Tripontziak 102.000€ utzi ditu Urduñan

2018ko urtarrilaren 15a Iruzkinik ez

Zenbaki saridunaBadugu Tripontzia Urteberriko Sariaren zenbaki sariduna: 09550! 60.000 euroko sari nagusia zenbaki horren ‘Zuberoa’ serieak irabazi du. 6.000€-ko sariak eramango dituzte, zenbakiaren gainerako serieak dauzkatenek: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Diaspora.

Goizeko 09:30ean egin da zozketa, Beasainen, notarioaren aurrean, eta datozen orduetan espero da irabazleak lokalizatzea. Boletoa Urduñan (Bizkaia) saldu zela jakin da; hori dakigu oraingoz. Otsailaren 17an banatuko ditugu sariak, Urduñan bertan 09550 zenbakia saldu den leku berean.

Tripontzia Urteberriko Saria aurten jaio den egitasmoa da, epe luzera begira sortutakoa. Proiektuak garatzeko eredu berri bat sortzeko anbizioarekin sustatu dute Tripontzia Gure Esku Dagok eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Hain zuzen, lurraldetasuna eta euskal komunitatea bere osotasunean aintzat hartzen duen formatu honetako lehen zozketa da.

Azken hilabeteotan Euskal Herri osoan saldu da Tripontzia, saltokietan, tabernetan nahiz kalean, 5 euroan, eta jasotako dirua Gure Esku Dago eta Kontseilua erakundeak finantzatzeko erabiliko da, erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak eta Euskal Herrian euskararen normalizazioa bideratu eta bizkortzeko egitasmoak laguntzeko, alegia.

Bada zerbait irabazteko garaia lelopean egin da kanpaina. Eta gaur denok irabazi dugu! Zenbaki sariduna lau haizetara zabaltzen ari gara webgunean (www.tripontzia.eus), sare sozialetan, prentsan eta ahoz aho. Lagunduko diguzu?