“Bidea urratuz, aldaketak lortu dira”
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak “Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2015” txostena aurkeztu du Iruñean. Herritarrek bidalitako gertaeren bilduma da Behatokiko Garbiñe Petriati zuzendariak hedabideen aurrean aurkeztu duena. 2015ean ere, herritarren determinazioari esker hainbat egoerari konponbidea ematea lortu da. Txostena www.behatokia.eus webgunean ikus daiteke.
Herritarrek Euskararen Telefonoaren bidez zein Akuilari telefonoetarako aplikazioaren bidez Behatokira helarazitako gertaerek, 2015eko hizkuntza-eskubideen egoeraren argazkia eskaintzen dute. Egungo testuinguruan maiz zailtasunak aurkitzen badituzte ere, euskaraz bizitzeko nahia errealitate bihurtzeko ahaleginak aldaketak eragiten dituela eta urratsak ematea posible dela erakutsi dute herritarrek.
Euskaraz jarduteko oztopoen aurrean jarrera irmoari eutsi eta arrakastarako bidea egin dute herritarrek 2015ean ere. Hizkuntza dela eta bigarren mailako herritar gisa tratatuak izatea onartzen ez dutenak, tratu duina exijitu eta egiten duten ahaleginaren ondorioz aldaketak eragin dituztenak. Horren adibide diren kasu batzuen berri eman du Behatokiko Garbiñe Petriatik.
“Bezero batek hainbatetan egin zion eskaera Iberdrolari fakturaz gain idazki guztiak euskaraz jaso nahi zituela esanez. Bada, ekinaren ekinez, azkenean herritarrak lortu du bestelako komunikazioak ere euskaraz jasotzea”.
“Beste herritar batek, kexa hau bidali zuen Behatokira: “Baskonia taldearen Instagrameko kontuak ia gaztelania hutsean baino ez daude”. Herritarrak jakinarazitako urraketa egoera helarazitakoan, erantzun positiboa eman zuen Baskonia taldeak eta, euren lana hobetzen laguntzeagatik eskerrak eman ondoren, aldaketa egin zuen”, azaldu du Petriatik.
Uharteko Udalak ere gaztelania hutsean bidali zion herritarrari nahitaezko diru-bilketari buruzko jakinarazpena. Honek ez zuen onartu testua euskaraz ez egotea eta kexa helarazi zion Behatokiaren bitartez. Horrela erantzun zuen Uharteko Udalak: “Herritarraren kexa kontuan hartu dugu eta Agentzia Exekutiboaren jakinarazpen eredua euskaratu dugu. Horrela, hemendik aurrera elebiduna izango da”.
“Zabalganako osasun-zentroan, berriz, aurre-erditze klaseak euskaraz jasotzeko aukerarik ez zegoelako kexu zen herritarrari erantzunez, Gasteiz osorako talde bat eratuko zuela erantzun zuen Osakidetzak”.
Horrela lortu dute entitate ezberdinen webgunek euskarazko informazioa ere eskaintzea, bide-seinaleak, jakinarazpenak… euskaraz ere egitea. Alegia, “herritarrekin bidea eginez, lortu da hainbat kasutan aldaketak eragitea”, gaineratu du Petriatik.
“Euskaraz bizi nahi duen herritarra oztopoei aurre egiteko prest dagoela erakusten dute egoerok eta saiatzen dira konponbidea bilatzen, egoera hori hobetzeko zerbait egiten”, esan du Garbiñe Petriatik Behatokiko zuzendariak.
“Egunerokoan aurkitzen dituen oztopoen aurrean jarrera pertsonal aktiboa hartu eta neurriak hartzea ahalbidetzeko ahalmena erakutsiz, aurrean jartzen zaion oztopoa gainditzea lortzen dute. Saiatzen dira euskarari gero eta leku gehiago egiten, euskaraz bizitzeko xedea errealitate bihurtzen. Euskal hiztun gisa aintzat hartzen ez dituztenean aktiboki pentsatzen dute eta ez diote eskubideari uko egiten” gaineratu du.
“Hala herritar guztien eskubide guztiak bermatzeko ardura daukaten agintariek eta arduradunek, askotan, utzikeriaz jokatzen duten bitartean, euskaldun gisa bizi nahi duten pertsonek egiten duten eginahalak eta hartzen duten jarrerak emaitzak ematen ditu, aldaketak sustatzen dituzte hizkuntza portaeretan”, Behatokiko arduradunaren esanetan.
“Erdarak lehenesten diren testuinguru orokor baten baitan ematen dira egoera hauek guztiak. Urtez urte errepikatu dugun gauza bera esan beharrean gaude orain ere. Euskal Herriko eremu administratibo guztietan, estatu administrazioan, administrazio autonomikoeetan eta toki administrazioetan, arlo publikoan zein sektore sozioekonomikoan gertatzen dira urraketak”.
“Erantzukizunak dituzten pertsonak eta arduradunak, maiz, uzkur dira urraketa egoeren aurrean. Hainbatetan utzikeriaz jokatzen dute. Kritikagarria da agintarien aldetik euskaraz bizi nahi hori bermatzeko behar besteko ahalegina ez egitea”.
Amaitzeko gaineratu du “euskaraz bizi ahal izateko ezinbestekoa dela herritarren eta erakundeen konplizitatea. Izan ere, euskal hiztun gisa askatasunez eta berdintasunean bizitzeko aukera izatea ez delako kapritxoa, eskubidea baizik.”
Iruzkinik ez "“Bidea urratuz, aldaketak lortu dira”"