Herritarrok euskarari bide ematen jarraituko dugu

2016ko maiatzaren 26a Iruzkinik ez

argazki-3

Bide eman euskarari manifestazioari atxikimendua eman dioten hainbat lagunek agerraldia egin dute Paul Bilbao idazkari nagusiarekin. Anabel Arraizak honako testua irakurri du bertan:

Orain dela urtebete leku honetan bertan bildu ginen euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Orduan azaldu genuen zein zailtasun topatzen genituen egunerokoan bai Nafarroako eremu ez euskalduna delakoan euskaraz ikasteko, heldutan euskara ikasteko, baita NUPen euskaraz ikasi ahal izateko, euskaraz lan egiteko, euskaraz erosi ahal izateko, medikuarenean euskaraz artatua izateko…

Baina orduan ere, azaldu genuen urte hauetan guztietan herritarrek, euskaraz bizi nahi duten, bizi nahi dugun herritarrok, euskaraz bizitzeko nahi hori egi bihurtzeko egiten den lan eskerga. horrekin batera, argi azaldu genuen herritar talde handia dagoela gure herrian euskaraz bizitzeko helburua erdiesteko determinazioz eta komentzimenduz lan egin duena, lan egiten jarraitzen duena. Zailtasunez beteriko testuinguruan irtenbideak bilatzen jakin duten herritarrak dira hauek guztiak.

Nafarroan benetako aldaketa eman zedin euskaratik eratorritako aldaketa izan behar zela aldarrikatu genuen orain dela urtebete eta hori berresten dugu orain ere. Hainbat gauza aldatu da azken urtean, hori hala da, baina oraindik ez gaude nahi eta behar dugun egoeran. Areago, erregimenari eta beren pribilegioei eutsi nahi diotenek euskararen eta euskaraz bizi nahi dugunon aurkako erasoari eutsi diote. Horregatik, beharrezko ikusten dugu lanean jarraitzea. Herritarrak izan dira urte hauetan guztietan euskararen normalizazioan bidea zabaldu dutenak eta aurrerantzean ere horrela izango da.

Ildo horretan, Euskarari bide ematen diogula erakutsiko dugu manifestazioan. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuz, helduak euskaldunduz, euskal kultura sustatuz, hedabideak gure eskura jarriz, lan mundua euskaldunduz… Eta, noski, milaka herritarrek euskaraz bizitzeko hautua eginez euskarari bide ematen diogu, eta hori erakutsiko dugu kalean, harrotasunez. Gobernuari dei egiten diogu euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dugunokin bat egin dezan, euskaraz bizitzea egingarri izateko erabakiak eta neurriak hartuz, eta aurre eginez gure duintasuna zapaldu duten horiei.

Euskaraz bizi nahi duten pertsona guztiei hortaz, dei egin nahi diegu ekainaren 4an arratsaldeko 17:30ean Golemetik abiatuko den manifestazioan parte har dezaten. Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu!

Agerraldian egon dira: Jon Alonso, Urko Aristi, Anabel Arraiza, Alberto Barandiaran, Kike Diez de Ultzurrun, Mintxo Garaikoetxea Andres Iñigo, Julieta Itoiz, Maite Lakarm Aimar Olaizola, Garbiñe Petriati, Ritxar Sanzol, Bixente Serrano eta Urko Vera.

Deialdiarekin, lagun hauek ere egin dute bat: Aingeru Epaltza, Aitor Zubieta, Ainhoa Tirapu, Dora Salazar, Maria Jesus Goikoetxea, Jabier Villarreal, Oier Sanjurjo, Santi Leone, Mikel Aranburu, Oinatz Bengoetxea, Joli Paskualena, Maite Lakar, Castillo Suarez, Reyes Ilintxeta eta Juan Kruz Lakasta.

Gizarte eragileak ere ari zaizkio ekainaren 4ko manifestazioari atxikitzen. Hauek dira momentuz jaso ditugunak: HIRU, LAB, ELA, UEMA, EHNE, Zabaldi, EH 11 Kolore, SASOIA Elkartea, ANC Euskal Herria, Etxabarrengoa KE, Habarrots Kolektiboa, Iratiko Ekoizpenak Koop., Nafarroako Dantzarien Biltzarra, Orreaga Fundazioa, CGT, ESK, STEILAS, Administrazioan Euskaraz, Ene kantak, Donibaneko Auzo Elkartea, SF 78 Gogoan, Haizea Elkartea, Sanduzelai Peña eta Irrintzi Peña. Nahi duen orok, atxikimendua eman diezaioke hemen.