Laudioko Udalaren hizkuntza politikaren diagnostikoa aurkeztu dute Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eta Laudioko Udalak

2024ko abenduaren 04a

Euskararen Eguna baliatuz, 2024 urtean zehar egindako Laudioko Udalaren hizkuntza politikaren diagnostikoa aurkeztu dute Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eta Laudioko Udalak. Bertan, prozesu honen bidez jasotako ondorio nagusien berri eman dute.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena izeneko dokumentua, 2016an Europa mailan garatu zen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokolotik sortua da. Hizkuntza-berdintasunaren alde eta desabantaila egoeran dauden hizkuntzen garapena bermatzeko dokumentua da aipatutako Protokoloa. Europako 30 hizkuntza komunitatetako 120 eragileren babesarekin eta Batzorde Zientifiko baten aholkuekin osatu zen. Hizkuntza-politiken alorrean inoizko adostasunik handiena lortu duen dokumentua da honako hau, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu daitezen hartu beharreko gutxieneko 185 neurri jasotzen dituena.

Kontseiluak, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena dokumentua 2019ko azaroan aurkeztu zuen eta Herriko Etxeetarako Garapena, Ipar Euskal Herrirako egokitutako bertsioa, 2020ko otsailean. Bertan udalen hizkuntza-politika modu integralean lantzeko neurriak proposatzen dira. Neurri horiek aplikatzeko beharrezkoa da udalerri bakoitzak bere egoeraren diagnostikoa egitea eta galdetegia behar horri erantzutera dator.

Galdetegia bera osatu ahal izateko eta Euskal Herri osoan baliagarria izan zedin, Uharten (Nafarroa), Arrigorriagan (EAE) eta Hendaian (IEH) esperientzia pilotuak egin ziren 2021 eta 2022 urteetan eta bertako emaitzak baliatu dira. Orain, baina, Aiaraldeko udal desberdinekin egin dute lanketa eta Laudiokoa izan da prozesua burutzen lehena.

Urtean zehar, galdetegia osatu eta Laudioko hizkuntza politikaren azterketa sakona garatu dute Udalak eta euskalgintzak elkarlanean. Ondorio nagusiak herritarrei aurkeztu zizkieten urriaren 17an egindako bilera irekian eta, bertako ekarpenak jaso ondoren, behin betiko dokumentua aurkeztu dute gaur. Bertan, Udalaren kanpo eta barne jarduera bereizi dira.

Udalaren barne jardueraren diagnostikoan ondorioztatu da, oro har, Laudioko Udalean hizkuntza politika planifikatu eta eraginkor bat dagoela ezarrita. Langileen %95k euskara maila egiaztatuta dute eta euskara doan ikasteko baliabideak eskaintzen dira lan denboran. Hala ere, hutsuneak ere identifikatu dira. Besteak beste, langile guztiek euskara jakitetik, euskaraz lan egitera igarotzea; barne formakuntzetan euskarazko eskaintza handiagotzea; komunikazio idatzian euskara bermatzetik, idatziak euskaraz sortzera igarotzea; edota lanerako euskarri digitaletan euskararen presentzia bermatzea

Kanpo jardueraren kasuan, aldiz, badago zer hobetua. Esaterako, etorri berrientzako harrera protokoloetan hizkuntzaren aldagaia txertatu behar da, kultur-programazioan ere kuota altuagoak ezarri daitezke edota eremu sozioekonomikoan euskararen aldeko neurriak ezarri.

Herritarren ekarpenei dagokionean, eragiteko lehentasunezko eremu modura harrera protokolo integral bat garatzea, kultur-programazioan euskararentzako kuota altuagoak ezartzea, hezkuntza ez-formalean eta Lanbide Heziketan eragitea, eremu sozioekonomikoaren erronka eta euskalgintzarekin elkarlanean sakontzea nabarmendu ziren urriaren 17ko bilera irekian. Era berean, datozen urteetan diagnostikoa errepikatzeko beharra azpimarratu zen, prozesuaren garapenari jarraipena egiteko.

Laudioko Udalak, dokumentua oinarri hartuta eta euskalgintzarekin elkarlanean, bere egin du herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politika eraginkor bat garatzen jarraitzeko konpromisoa.