Euskaldunontzat kaltegarriak diren arauak indargabetu behar dira

2016ko maiatzaren 25a Iruzkinik ez

euskaraz-bizi-nahi-dutNafarroako Auzitegi Nagusiak Baztango euskara plana bertan behera utzi izanaren aurrean Kontseiluak bere iritzia eman nahi du.

Lehenik eta behin, salatu nahi dugu, beste behin egon den esku-hartzea. Izan ere, aurreko Gobernuak jarritako helegite bati erantzunez dator epaitegiaren erabakia. Hortaz gain, Vascuencearen legea bera eta horren garapena diren dekretuak oztopo izatea ere salatu nahi dugu. Argi dago, legea bera traba dela euskaraz bizi ahal izateko. Izan ere,  administrazioak euskaraz lan egitea galarazten du.

Horren aurrean, argi dugu euskaldunontzat kaltegarriak diren arau eta legeak berandu baino lehen indargabetu behar direla, esan bezala, legea bera baita oztopo euskararen normalizazioa garatzeko, kasu honetan administrazioaren eremuan.

Gogoratu behar dugu Baztango herritarrak euskaraz bizi direla, eremu pribatuan normaltasunez eta administrazioari dagokiola euren herritarren beharrak, nahiak eta espektatibak bete eta eskubideak bermatzea. Kasu honetan, euskaraz bizitzeko duten nahia eta eskubidea.

Horrelako erabakiekin euskaldunoi duintasuna kendu nahi digute. Guk, ordea, gure eskubideak defendatzeko irmotasunari eutsiko diogu. Ildo horretan, egun indarrean dagoen Gobernuari esan nahi diogu lege berriak, egokiak, egiteko bideari ekin behar diola. Euskaldunoi euskaraz bizitzea ahalbidetuko dutenak

Bestetik, Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren aurkakoa da. 7.3 Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunean euskara eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza gisa izendatua da, eta, bere 7.2 artikuluan xedatzen duen bezala, euskara lehentasunez erabiltzeko neurriaren helburua da euskara erabiltzen dutenen eta gainerako herritarren arteko berdintasuna bultzatzea edo hiztun horien egoera partikularrak aintzat hartzea. Gogoan izan behar da Europako Kontseiluak 1992ko azaroaren 5ean emandako arau hori Espainiako estatuak berretsi zuela, eta indarrean dagoela 2001eko abuztuaren 1az geroztik.

Administrazioaren jarduna euskaraz izan dadin nahi dugu, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu! Horregatik, gero eta beharrezkoagoa ikusten dugu ekainaren 4an Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzea.