Bai Euskarari Akordioa Herrietan
2000. urtean herrietara hedatu zen Bai Euskarari Akordioaren prozesua, bi urrats nagusitan: lehenbizi esperientzia pilotu batzuk jarri ziren abian eta, ondoren, orokortu egin zen. Horrela, Kontseiluak herri mailako konpromiso prozesu bat abiatu zuen, tokian tokiko udalekin eta euskalgintzarekin batera.
Kontseiluak modu bateratuan bultzatu zituen dinamika horiek, parte hartu nahi zuten herri guztiei marko bat eskainiz, guztientzako eredu malgua eta egokitzeko modukoa planteatuz, eta Euskal Herri mailan gizarte eragile nagusienekin garatzen ari zen prozesuarekiko koherentzia bermatuz. Herrietan gizarte eragileen eskutik, euskararen normalizaziora iristeko konpromiso prozesu bat abiatzea izan zen gakoa.