Normalizazioa erdiesteko epeak zehazteko garaia da

2016ko irailaren 13a Iruzkinik ez

euskaraz-bizi-nahi-dut-logoa

PSE-EEk atzo sarean zabaldutako bideoaren aurrean KONTSEILUAk benetako eztabaida saihestu nahi izana leporatu dio alderdiari, eta interes politiko zehatzak asetzeko gezurrak zabaltzea zilegia ez dela gaineratu du.

KONTSEILUAk betidanik aldarrikatu du hizkuntza-politikaren gaiak zentralitatea hartu beharko lukeela hauteskunde-kanpainetan, finean, herritarrok jakin behar dugu gure eskubideen bermerako zer-nolako proposamenak egiten dituzten alderdi politikoek. Halere, elementu faltsuekin eraikitako aldarrikapenen xedea sakoneko gaia desitxuratzea besterik ez da.

Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok jakin nahi dugu zein asmo duen alderdi bakoitzak gure bizi nahia errealitate bihurtzeko, alegia, zein epetan aurreikusten duten euskaraz bizitzea errealitatea izango dela, noizko izango den doakoa euskara ikastea, noiz izango duten pediatra euskalduna… Galdera horiei erantzun behar diete alderdiek, hain zuzen ere, herritarren eskubideak bermatzea zein epetan aurreikusten duten. Tamalez, galdera horiei ez diete erantzun nahi izan.

Arbuiagarria ere bada horrelako mezuak helduen euskalduntzearen matrikulazio-kanpainaren erdian kokatzea, eta hori bai da alderdikeriaz jokatzea. Egunotan milaka herritar erabakitzen ari da euskaraz ikasteko urratsa egitea, eta horrelako mezuek herritarrak uxatu besterik ez dituzte egiten.

Azkenik, Kontseiluak aurreratu du hurrengo astean hauteskunde-kanpainaren baitan ekitaldia antolatuko duela, hain zuzen ere, hurrengo legegintzaldian euskararen normalizazio-prozesuak izan beharreko ezaugarri nagusiak eta proposamenak zabaltzeko.