[PIZKUNDEA] Ekitaldiko hitzartze guztiak
Abenduaren 27an milaka euskaltzale elkartu ginen Bilbao Arenan. Hemen jaso ditugu euskalgintzako ordezkariek egindako hitzartze guztiak.

LOREA AGIRRE ETA MARTXELO OTAMENDI
Euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gaude. Etorkizuna jokoan dago.
Ez izan dudarik, askoz nahiago genuke dena ondo doala esatea, adieraztea indarrez beteta aurrera doala euskararen normalizazio eta biziberritzea. Baina, zoritxarrez, eguneroko bizi esperientziak ez ezik, datu eta joera soziolinguistikoek besterik erakusten digute.
Batzuk aipatzearren: Ipar Euskal Herrian biztanleriaren proportzioan hiztunak galtzen ari da oraindik euskara; Nafarroan hamar ikasletik seik ez du euskararekin harremanik; Euskal Autonomi Erkidegoan erabilera apaltzen ari da eremu euskaldunenetan. Orokorrean, Euskal Herri osoan, behera doa euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen garen hiztunon kopurua.
Gainera, azken proiekzioek larritasunerako arrazoiak areagotu dituzte. Siadecok Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen enkarguz egindako proiekzio demolinguistikoaren arabera, esku hartze sendorik egin ezean, hamar urteko epean, jada ez da arnasgune beterik izango. Hau da, normaltasunez euskaraz bizi daitezkeen eremuak galtzear da euskara; normaltasunez bizitzeko eremuak galtzear gaude euskal hiztunak. Hamar urtean!
Erantsi horri guztiari egungo munduak ekarri dizkigun zailtasun berriak. Globalizazioaren muturreko aldaera hau- indibidualismoa, deserrotzea, bizitzaren digitalizazioa eta merkantilizazioa ezaugarri dituena- hizkuntza minorizatuen kontra dator. Oro har, boteretsuak are eta boteretsuago egiten ditu; eta, alderantzira, ahultasun egoeran dauden kolektiboak are eta zaurgarriago. Hizkuntza nagusien hegemonia indartzen ari da minorizatutako hizkuntzen kaltetan. Hau da, hizkuntza aniztasuna eta hiztunen berdintasuna erasanez. Testuinguru honetan, katalanek eta galiziarrek ere adierazi dute gure aurretik larrialdi linguistikoan daudela.
Tamalez, ez da hor amaitzen larritasunen soka. Izan ere, XXI. mendearen lehen laurdena osatzear dugun 2025 honetan, euskarak gabezia larriak ditu estatusari, zoru juridiko-politikoari dagokionean. Euskara ez da ofiziala Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa gehienean.
Euskaldunok ez dugu nor izatearen gutxieneko aitortzarik gure lurraren zati handi batean.
Eta erreparatu diezaiogun Euskal Autonomi Erkidegoan gertatzen ari denari: oldarraldi judizial bortitz eta etengabe bat, sententziaz sententzia, euskararen desofizializazioa eragiten ari dena. Debeku garai betean gaude, euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen digute. Euskara betirako minorizatuta nahi dutenen pentsamendua eta arauak ari dira inposatzen. Nahiko genuke gauzak ondo doazela esatea, gaurko bilgune hau biziberritzean aurrera goazela ospatzeko izatea. Baina hori geure burua engainatzea litzateke; geure komunitateari gezurra esatea; gizarteari iruzur egitea. Etorkizuna jokoan dago.
Baina hau ez da lantu bat. Ez da etsipenerako dei bat.
Euskara eta euskal hiztun komunitatea lehenago ere izan dira larrialdian. Izan dugu aurretik ere etorkizuna jokoan. Adibidez, 1924an, lehendabiziko Euskararen Eguneko agiria, abisu honekin hasi zuten Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaleen Biltzarrak: “Eri gaizki da euskara, hil-hurren ezpada ere”. Hil edo biziko egoera hartaz ohartzea izan zen euskarari lehen Pizkundea eragiteko abiaburua.
1976an, Franco hil berritan, “euskara putzu sakon eta ilun bat zen” idatzi zuen Gabriel Arestik eta Urkok kantatu. Euskara putzu sakon eta iluna, galtzeko zorian berriro ere. Etorkizuna jokoan. Baina badakigu nola segitzen duen kantuak: “eta zuek denok ur gazi bat atera zenuten, handik nekez”. Nekez, baina Pizkunde oso bat elikatzeko ur gazia atera zuten, atera genuen.
Guztia debeku zen garaian sortu baigenituen ikastolak, helduentzako gau-eskolak, batua, kantagintza berria, literatur sistema garaikidea, euskaran ardaztutako kultura bat…
Guztia ilun eta nekeza zen garaian Euskal Herrira etorri berriak ziren asko eta asko euskararen kide egiten asmatu genuen. Eta hortik aurrera sortu ditugu hedabideak, ezagutza soziolinguistikoa, hizkuntza baten normalizazio eta biziberritzerako baliagarri diren estrategia eta tresnak… Hizkuntza batek ezinbestekoa duen ekosistema, kultur unibertso oso bat.
Horri guztiari esker azken hamarkadetan aurrera egin du euskarak, aurrera egin dugu euskaldunok. Garai hartako aurreikuspenak itzulikatu eta hiztunak irabazi ditugu. Orduko aurreikuspenen kontra une honetan oraindik euskara bizirik dago Maulen, Garazin, Baionan, Iruñean, Donostian, Gasteizen, Bilbon. Bizirik dago Eskiulan eta Lanestosan, Angelun eta Tuteran. Bizirik kale, etxe, ikasgela, lantoki, oholtza eta pantailetan. Oraindik bizirik milaka euskal herritarren gorputzetan.
Baina nekez neke, haize kontra beti. Eta, aldian-aldian, euskara minorizatuta nahi dutenen oldarra jasotzen. Ederki dakigu horren berri.
Orain, Loreak azaldu duen bezala, kontrako enbata gogortu egin da berriro. Tresna berriak behar ditugu, jauzi bat hizkuntza-politiketan. Behar ditugu ezagutza orokortzeko eta erabilera normaltasunez posible egiteko plangintza anbiziotsu eta ausartak, eta aurrera eramateko arau eta baliabideak.
Baina, bereziki, behar dugu hori guztia eragiteko indarra. Etorkizuna jokoan izan den aurreko garaietan bezala bezala, guk denok, gutako bakoitzak, eta guztiok elkarrekin, ur gazi bat ateratzea. Euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzea.
Euskaltzaletasuna gaur eta hemen itxaropena da. Gaurtik euskarari Pizkunde berri bat ematea, etorkizun hobe bat sortzea.
Nekeziaz beteriko historia da gurea, baina nekez adina bizi indar eta kemenez. Etorkizuna jokoan den honetan, denon artean, emango diogu beste Pizkunde bat euskarari. Euskaltzaleon garaia da!

AIZE OTAÑO ETA SÈBASTIEN CASTET
Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendaritza batzordea
Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendaritzaren izenean, arratsalde on eta eskerrik asko Euskal Herri osotik etorritako euskaltzale guztiei!
Euskalgintzaren Kontseilua bilgune handi bat da. Euskararen normalizazio eta biziberritzean aritzen garen gizarte ekimeneko eragileen bilgune nagusia. Kontseiluan batzen gara euskaltegiak, hezkuntzako eragileak, lan munduaren euskalduntzean gabiltzanak, erabileraren aktibazioan ari direnak, kontzientziazioaren lanketan, kultur eremukoak… Euskalgintza askotariko eta zabalaren bilgunea da Kontseilua. Euskal Herri osokoa.
Egiaz da askotarikoa eta zabala Kontseilua. Batetik, Euskal Herriaren zatiketa administratiboak eragindako jokaleku desberdinak barne biltzen ditugulako. Bestetik, eragile bakoitzaren ezaugarri eta ibilbide propioak, ikusmolde eta jokatzeko moldeen aniztasuna dakarrelako. Etengabeko barne ariketa da eragile guztien arteko adostasuna bilatzea. Konplexutasun horrek ematen dio aberastasuna eta indarra Kontseiluari.
Azken urteetan, adostasun handi bat nagusitu da Kontseiluan: orain arteko hizkuntza-politikek eman dutela eman beharrekoa. Suspertze zikloa agortuta, atzeraldiaren arriskua handia da. Larrialdian gaude. Jauzi bat behar da hizkuntza-politiketan. Paradigma aldaketa bat. Minorien babeserako ikuspegiarekin egindako politika publikoak atzean utzi, eta euskara herritar guztiengana hedatzeko, gizartean orokortzeko, anbizioa duen hizkuntza-politika ausarta. Hori da egungo munduan euskarari etorkizuna bermatzeko bidea. Eta, aldi berean, justizia sozialean eta gizarte kohesioan sakontzekoa.
Paradigma aldaketa horren parte da euskarak Euskal Herri osoan ofizialtasuna eskuratzea. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian koiuntura politikoaren menpe eta saihesbideak bilatuz ari gara beti. Ofizialtasuna ez da hitz bat, ez da eslogan bat, euskararen normalizazioan aurrera gutxieneko segurtasun eta iraunkortasunez egiteko bidea da. Euskalgintzaren Kontseilutik dei zehatza egiten dizuegu agintariei eta indar politikoei: jaso ezazue zuen bide-orrietan ofizialtasuna. Euskarak ofiziala izan behar du Euskal Herri osoan. Eta anartean bultzatzen diren neurri eta politikek izan dezatela horren anbizioa.
Hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteak oinarri berriak eskatzen ditu. Esaterako, zeharlerrotasunez aritzea. Etxebizitza politikak euskaran eragiten du, lurralde politikak ere bai; politika ekonomikoak, genero politikek, zer esanik ez hezkuntzak eta kultur politikak… Ezinbestekoa da ildo horietan denetan zeharlerrotasunez euskararen alde egitea, bestela euskararen kontra egiten baita.
Ezagutza orokortzea eta erabilera normalerako baldintzak sortzea dira ezinbesteko beste bi oinarri. Normal erabili ahal izateko ezagutza orokortu behar da, eta, aldi berean, erabilera da ezagutza orokortzeko bidea. Hori bideratuko duten politika publikoak behar ditugu, eremu administratibo bakoitzetik abiatuta eta progresibotasunez.
Badakigu zeintzuk diren tresnak: irakaskuntzan euskara orokortzea; helduentzako euskara doakoa ez ezik, irisgarria izatea; migratuei harrera euskaratik egingo dien plan bat abian jartzea, urgentziaz; erabilera aktibatzeko berariazko ildoak lantzea; euskaraz aritzen diren kulturgileei lanerako zirkuitu egokiak eta baldintza duinak eskaintzea; euskarazko hedabide sistema indartzea; ingurune digitala erdigunera ekartzea; arnasguneetarako politika propioak abiatzea; eremu sozioekonomikoan euskara normalizatzeko plangintza, baliabide eta arauak ezartzea…
Euskalgintzako eragileok prest gaude hizkuntza-politiketan eman beharreko jauzi horretan botere publikoen eta indar politikoen lagun izateko. Besoak zabalik ditugu elkarlanerako. Azken hamarkada luzeetan normalizazioaren garraiatzaile nagusietakoak izan gara. Sarritan baldintza prekariotan, baina beti euskararekiko eta gizartearekiko konpromisoa ipar. Euskarari etorkizuna emateko ezinbestekoak dira euskalgintzak metatutako ezagutza, giza kapitala eta engaiamendua. Eta, jakina, euskalgintzako eta kulturgintzako eragileoi horren aitortza egitea.
Gaurtik ari gara etorkizuna egiten. Datozen hilabeteetan plazaratuko ditugu hemen laburbildu ditugun proposamenen zehaztasunak. Mahai gainean jarriko ditugu helburu eta bide-orri xehe eta egingarrietara ekarrita erronka hurbilenak. Orain arteko konpromiso beraz heltzen diogu ziklo berriari, Pizkundearen txinpartari. Euskaraz bizitzeko behar den dena sortzeari! Euskaltzaleon garaia da!

IDURRE ESKISABEL LARRAÑAGA
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Hala ere… Hala ere… Halaxe kantatzen zuen gaur 20 urte hildako Lurdes Iriondo handiak… Hala ere… hau da gure etxe bakarra… Dudarik gabe, etxe ederra osatu dugu gaur Miribillan… Mila esker zuetako bakoitzari, Euskal Herri osoko hainbeste lekutatik etorrita etxe eder hau, bilgune bero hau, osatu duzuelako.
Horixe baita azken hilabete luzeetan han eta hemen eragile eta norbanako askorekin izan ditugun elkarrizketetan jaso duguna: euskararen inguruko kezka eta euskaraz bizitzeko ahaleginak dakarren nekezia bakardade handiz bizi ditugula. Umezurtz. Isilik eta gure baitarako.
Elkarguneen premia adierazi digu jendeak. Elkarguneak erabileraren eta gaitasunen apaltzeak edota erronka berriek sorturiko kezkak partekatzeko. Euskararen aurkako oldarraldiak eragiten dien minaz hitz egiteko. Hiztun gisa, herritar gisa, jasaten ditugun eskubide urraketak isilean gorde ordez lasai adierazteko.
Elkarguneak, horren guztiaren aurrean elkarrekin arnasa hartzeko, elkar elikatzeko, elkar hauspotzeko. Elkarguneak euskaltzaletasuna adierazteko eta bizitzeko. Beraz, berriro ere, eskerrik asko!
Euskalgintzaren Kontseilua aspalditik ari da elkarguneen bila. Izan ere, argi dugu euskararen normalizazio eta biziberritzea gizarte eraldaketa prozesu sakona dela.
Euskara minorizatutako hizkuntza bat da. Aspalditik, mendeetan. Egun munduan bost hizkuntza nagusien arteko bi diren espainiera eta frantsesaren artean gutxiagotua. Hizkuntzen galera prozesuak ez baitira berez, euria edo elurra egiten duen bezala, gertatzen. Aitzitik, haien kontrako botere harremanen eta erabaki politikoen ondorio dira. Jendeak ez du bere gustu eta erabakimen pertsonal hutsez abandonatzen egituratu duen hizkuntza, nortasuna, komunitatea eta munduaren ikuspegi bat eman diona. Hizkuntza galera prozesuak milaka pertsonen gorputzetan barna gertatzen dira, mendeetan milaka laguni identitatearen funtsa, ezagutza eta kultura ukatuz, mendeetan milaka lagun deserrotu eta pobretuz. Egiturazko arazo bat da euskararena.
Horregatik, euskararen normalizazio eta biziberritzeak eskatzen du gizarte aldaketa handi bat: eskatzen du botere harremanen aldaketa sakona. Tira, euskarak baino, euskal hiztun komunitateak, euskaldunok. Hizkuntzak ezer gutxi baitira abstrakzioan. Hizkuntzak gugan gorpuzten dira, hizkuntza hiztunak dira; euskara gu eta beste milaka eta milaka herritar gara.
Beraz, aldaketa hori sakona eta iraunkorra izan dadin ezinbestekoa da oinarri sozial zabal baten bultzada. Adostasun horixe lantzen aritu gara azken urteetan Euskalgintzaren Kontseiluan, Batuz Aldatu dinamikaren bidez. Euskararen auzia, edo egokiago esanda, hizkuntzen auzia, ez baitagokio euskalgintzari bakarrik.
Azken bost urteetan Euskal Herri osoko eragile sozialekin landu dugu euskarak etorkizuna izan dezan hizkuntza-politiketan eman beharreko jauziaren noranzkoa. Hezkuntzan aritzen diren eragileekin, enpresekin, elkargo profesionalekin, kirol taldeekin, kultur elkarteekin, pentsiodunen mugimenduarekin edota mugimendu feministarekin. Euskal gizarte askotariko eta zabalaren ordezkaritza esanguratsuarekin.
Zehatzago: ehundik gora gizarte eragileren ordezkaritzan Athletic, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, AEK, Eusko Ikaskuntza, Taupa Mugimendua, Nafar Ateneoa, Mondragon Korporazioa, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Agirre Lehendakari Center eta Euskal Kontsumitzaileen Alkartasunak urtebetetik gorako elkarrizketa prozesu aberats eta konplexua eraman dute aurrera, euskarak etorkizuna izan dezan ezinbestekoa den jauziaren nondik norakoa definitzeko.
Prozesu horren emaitza da Itun Soziopolitiko Berrirako Eskaintza.
Argiak dira proposatzen diren oinarriak: batetik, herritar denak euskararen jabe izango diren Euskal Herri bat hartzea helburu. Ezagutza orokortzea. Ezagutza orokortzea baita euskara normal erabili ahal izateko baldintza. Eta euskara normal erabiltzeko baldintzak sortzea ezagutza orokortzeko bidea.
Ezagutza orokortzeak esan nahi du euskal herritar denen eskura jarri behar direla euskararen jabe egiteko tresnak: hezkuntzan, euskara gutxien duenari gehiago emanez. Helduen euskalduntze-alfabetatzean doakotasuna ez ezik, euskaltegietako ordutegi eta metodologiak guztientzako irisgarri eginez. Lanean liberazioak eskainiz. Hainbeste euskal herritar berri ditugun honetan indar bereziz harrera plan guztietan euskara txertatuz. Eta, jakina, leku bakoitzean zein egoeratatik abiatzen garen aintzat hartuz eta progresibotasunez.
Baina euskararen ezagutza orokortzeak, baita ere esan nahi du, baldintza horiek denak beteta konpromiso zibikoaren baitakoa dela euskaraz jabetzea. Eta gizartean duten erabakimen eta eragin gaitasunetik erakundeei eta indar politikoei dagokiela hala izan dadin bultzatzea eta bermatzea.
Erabilera normalerako bidean, berriz, ezinbestekoa da hartarako baldintzak sortzea: esaterako, hiztun komunitatea ahaldunduz, eta, halaber, berariazko esku hartzeak eginez: arnasgune geografikoetan politika propioak aurrera eramanez eta, era berean, arnasgune soziofuntzionalak orokortuz.
Hauek dira, oso laburbilduta, hizkuntza-politikan eragiteko itun soziopolitiko berriaren eskaintzan jasotzen diren oinarri nagusiak. Etorkizuna jokoan dagoen honetan euskara eta euskal hiztun komunitateari bizirik jarraitzeko aukera emango diotenak.
Baina ez hori bakarrik. Oinarri hauek dira gure gizartearen hizkuntz auziarekin daukagun korapiloa askatzeko tresnak. Justizia sozialean eta gizarte kohesioan sakontzeko bidea jasotzen da hemen, bizikidetzan eta demokratizazioan aurrera egitekoa.
Eta hala ulertu dute Euskal Herri osoko eragile ugarik. 110 sinatzailerekin hasi genuen bidea, baina irail amaieran itun soziopolitiko berrirako eskaintza hau plazaratu genuenetik, beste 30 batu zaizkigu, tartean Euskal Herriko Unibertsitatea edota Deustuko Unibertsitatea. Hizkuntza-politiketan eman beharreko jauziaren inguruko adostasuna handia da. Baliatu dezagun lehenbailehen euskarari Pizkunde berri bat emateko.
Baina, dudarik gabe, euskarari etorkizuna emateko zerbait baldin bada ezinbestekoa euskaltzaletasunaren indarra da. Lehenago ere, euskara kinka larrian izan denetan euskaltzaletasunak biziarazi du, euskaltzaletasunak eman dio Pizkundea. Milaka jendek, milaka herritarrek, bakoitzak bere ardura eta eragin gaitasunetik suspertu dute euskara. Oraintxe bete dira 50 urte Franco hil zela. Pentsa zer zen frankismo betean etxeetan euskarari eustea, seme-alabak ikastola klandestino haietara eramatea, gau-eskoletan aritzea… Zigor eta mehatxuei aurre eginez milaka herritarrek egin zituzten halako hautuak… Giro ilun hartan hasitako Pizkundeak ekarri gaitu bizirik gaurdaino.
Orain, aro berri bati ekin behar diogu egungo mundu honetan euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizirik eta sendo iraungo badugu. Mundu hau hizkuntza minorizatuen kontra baitator. Are eta gehiago, hainbeste lekutan hainbeste eskubide eraisten ari den olatu erreakzionaria orokortzen ari den honetan. Gero eta bortitzagoa den euskararen aurkako oldarraldia olatu erreakzionario horren parte da: langileen, emakumeen, arrazializatuen, migratuen eta beste hainbat kolektibo azpiraturen kontra datorren olatu erreakzionarioaren parte. Euskara eta euskal hiztun komunitatea betirako gutxiagotuta nahi gaituztenen enbata.
Horren aurrean, euskaltzaletasuna itxaropena da. Euskarari etorkizuna emateko itxaropena, hizkuntza aniztasun eta berdintasunari eusteko itxaropena, herriena eta kulturena, mundu bizigarriago batena. Ez dezagun ahaztu: mundua euskararen kontra dator, baina guk euskara dugu munduaren alde.
Bakoitzak gure leku eta aukeretatik, beraz, badugu euskaltzaletasuna indartzeko aukera. Askotarikoa eta zabala da euskaltzaletasuna. Era asko dago euskaltzale izateko, baita euskararen jabe izan gabe ere. Euskaltzaletsuna lehen lerrora ekartzeko unea da. Erabil dezagun, ikas dezagun, eman dezagun gure gaitasuna indartzeko urratsa, transmititu dezagun, lehenetsi dezagun euskaratik eta euskaraz egindako kultura, sor dezagun gure kulturgileek duin bizi ahal izateko ekosistema, gure esku ere badago eta… Baina, baita ere, adieraz ditzagun gure kezka eta deserosotasunak: esaterako, jo dezagun Hizkuntz Eskubideen Behatokira gure eskubideak urratzen direnean, ez dezagun urraketarik normalizatu. Hitz egin dezagun lagunartean, ikastetxeetan, lantokietan honi guztiari buruz. Uler dezagun zer gertatzen zaigun, non dauden korapiloak. Bozka erabaki aurretik irakur ditzagun alderdiek hizkuntza-politikaz egiten dituzten proposamenak… Ez gaitezen isilik geratu.
Eta, batik bat, antolatu gaitezen. Antolatu gaitezen euskalgintzak hartarako proposatzen dituen erakundeetan, Taupa mugimenduan, herriko euskara elkartean edota Euskal Herrian Euskarazen, esaterako. Baina antolatu gaitezen euskaltzaleok lantokietan, ikastetxeetan, kirol eta kultur elkarteetan, gazteetxetan, elkarte gastronomikoetan… eta bultzatu ditzagun horietako bakoitzean jarrera eta jokabide euskaltzaleak.
Antolatu gaitezen, eta elkarrekin isiotu ditzagun han eta hemen euskaltzaletasunaren txinpartak, euskarari berriro ere Pizkunde bat emateko. Euskaraz bizitzeko behar den dena eskuratzeko.
Bide horretan, proposatzen dizuegu datorren ekainaren 13an Iruñea izatea euskaltzaleon bilgunea. Bitartean piztuko ditugun txinpartak elkarren ondoan jartzeko. Berriro ere elkarrekin arnasa hartzeko, elkar elikatzeko, elkar hauspotzeko. Guztion beharra du euskarak, guztion beharra du Pizkundeak!
Bilbon, 2025eko abenduaren 27an.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
