Lan mundua euskalduntzeko Euskaragiletu programa jarri du martxan Kontseiluak
Euskararen normalizazioan aurreratuta dauden enpresek osatzen dute Euskaragileak enpresa batzordea. Enpresa horien esperientzia gertutik ezagutzeko eta euskalduntzean urratsak ematen hasteko Euskaragiletu programa jarri du martxan Kontseiluak.
Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia emateko abagune aproposa bizi dugu eta Kontseiluak Euskaragiletu egitasmoa jarri du martxan. Dagoeneko euskalduntze-prozesu aurreratuak dituzten enpresen eta euskararen normalizazio-prozesuan urte luzez murgildutako enpresen esperientziaz mamitzeko eta euskaragiletzeko aukera ematen du programak.
Euskara plana hobetzeko edo sortzeko asmoa duten enpresei edo euskalduntzean zailtasunak dituzten enpresei begirako proiektua da. Enpresa horiek Euskaragileak diren enpresetara bisitak egingo dituzte eta esperientzia hori baliatuko dute, ondoren, beren enpresetan euskararen normalizazioan bide egiten hasteko.
Bi bisita mota
Enpresa motaren araberako bisitak antolatuko dira. Enpresak bi multzotan banatu dira: A multzokoak, euskara plana badutenak, eta B multzokoak, euskara-plana ez dutenak. Euskara-plana duten enpresek errealitate horretatik pasa diren beste enpresa batzuk ezagutuko dituzte eta esperientzia trukaketa horretan laguntza eta aholkuak jasoko dituzte. Euskara-plana ez duten enpresek euskaragileen normalizazio-prozesuaren onurak eta etekinak ezagutuko dituzte, ondoren, nahi izanez gero, prozesu horri ekiteko.
A multzokoen bisitek 2:30 orduko iraupena izango dute. Euskaragile den enpresaren euskara-planaren lanketa eta bilakera ezagutuko dituzte, besteak beste. B multzokoen bisitak pittin bat laburragoak izango dira, 2:15 ordu iraungo baitute. Euskara-planak sakontasunean ezagutu ordez, bisita hauetan, planaren onurez hitz egingo da.
Eusko Jaurlaritzaren laguntza du proiektuak.
Bi bisitetako bat egiteko aukera aprobetxatu nahi duenak, formulario honetan eman dezake izena:
Iruzkinik ez "Lan mundua euskalduntzeko Euskaragiletu programa jarri du martxan Kontseiluak"