Ikasle guztien euskalduntzea ziurtatuko duen hezkuntza sistema aldarrikatuko dugu larunbatean
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak atxikimendu publikoa adierazi nahi die azaroaren 28an Hezkuntza Plataformen Topaguneak antolatu dituen mobilizazioei. Atxikimendua emateaz gain, euskaraz bizi nahi duten herritarrei bertan parte har dezaten gonbita egin nahi die. Ildo horretan, Paul Bilbao, Kontseiluaren idazkari nagusia Bilboko manifestazioan egongo dela jakinarazi nahi dugu.
Hezkuntza Plataformen Topaguneak aldarrikatzen duen moduan, Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propioa behar dugu; hain zuzen ere, hori izango baita modu bakarra ikasle guztiak euskalduntzeko.
Euskararen normalizazioan hezkuntzaren alorra lehentasunezkoa da. Hizkuntza bat normalizatzeko bete behar den helburuetako bat hiztun berriak sortzea da. Ikasle guztiak euskaldundu daitezen ikasketa prozesua amaitzean Kontseiluaren lehentasunetako bat izan da ere sorreratik. Gaur egun ere horrela da, are gehiago Estatuen aldetik datorren esku-hartzearen ondorioz.
Ereduen sistema sortu zenetik, ez da lortu ikasle guztiak euskalduntzea. Ikerketek agerian utzi duten moduan, gaur egun indarrean dauden ereduetatik bakar batek ez ditu ikasle osoak euskalduntzen, nahiz eta D eredua den hortik gertuen dagoena. Hori aintzat hartuta, Kontseilua osatzen duten hezkuntza sektoreko bazkideek (Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Kristau Eskolak, Sortzen eta Hik Hasi) elkarlanean Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamena egin zuten 2008an.
Kontseiluaren ustez gaur egun hezkuntzaren alorrean bizitzen ari garen egoeran, oraindik ere garrantzia handiagoa hartzen du murgiltze eredu orokortua ziurtatuko duen hezkuntza sistema indarrean izateak. Horregatik, LOMCEri aurre egiteko modurik egokiena ikasle guztiak euskaldunduko dituen proposamena inplementatzea da, ezbairik gabe. Hau, ez baita esperimentuetarako unea. Ezagutzen dugu, jada, ikasleak euskalduntzeko zein den modurik eraginkorrena: euskarazko murgiltze eredua.
Iruzkinik ez "Ikasle guztien euskalduntzea ziurtatuko duen hezkuntza sistema aldarrikatuko dugu larunbatean"