Euskaldunak zigortzen jarraitzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuak
UPNk eta PSNk herritarrak euskara jakiteagatik diskriminatzen jarraitzeko egindako proposamenak aurrera egitea ahalbidetu zuten aldaketaren aldeko Izquierda-Ezkerrak eta Ahal Dugu-Podemosek.
Aurreko legegintzaldietako jokabideekin bat eginez, UPNk eta PSNk euskaldunak zigortzen jarraitzeko eskatu zuten atzoko Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran, hain zuzen ere, Gobernuari irakasleen zerrenda bakarrak egin ez ditzala eskatzeko ekimenaren bidez. Ekimena aurrera atera zen Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdien abstentzioei esker.
“Tamalez, ez gaitu harritzen UPNk eta PSNk ohiko jarrerari eustea euskaldunak bigarren mailako herritar bihurtzeko saiakeran, baina biziki tamalgarria da aldaketaren aldeko bi alderdik horrelako erabakiak aurrera ateratzea ahalbidetzea. Izan ere, atzoko bozketan abstentzioa UPNren eta PSNren eskaeraren alde bozkatzea zen. Hain zuzen ere, euskaldunak zigortzea” Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren ustez.
Nafarroan irakasleen zerrendarekin eragiten den diskriminazioa bezalakorik ez da gertatzen hizkuntza ofizialak dituzten beste autonomia-erkidegoetan, eta horrexegatik Kontseiluko ordezkariak Izquierda-Ezkerra eta Podemos-Ahal Dugu alderdietako ordezkariei galdera bat luzatu nahi die: “Nola azalduko diezue herritarrei Nafarroan bakarrik ixten dizkiezuela ateak berezko hizkuntza ezagutzen duten herritarrei?”
Legegintzaldi berri honetan aldaketa izango zela iragarri zuten Gobernua sustengatzen duten alderdiek eta Kontseiluak salatu nahi du euskarari buruzko gaiak direla Parlamentuan bozketara behin baino gehiagotan eramaten ari direnak eta, ondorioz, beste indar-korrelazioak sortzen direla. “Horrelako jardunekin aukera handiak galtzeaz gain, euskaraz bizi nahi duten herritarrei muzin egiteaz gain, aldaketa ahalbidetu zuten herritarrez ahazten ari dira. Izan ere, gogoratu nahi dugu euskaraz bizi nahi duten milaka herritarrek ere ahalbidetu zutela aldaketa Nafarroan”, gaineratu du Kontseiluko ordezkariak.
Iruzkin 1 "Euskaldunak zigortzen jarraitzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuak"