Albistea

Osakidetzaren hizkuntza-politika eraginkortu ezean, betikotu egingo da urraketa egoera

2017ko irailaren 20a Iruzkin 1

Osakidetza2plana_20170920Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko II. Planaren lehen ebaluazioa aurkeztu du Kontseiluak prentsaurrekoan. Paul Bilbao, idazkari nagusiarekin batera egon dira, UEMAko lehendakari Josu Labaka, Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriati eta OEEko lehendakari Karlos Ibarguren.  Kontseiluaren baitan biltzen den osasungintza sektorearen ordezkari gisa egon dira aurkezpenean.

2013 eta 2019 urteetarako egindako normalizazio planak bere ibilbidearen erdia egin duela eta, Kontseiluak planaren betetze-mailaren ebaluazioa egin du. “Txostenean islatzen den bezala. Osakidetza urrun dago plana betetzetik”. Horretarako Kontseiluak bigarren planaren balorazioan hainbat eremu jorratu ditu; besteak beste, jardun-eremuen balorazioa eta euskararen erabilera normalizatzeko neurrien balorazioa. “Eremukako balorazioek erakusten dute neurriak ez direla behar bezala betetzen, irudian eta komunikazioan, kanpo- zein barne-harremanetan, hizkuntza-kudeaketan, hizkuntza-eskakizunetan, kontratazio-politikan…” esan du Bilbaok. “Horrek agerian uzten du erritmoa bizkortu behar dela eta neurri traktoreak hartu behar direla” argitu du Bilbaok.

Izan ere, Kontseiluko ordezkariak gogoratu bezala, bigarren plana egin aurretik, Osakidetzan euskara normalizatzea lortu ez izanaren zenbat gabezi detektatu zituen eta horietan oinarrituta, proposamena helarazi zien Osasun saileko zein Osakidetzako arduradunei “uste dugu bertan egindako proposamenari arreta handiagoa jarri beharko litzaiokeela corpus juridikoari, plangintzei, baliabideei, kontratazioari, zirkuituei eta abarrekoei dagokienez” azaldu du.

Hizkuntza-politika hau ez da eraginkorra izaten ari, Bilbaoren esanetan. “Hamarkada bat baino gehiago igaro da Osakidetza euskara planekin hasi zenetik. Denbora askotxo ematen ari diren emaitzak zeintzuk diren ikusita”, gogoratu du, halaber, “euskara planak bere horretan ez dira helburu, tresna baizik eta eraginkorrak izan daitezen burura eraman behar dira, egoera betikotu ez dadin”. Halaber, gogoratu nahi izan du normalizazioa prozesua dela eta amaiera irudikatu behar dugula. “Hizkuntza baten normalizazio-prozesua ezin da betikotu” azaldu du

Osakidetza2.plana20170920-2

Hartzen diren erabakiek eta onartzen diren lege, dekretu eta euskara plan guztiek helburu eta epe zehatzak behar dituzte. Horrela, ebaluatu eta, behar izanez gero, zuzendu edo moldatu ahal izan dira eta burura eraman. “Orduan izango dira eraginkorrak” Horrexegatik, Kontseiluak zenbait neurri zuzentzaile proposatu ditu planaren ebaluazio osoa egiten denean beste emaitza batzuk lortu ahal izateko. “Lehentasunez kanpo-harremanetan hizkuntza-kudeaketa egokia egitea, eta horretarako euskarazko zirkuituak ziurtatzea; zerbitzuen kontratazio edo esleipenetan hizkuntza-irizpideak jartzea, langileen euskalduntzea azkartzea, kontratazio-politika aldatzea dira, besteak beste, proposatu ditugun neurri zuzentzaileak” azaldu du Bilbaok.

OEEko lehendakari Karlos Ibarguren, Osakidetzan euskaraz lan egiteko eskubideaz aritu da. Horretarako, bitartekoak jarri beharra aipatu du. Euskaraz egin daitekeen jarduera euskaraz egiteko erabakia hartu beharra aldarrikatu du, bestalde. Erabaki estrategikoez ere hitz egin du, “ezinbestekoa da organo nagusietan berariaz jasota egotea euskararen normalizazioaren ardatza Osakidetzan, inplikatu guztien parte-hartzea ziurtatuz”.

Behatokiko zuzendariak, Garbiñe Petriatik, plana indarrean egon den bitartean, Behatokian, Osakidetzan eragindako hizkuntza-eskubideen urraketa andana egon dela esan du eta hainbat adibide aipatu ditu. Arreta zerbitzuei lotutakoak izan direla kexarik gehienak esan du.

Bestalde, indarra jarri nahi izan du herritarren herri gogoan. “Jada 160.000 herritar baino gehiagok (uda arteko datua da) berariaz adierazi du osasun-asistentzia eta zerbitzuak euskaraz jaso nahi dituztela. Botere publikoek herri gogo horri erantzun egokia eman behar diote”, Petriatik adierazi duenez

“Planak berak jasotzen du soziolinguistikoki aurreratuen dauden guneetan arreta berezia jarriko zela, bada, zerbitzua euskaraz jasotzeko arazoek jarraitzen dute herri euskaldunetan”, gaineratu du UEMAko lehendakari Josu Labakak. Kezka berezia agertu du, gainera, uda sasoia bereziki kezkagarria izaten dela gaineratu du. “Urtero langileen oporren ordezkapenak egiten direnean, UEMAko herrietan ere euskaldunak ez diren ordezkoak bidaltzen dituzte.” Udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzeko egindako hautuarekin talka egiten du honek.

Osakidetzak bidea egiten jarraitu behar duela esan du Kontseiluko idazkari nagusiak. “Neurri zuzentzaile egokiak hartuz gero, bigarren plana amaitzerako urratsa eragingarriak egin daitezkeelakoan gaude” eta gaineratu du, “norabide horrekin lan egiteko jarrera adierazten badute, bidaide izango gaituzte”.

Amaitzeko, Bilbaok beste behin ekarri du gogora badugula hizkuntza-eskubideak bermatzeko inoizko adostasun handiena izan duen dokumentua, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Bertan administrazio publikoaren barruan osasungintza lehentasunezko eremua da, eta bertako neurriak kontuan hartzeko deia luzatu nahi izan du.



Iruzkin 1 "Osakidetzaren hizkuntza-politika eraginkortu ezean, betikotu egingo da urraketa egoera"

  1. […] Gizarte Erakundeen Kontseiluak ebaluazioa egin eta aurkeztu zuen jendaurrean. Bertan, argi adierazi zuen hizkuntza politika eraginkortu ezean urraketa egoera […]


Zure iritzia partekatu nahi duzu?

Zure eposta ez da argitaratuko. Derrigorrezko eremuak * bidez markatuta daude

Utzi erantzuna