaber, asko dira euskaltzale izateko moduak. Esaterako, asko dira eurak euskararen jabe ez izan arren beren ondorengoei euskara emanez eta beste hainbat erabakiren bidez euskararen normalizazio eta biziberritzearen bultzatzaile izatea erabaki duten euskaltzaleak.

Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta berriro ere euskaltzaletasuna lehen lerrora ekarri eta euskarari Pizkunde berri bat emateko unea da. Eguneroko milaka erabaki, ekintza eta keinuren bidez, baina ahaztu gabe herritar bakarkakoen jardun horren gainetik euskararen normalizazio eta biziberritzeak ezinbesteko dituela erabaki politikoak: ofizialtasuna behar duela euskarak Iparraldean eta Nafarroa osoan, eta hesia jarri behar zaiola Araba, Bizkai eta Gipuzkoan oldarraldi judizialaren bidez gertatzen ari den desofizializazio prozesuari. Are, jauzi bat eman behar dela euskararen aldeko politika publikoetan egungo erronkei aurre egiteko. Hizkuntza-politika anbiziotsu eta sendoak behar ditugu, eta kultura denez euskarak zentzua hartzen duen salda amniotikoa euskarazko kulturaren aldeko politika anbiziotsuak behar ditugu.

Guztion esku dago horretan eragitea. Abenduaren 27an Bilbao Arenan bilduz, elkarrekin arnasa hartuz, isiotu dezagun Pizkundearen lehen txinparta. Euskara euskaltzaleen ekimenak ekarri du gaurdaino. Euskaltzaleen eskutik etorri dira pizkunde zikloak. Egin dugu iraganean eta berriro egitera goaz. Euskaltzaleon garaia da!

2025eko azaroaren 6an
Arantzazun, Euskal Herrian

BERTARATUTAKOEN ZERRENDA

Kontseiluko zuzendaritzakideak:

  • Idurre Eskisabel – Idazkari nagusia
  • Aize Otaño – AEK
  • Julen Arrizabalaga – Elkar
  • Nekane Artola – Euskal Herriko Ikastolak
  • Ainara Lasa – Berria
  • Amaia Zarrabeitia – Elhuyar
  • Jasone Mendizabal – Taupa Mugimendua
  • Joxerra Olano – IKA
  • Sebastian Castet – Euskal Konfederazioa
  • Intza Gurrutxaga – EHE Euskal Herrian Euskaraz

Euskalgintzako ordezkariak:

  • Aitor Bengoetxea – UEU Udako Euskal Unibertsitatea
  • Amaia Balda eta Ainhoa Lasa – EMUN
  • Laida Begiristain eta Marian Bidegain – Maizpide Euskaltegia
  • Haritz Azurmendi – JAKIN
  • Gotzon Gomez, Asun Elorriaga eta Gemma Telletxe – Gerediaga Elkartea
  • Joxepa Madariaga – Gerriko Elkartea
  • Maite Asensio – Hezten
  • Oli Artola – Bertsozale Elkartea
  • Errigora
  • Iñaki Marko – Eusko Ikaskuntza
  • Martin Aramendi – UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea

Erreferentziazko euskaltzaleak:

  • Kontxita Beitia – Andereñoen mugimenduko aitzindaria
  • Miren Azkarate – Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua (2001-2009)
  • Kike Amonarriz – Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari ohia
  • Mertxe Mujika – AEKko koordinatzaile ohia
  • Lorea Agirre – JAKIN aldizkariko zuzendaria
  • Paul Bilbao – Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia
  • Baionako Etxepare lizeoko ikasleak eta Azterketak Euskaraz! mugimendua

Bertaratu gabe atxikimendua eman duten erreferentziazko euskaltzaleak:

  • Mari Karmen Garmendia – Hizkuntzalaria eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura Sailburu izana (1995-2001)
  • Paulo Agirrebaltzategi – Jakin pentsamendu aldizkaria sortu zuen taldeko kidea
  • Sagrario Aleman – Euskaltzain osoa eta helduen euskalduntze-alfabetatze eremuko aitzindaria
  • Xabier Euzkitze – Kazetari ezaguna
  • Anjeles Iztueta – Matematikaria eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izanak
  • Martxelo Otamendi – Egunkaria-ko eta Berria-ko zuzendari ohia
  • Edurne Brouard – Helduen euskalduntze-alfabetatzeko erreferentea
  • Jakes Bortairu – Iparraldean euskararen aldeko milaka borroketan engaiatuak
  • Juan Kruz Lakasta – Kazetaria eta Iruñerriko Euskalerria Irratiko koordinatzailea


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!