Nafarroako sindikalgintzak ere euskarari bide eman behar zaiola aldarrikatu du

2016ko maiatzaren 18a Iruzkinik ez

3-sindikatuak-agerraldia16-5-18ELA (Iban Gimenez), LAB (Ainhoa Diaz), STEILAS (Kepa Yecora), EHNE (Mikel Altzuart), ESK (Iratxe Alvarez), CGT (Iñaki Gorriz) eta HIRU (Jaione Ugalde) sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera. Administrazio publikoan gehiengoa duten sindikatuek euskalgintzak ekainaren 4rako egin duen manifestazioraren aldarrikapenarekin bat egin du eta bertan parte hartzeko deialdia luzatu diete euskaraz bizi nahi duten langile guztiei. Bilbaok, bestalde, elkarlanaren beharra nabarmendu du eta euskararen normalizazioan langile mugimenduaren beharra azpimarratu. Manifestazioa, 17:30ean abiatuko da Golemetatik.

Orain dela urtebete, Nafarroan aldaketarako nahia eta aldarrikapena puri purian zegoela, langile mugimenduaren gehiengoak aldaketa hori euskaratik egin behar zela aldarrikatu zuen euskalgintzaren eskaerarekin bat eginez. Euskaraz bizi nahi duen langileak benetako zailtasunak ditu bere eskubideak bermatuak izan daitezen alor sozio-ekonomikoan eta kontuan hartuz gure egunaren bi heren lanean ematen dugula, ez da makala.

Iaztik hona, Nafarroako gizarteak bultzatuta lortu da Gobernu aldaketa ematea eta hainbat egoera arintzea. Ez gaude, ordea, nahi genukeen egoeran. Euskaraz lan egin nahi dugu eta uste dugu hori bermatze aldera, berandu baino lehen beharrezkoa dela neurri ausartak hartzea. Oraindik ere, alor sozio-ekonomikoan ez da plangintzarik abiatu euskara normalizatzeko, ez alor publikoan ez pribatuan, eta honek bi kolpetako ondorio lazgarria du. Alde batetik, zerbitzua jasotzen duen herritarrak maiz ezin du zerbitzua euskaraz jaso. Bestetik, egoera zailak eta desatseginak sortzen ditu honek eta euskaldunaren kaltetan izaten da beti. Ugariak dira egunerokoan herritar gisa ezagutzen ditugun aipatu bizipenak.1-sindikatuak-agerraldia16-5-18

Baina hain maiz ez da hitz egiten zerbitzua jaso beharrean zerbitzua eskaintzen duen langileaz, “barraren beste aldeaz”. Eta horrek ere sufritzen du bere lana, bere bizitzaren zati handi bat beraz, euskaraz egin ezin duenean. Batzutan euskara ikasi nahi eta lan jardunak errazten ez diolako. Bestetan euskara jakin bai, baina lan jardunak berak eragozten diolako: gainerako lankideak erdaldunak, betebeharrak gaztelaniaz… Gazte euskaldun prestatuak garai batean ez bezala ditugu, haien derrigorrezko hezkuntza euskaraz gauzatu dutena eta euskaraz lan egiteko gaitasuna dutena. Baina espazio horretan euskarak ez duenez lekurik irabazi, haiei ere lan munduan euskaraz aritzeko aukera ixten zaie. Hori gainditu beharra dago berandu baino lehen.

Horregatik, guk ere uste dugu euskarari bide eman behar zaiola, justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako.

Manifestazioan, euskaraz bizi nahi duten herritarrekin batera, guk ere Euskarari bide ematen diogula ere erakutsi nahi dugu. Lan mundua euskaldundundu dadin gure ekarpena egiten jarraituko dugu.