Protokoloa jasotzen ari den ekarpenen mailarekin pozik agertu da Talde Antolatzailea
Donostian bildu da gaur Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren talde eragilea abendura arteko lan ildoa finkatzeko. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Talde Antolatzailea osatzen duten ECMI, ELEN, UNPO, CIEMEN, LINGUPAX International eta PEN International erakundeetako ordezkariak elkartu dira gaur Donostiako Tabakaleran Protokoloaren prozesuari jarraipena egiteko. Ekarpenen berri jaso dute eta oso positibo baloratu dute orain arte egindako ekarpenen maila. Izan ere, egunotan Euskal Herriko sektore desberdineko eragile andana, hau da, Administrazioa, Hezkuntza, arlo sozioekonomikoa, kultura eragileak, hedabideetako ordezkariak… ekarpenak igortzen ari dira protokoloa osatzeko bidean. Euskal Herritik kanpotik ere, hizkuntza komunitate desberdineko eragileak ari dira ekarpenak osatzen eta igortzen. Bide batez, gogoratu behar da datozen asteotan amaituko dela ekarpenak egiteko epea.
Bestetik, Talde Antolatzaileko kideek Protokoloaren aurrera begirako lan ildoen finkatzea eta abenduan egingo den aurkezpenaren antolaketa izan dute hizpide.
Talde Antolatzailearen eginkizuna Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren baloreak bermatzean datza, hau da, gizarte eragileek gidatutako prozesua babestea.
Urrian, berriz, Batzorde zientifikoko kideak izango dira Donostian jasotako neurri guztiak bildu eta protokoloa osatzeko ardura izango dutenak.
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa Donostia 2016 Fundazioarekin batera Kontseiluak sustatzen duen proiektua da eta abenduaren 17an aurkeztuko da Kursaalean. Europa osoko hizkuntza komunitateek osatuko duten Protokoloa izango da, hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen neurriak jasoko dituena hain zuzen.
Iruzkinik ez "Protokoloa jasotzen ari den ekarpenen mailarekin pozik agertu da Talde Antolatzailea"