Paul Bilbao: “Lehentasuna nafarrak berdintasunez hartuko dituen Euskararen Lege berria da”

2017ko ekainaren 22a Iruzkinik ez

NafarroakoParlamentua20170622

Vascuencearen Legearen aldaketa onartu du Nafarroako Parlamentuak gaur eta orain arte legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean kokatuta egon diren hainbat herrik eremu mistorako aldaketa egingo dute, baina Nafarroako zonifikazioak bere horretan jarraituko du eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez-euskalduna mantenduz.

Osoko bilkuran euskalgintzako hainbat ordezkari egon dira, besteak beste, Josu Reparaz, Patxi Abarzuza eta Xabi Garcia. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok Parlamentuak aldaketa onartu ondoren adierazpenak egin ditu guztien izenean.

Kontseiluaren ustez, benetako lehentasunak ezartzeko garaia da, eta Nafarroan lehentasuna herritarren arteko bereizkeriarik eragingo ez duen corpus juridikoan datza. Hartutako erabakiarekin, “ez da herritarren arteko berdintasun printzipioa bermatzeko urratsik eman”, Paul Bilbao idazkari nagusiak azaldu duenez. “Aldaketa honekin oraindik ere nafar guztiak ez dira berdinak izango legearen aurrean eta hori onartezina da XXI. mendean eta gutxiago ‘aldaketaren’ Gobernuaren eskutik”.

“Beste behin hizkuntza-eskubideak giza-eskubideak direla gogorarazi behar dugula iruditzen zaigu, eta zonifikazioak herritarren arteko bereizkeria besterik ez duela eragiten berretsi behar dugu” gaineratu du Bilbaok. Horren karira, gogoratu nahi izan du duela bi aste Parlamentu horretan bertan oinarrizko eskubideekin lotuta lege bat onartu zenean ez zela inolako zonifikaziorik ezarri.

Eremu mistora aldatzea eskatu duten udalerrien egoera ulertzen duela esan du Kontseiluko ordezkariak. “Ulertzen dugu udalen eskaria, urgentzia dutelako. Tresnak behar dituzte herritarren nahiak asetzeko eta testuinguru horretan zirrikitu bila ibiltzea ulergarria da. Bestalde, egiten duten diagnostikoa partekatzen dugu, esaten dutenean hizkuntzagatiko diskriminazioa pairatzen dutela euren herrietako bizilagun euskaldunek. Dena den, gogoratu behar dugu eremu mistora igarotzea, ez dela bermea hizkuntza-eskubideak errespetatzeko. Aukerak zabaltzen dira eta hauek betetzea beti borondate politikoaren baitan dago”.

Udalerriek egindako eskaeran, interesgarria deritzo Bilbaok Nafarroa osoarentzat ofizialtasuna aldarrikatu izana eta aldarrikapen horrekin bat egiten du Kontseiluak. “Bide horretan lanean ari gara Kontseiluaren baitan biltzen garen euskalgintzako erakundeak eta horretan indar handiagoa egin behar dugu, ‘aldaketa’ hizki larriz idatzitako ‘ALDAKETA’ izan dadin eta herritar guztien arteko berdintasuna berma dadin.”

“Duela hilabete batzuk esandakoa berretsi nahiko nuke: Oposizioan zeudenean izandako jarrera bera izan dezatela agintea sustengatzen dutenean. Gaur ikusi dugu laukoa osatzen duten alderdiek Lege berria egiteari ate bat zabaldu diotela. Legegintzaldiaren erdian, lege aldaketa egin da, legegintzaldi amaierarako, lege berria nahi dugu: Euskararen Legea”.