
Adostasun zabala jauziaren oinarrietan: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako baldintzen bermea
Gaur, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Batuz Aldatu adostasun sozialaren Talde Eragileak euskararen biziberritzearen aldeko Itun Soziopolitiko berriaren oinarriak aurkeztu dituzte Miramonen eginiko prentsaurrekoan. Proposamena garatzeko prozesuaren eta emaitzen berri eman dituzte Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Aitziber Blanco elkarrizketa prozesuaren dinamizatzaileak, eta Igor Arenaza (Athletic Club) eta Leire Alberdi (Euskal Kontsumitzaileen Alkartea) Talde Eragileko kideek.
Hizkuntza-politiketan jauzia emateko beharra
Bada gutxienez hamarkada bat soziolinguisten eta euskalgintzako eragileen artean kezka zabaldu dena euskararen normalizazio prozesuaren inguruan. Bidegurutzea, errotonda, motelaldia, minbizia, larrialdia… erabili dira gertatzen ari dena deskribatzeko. Egia da aurreko hamarkadetan, joan den mendeko 60koetatik aurrera, suspertze handia bizi izan dituztela euskarak eta euskal hiztun komunitateak, gizarte eragileen, erakunde publikoen, eta, bereziki herritarren bultzadaz. Baina datuek adierazten dute aldi hori bukatu dela, eta jada esku artean ditugun erronka berriek jauzi bat eskatzen dutela euskararen aldeko hizkuntza politiketan. Une honetan, jauziaren premiaren ideia erabat txertatuta dago euskararen normalizazioak aurrera egitea xede duten eragile denetan, izan erakunde publiko edo izan gizarte ekimeneko eragile. Azken boladako hainbat albiste eta titular horren lekuko.
Euskalgintzaren Kontseilua –euskararen aldeko gizarte eragile nagusien bilgunea– aspalditik ari da hizkuntza-politiketan jauzi bat behar dela aldarrikatzen. Esaten ez ezik, jauzi horren nondik norakoa aztertzen, definitzen eta neurri zehatzak proposatzen. Are, jauzi horren inguruko adostasuna lantzen eta eratzen.
Hala, 2021eko ekainean, Kontseiluaren ekimenez, Euskal Herri osoko eta askotariko 110etik gora elkarte, fundazio, enpresa eta sindikatuk Batuz Aldatu: Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala aurkeztu genuen (ikus sinatzaileen zerrenda), euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan jauzi bat emateko beharra aldarrikatuz eta jauzi horren oinarriak zeintzuk ziren adierazi. Bereziki, eta garrantzitsuena, gaurdanik hasita hizkuntza-politika berriak bi oinarriren gainean egin beharko direla: euskararen ezagutza unibertsalizatzea eta erabilerako baldintzak sortzea. Ezagutza eta erabilera, erabilera eta ezagutza, txanpon beraren bi alde, edo uztarri bereko bi idi, elkar elikatzen dutenak, ezinbesteko motor normalizazioan aurrera egingo bada.
Paradigma berri bat
Orduan adierazi genuen bi oinarri horiek zirela jauziaren funtsa; are, beren soiltasunean, paradigma aldaketa bat zekartela orain arte indarrean diren hizkuntza-politiketara. Izan ere, euskararen ezagutza unibertsal egiteak etorkizuneko begirada herritar denek euskaraz jakingo duten gizarte batean jartzen du, erabilera normalerako baldintzen berme. Eta, jakina, erabilera normala ezagutza unibertsal egiteko bide.
Nolanahi dela, bi oinarri horiek gainditu egiten dute orain arteko hizkuntza-politiken eredua, bereziki euskararen aldeko hizkuntza-politika aurreratuenak egiteko aukera izan den Euskal Autonomi Erkidegoan erabili dena. Izan ere, indarrean dagoen ereduak bi hiztun komunitate –erdaldunak eta euskaldunak– bereizten ditu, zeinetan euskaldunen komunitateari eskubide batzuk aitortzen zaizkion. Hau da, “minorientzat” eginiko politikak. Arauari salbuespen bakarra hezkuntza sisteman aplikatu den politika izan da, zeinetan, hutsuneak hutsune, belaunaldi berriak progresiboki euskalduntzeko anbizioz jokatu den.
Horrexegatik, euskararen erabilerarako baldintza errealak sortzeko, “minorien” hizkuntza-politika hau gainditu eta euskal gizartea euskalduntzeko norabidean jarriko den hizkuntza-politika berria beharrezkoa dugu. Hau da, herritar denei euskara bermatzea, elebidun euskaldunak izan daitezen eta euskaraz ulertu eta hitz egiteko baldintza eta oztoporik izan ez dezaten. Paradigma aldaketa bat. Jauzi bat. Izan ere, bi oinarri hauen gainean eraikitzen ez diren politikek gizarte segregazioa betikotzeko eta areagotzeko arriskua ekar dezakete, gizatalde ugariren garapen pertsonal, sozial eta profesionala mugatuz.
Adostasun sozialetik itun soziopolitikora bidea
2021eko agerraldi haren ostean, 2022an, Sinatzaileen Batzarra egin zen, eta aurrera urrats bat gehiago eman zuten: aipatutako akordio soziala garapen politikoago batera eramateko konpromisoa hartu zuen Talde Eragilea sortu zen, euskarak behar duen jauzirako Itun Soziopolitiko berri bat osatzea helburu.
Ordutik lau urte pasa dira. Ziurgabetasunak eta aldaketen abiadurak ezaugarritzen dituzten garaiotan denbora tarte handia. Gauza asko gertatu dira 4 urte hauetan. Esaterako, Kontseiluko idazkaritza bera aldatu egin da. Baina, bereziki, bi gertakarik markatu dituzte lau urte hauek euskararen normalizazio eta biziberritzeari dagokionean: batetik, indartu egin dira euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren agortze zentzuak. Azken azterketa, datu eta gertakari soziolinguistikoek –euskararen estatus arazoak eta egiturazko minorizazioa, errealitate sozio-demografikoaren bilakaerak, erabilera sozialaren jaitsiera, arnasguneen ahultzea, globalizazio eta digitalizazio azeleratua …– erretratu iluna dakarte. Euskalgintzaren Kontseiluak euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdian gaudela adieraztera behartuta ikusi du bere burua. Bestetik, egun indarrean diren hizkuntza-politikak –jada murritz direla argi dauden horiek– eraisten ari dira oldarraldi judizial baten bidez. Judiziala, baina aldaera politiko eta diskurtsibo nabarmenak dituena, gero eta agerikoagoak.
Eta hori dena gertatzen ari den bitartean Batuz Aldatu dinamikako Talde Eragileko kideak lanean aritu dira, abiaburuko adostasun soziala itun soziopolitiko gisa garatzeko zereginean. AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Bizipoza Bilgunea, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Euskaltzaleen Topagunea (Taupa Mugimendua), Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa, lan isilean aritu dira azken urtebetean hartutako konpromisoa bete eta euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari ekarpena egiteko borondatez.
Kontseiluak ulertzen du euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua hizkuntza baten berreskurapenaz haragoko zerbait dela: eraldaketa soziala, elkarbizitzarekin, justizia sozialarekin, gizarte kohesioarekin, eta, funtsean, demokratizazioarekin lotutako prozesua. Horregatik, hain desberdinak eta anitzak diren eragileekin lanketa hau aurrera eramateko bizikidetza arloan aditua den Aitziber Blanco bideratzailearengana jo dugu, eta bera izan da prozesu honetan laguntzaile.
Izan da, eta izaten ari da. Benetan elkarrizketa aberatsa sortu da parte hartzaileen artean, xehetasun eta ñabardurez betea, eta euskararen normalizazioan aurrera egingo bada hizkuntza-politiketan egin beharreko jauziaren berme izango den itun sozio-politiko berriaren edukiak zehaztear gaude; estatusaren auzian, hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, eremu sozioekonomikoan, administrazioan, astialdian, eremu digitalean, kulturan… egin beharreko jauziaren oinarrien azken xehetasunak adosten.
Proposamenaren dokumentua, irailerako
Irailean aurkeztuko zaio dokumentua Batuz Aldatuko Sinatzaileen Batzarrari, baina aurreratzeko moduan gaude berresten dugula ezagutza unibertsal egitea eta erabilerarako baldintzak bermatzea direla ezinbesteko jauziaren edo paradigma aldaketaren oinarriak. Arestian aipaturiko larrialdi egoerak eta gertatzen ari den oldarraldiak are eta zentzu handiagoa ematen diete oinarri horiei.
Momentu honetan, euskararen normalizazio prozesuaren egoera, eman beharreko jauziaren irudikapena eta horretarako adostasunen premia hizpide dira gizarteko zenbait gunetatik, bai beste eragile sozial batzuen ekimenen bidez edota erakundeetatik egiten ari diren proposamenak tarteko. Testuinguru honetan, Euskalgintzaren Kontseiluak azpimarratu nahi du ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako baldintzak bermatzea dela hizkuntza-politiketan ezinbestekoa den jauzia egiteko modua, eta Batuz Aldatu dinamikak erakusten duen bezala adostasun sozial handia dagoela horren inguruan.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: