Europako parlamentuan Hizkuntza Eskubideen Protokoloaren aurkezpenak harrera ona izan du
Gizarte eragileek osatuko duten Hizkuntza Eskubideen Protokoloa erakunde guztientzako tresna izango dela nabarmendu du Kontseiluak Europako Parlamentuan
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan, Kontseiluak eta Donostia-San Sebastián 2016EU Fundazioak sustaturik, 2016ko abenduan aurkeztuko duten Hizkuntza Eskubideen Protokoloak harrera ona izan du Europako Parlamentuan.
Gaur goizean, Jordi Sebastiá Gutxiengo Tradizional, Komunitate eta Hizkuntza Nazionalen Europako Parlamentuko Intergrupoko lehendakariaren eskutik, eta UNPO Protokoloaren proiektuko Talde Antolatzaileko kide denak antolaturik, gosari aurkezpena egin da Europako Parlamentuan.
Bertan Paul Bilbaok Kontseiluko idazkari Nagusiak, Protokoloa osatzeko martxan jarri den prozesuaren aurkezpena egin du. Izan ere, Hizkuntza Eskubideen Protokoloak bere erroak Europako gizarte eragileetan du oinarri. Haiek izango dira 1996ko Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean oinarrituz, Europa osoko hizkuntza berdintasuna bermatzeko tresna eraginkorra osatu eta aurkeztuko dutenak.
Hizkuntza Komunitateen eskubideak aintzat hartuz, desabantailan dauden hizkuntzak dagokien tokian ezarriz, Protokoloak bide bat eskainiko du Europan elkarbizitza eta bakea egonkortzeko. Gizarte eragileak eta herritarrak izango dira prozesuaren abiapuntu eta helburu. Azken finean, gizarte demokratiko bat osatzeko oinarriak.
Horregatik, Kontseiluak gaur egin duen ekitaldian, instituzio eta maila guztietako erakundeei Protokoloak duen garrantziaz jabetu nahi izan die. Izan ere, Europako Parlamentuan egitasmo honen berri emanez, elkarbizitza eta bakerako proiektu honek duen garrantzia nabarmentzeaz gain, instituzio horrek beste hainbatek bezala duten ardura adierazi nahi izan du Euskararen Gizarte eragileen ordezkaritzak.
Europako Parlamentuak eta maila guztietako erakundeek gizarte demokratiko baten eraikuntzan ardura dutelako eta bide horretan Europako hizkuntza komunitateak berdintasun egoerara iristea baitezpadakoa delako, gizarte eragileen ahotsa entzun dezaten eta martxan jarri duten prozesu parte hartzailearen bitartez osatuko duten Protokoloa aintzat hartu dezaten eskatu du gaur Paul Bilbaok Kontseiluko idazkari nagusiak Europako Instituzioan.
Kontseiluko ordezkaritzak bestalde ELEN (Europako Hizkuntza Berdintasunaren aldeko Sarea) erakundearekin, hau ere proiektuko Talde Antolatzaileko kide dena, eta Flandriako gizarte eragileen ordezkaritza zabaleren aurrean proiektuaren aurkezpena egin zuen atzo arratsaldean Bruselan bertan. Harrera bikaina izan zuen. Izan ere Flandriako hizkuntza eragileek prestutasun osoa adierazi zuten proiektuarekin aurrera egiteko eta Protokoloa osatzen laguntzeko.
Europako Batasuneko hiriburuan dagoen Kontseiluko ordezkaritzak aurkezpen hauetaz gain gizarte zibileko eragile ezberdinekin biltzeko asmoa du proiektua azaltzeko eta parte hartze ahalik eta zabalena lortzeko.
Iruzkinik ez "Europako parlamentuan Hizkuntza Eskubideen Protokoloaren aurkezpenak harrera ona izan du"