Nafarroari buruzko ebazpena onartu du ELEN erakundeko Batzar Nagusiak Bretainian

2019ko urriaren 28a Iruzkinik ez

Roazhonen (Bretainia) izandako Batzar Nagusian epaiak hizkuntza-eskubideen bermean dakartzan murrizketez ohartarazi zuten

Europako 45 hizkuntza gutxituren alde lan egiten duten eragileen bilgune da ELEN eta estatus aholku-emailea du Europako Kontseiluan zein Nazio Batuen Erakundean. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sorreran hartu zuen parte eta hasieratik bertatik zuzendaritza-batzordeko kide da.

Kontseiluko idazkari nagusi eta ELENeko lehendakari-orde Paul Bilbaok aurkeztu zuen ebazpena Batzar Nagusian, larunbatean: “Ez da Nafarroan legeak ezartzen dituen murrizketak hizpide ditugun lehen aldia, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun beste hizkuntzetako ordezkariekin Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratutako epaia partekatzea, haien iritzia jasotzeko”.

Kontseiluko ordezkariak epaiak ezarri nahi dituen murrizketa berriak aipatu zituen, besteak beste, zerbitzu zentraletan informazioa, euskarriak eta bestelakoak euskaraz egoteko beharra ezabatu izana, edota oposizio-lehiaketetan euskararen ezagutzaren derrigorrezko balorazioa kendu izana. “Zalantzarik gabe, interpretazio murritza eginez gero, herritarren eskubideak jokoan egoteaz gain, euskararen beraren ikusgabetasuna ekarriko duela adierazi dute ELENeko eragileek”, aipatu zuen Bilbaok.

Horrexegatik, ELEN erakundeak aho batez onartutako ebazpenean, Gobernuari epaia helegiteko eskaera egiteaz gain, beste bi eskaera zehatz egin ditu: “Batetik, hizkuntza-paisaian, argitalpenetan, inprimakietan eta abarrekoetan euskararen presentzia bermatzea; eta, bestetik, zerbitzua euskaraz ere emateko gai diren langile egokiak kontratatzea”, azaldu du Kontseiluko eledunak.

Gainera, eskaera egin dio Nafarroako Parlamentuari hizkuntza-eskubideei dagokienez, indarrean dagoen egungo araudiaz hausnartzeko, herritar guztiei eskubide berdinak aitortzeko.

Azkenik, Kontseiluko ordezkariak azaldu zuen Batzar Nagusiaren bezperan Hizkuntza Eskubideei Buruzko Nazioarteko Topaketetan parte hartzeko gonbidapena jaso zuela, eta bertan Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapenaren proiektua aurkeztu zuela. “Interes handia piztu du Udal Garapenak eta aukerak ikusi ditugu 2020ko Herriko Etxeetako hauteskundeei begira, proposamen bateratua aurkezteko okzitaniarrekin, katalanekin, bretainiarrekin eta korsikarrekin”, gaineratu zuen Bilbaok.