Legegintzaldi berrian jauzia egiteko proposamena aurkeztu du kontseiluak

2019ko maiatzaren 13a Iruzkinik ez

Hauteskunde-kanpainaren baitan aurkeztu du Kontseiluak
Iruñean hizkuntza-politika berrirako bide-orria

 

Ez-ohiko ekitaldia antolatu du gaur goizean Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAk Iruñeko Erraldoien txokoan “Hainbatek galdetu digute zergatik antolatu dugun kanpainaren erdian zerbait, erantzuna xinplea izan da: hizkuntza-eskubideen afera erdigunera ekarri behar delako” azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Hiru herritarren testigantza jaso nahi izan dituzte ekitaldian. “Oraindik UPNren Gobernuko inertzietan oinarritzen diren neurriak hartzen jarraitzen da, eta iruditzen zaigu legegintzaldi berriaren hasieran inertzia horiei amaiera eman beharko lieketela alderdiek” esan du Bilbaok.

Horrela, legeak ezarritako eremu euskalduneko herritar bati mediku euskalduna ez izateak eragiten dizkion kalteak; azken urteotan atzerriko hizkuntzei euskarari baino puntuazio handiagoa emateak sortu dituen bereizkeriak; eta urte luzez D eredua lortzeko borrokan izan diren gurasoei orain PAI programa jartzeko derrigortasuna izan dituzte hizpide testigantza eman duten herritarrek. “Beti esan izan dugu hizkuntza-politikek eragin zuzen-zuzena dutela herritarrengan; Nafarroan oraindik gertatzen diren bidegabekeriei aurpegiak jarri nahi izan dizkiegu gaur” aipatu du Kontseiluko eledunak.

Hartara, legegintzaldi berriaren hasieran nahitaez konpondu beharrekoak azaltzeaz gain (euskara beste hizkuntzak baino gutxiago ezin baloratzea, D ereduko ikastetxei PAI programa jartzeko derrigortasuna kentzea, irakaskuntzan zerrenda bakarra abian jartzea eta euskarazko lanpostua duten langileei beste lanpostuetara lekualdatzeko eskubidea bermatzea), Kontseiluko arduradunak hizkuntza-politika berrirako bide-orria azaldu du.

“Hamabost proposamen zehatz biltzen ditu gure ekarpenak, eta proposamen bakoitzaren barruan neurri zehatzak jartzen saiatu gara. Hain zuzen ere, hurrengo legegintzaldian neurri horiek noiz abiaraziko dituzten erabakitzea besterik ez dute egin beharko Gobernuan” azaldu du Kontseiluko ordezkariak.

Corpus juridikoari dagokionez, lege berriaz gain, administrazioa euskalduntzeko dekretua berritzea ere eskatu du, izan ere, berriki onartutakoak ez dizkie beharrak ezartzen instituzioei, eta, ondorioz, herritarren eskubideen bermea borondatean oinarritzen da.

Hiztunei dagokienez, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ereduaren beharra eta helduen euskalduntzearen doakotasuna ere jasotzen dira Kontseiluaren proposamenean.

Hiztunez gain, hurrengo legegintzaldiko politikak euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten espazioak eta tresnak ere izan beharko ditu kontuan: eremu sozioekonomikoa, kultura, ingurune digitala, hedabideak, aisialdia… “Proposamen integrala egiten saiatu gara, euskaraz bizi nahi duten herritarrei erantzun integrala emateko” adierazi du Bilbaok.

Neurri guztiak aurkeztutakoan, Kontseiluko eledunak elkarlanerako deia egin du: “Legegintzaldian Kontseiluak erantzukizunez jokatu du Gobernuarekiko, geu ere aldaketaren parte sentitzen ginelako. Etorkizunean erantzukizun bera izateko asmoa dugu, baina dei egiten diegu alderdi politikoei ere erantzukizunez joka dezaten” esan du.

KONTSEILUAREN PROPOSAMENA

 

Etiketak: