Euskararen eta euskaldunen aurkako oldarraldia salatu dute gazte euskaltzaleek, euskalgintzako hainbat norbanakok eta eragilek
Gazte Euskaltzaleen Sareak, euskalgintzako hainbat norbanako eta beste gizarte eragileekin batera, prentsaurreko bat eman du Donostian euskaldunen aurkako azken erasoak salatzeko eta herri erantzun sendo baterako deia egiteko.
Orain dela ia urtebete Gazte Euskaltzaleon Sarea plaza publikora atera zen, Euskara Aurrera manifestaziorako deia eginez.
Orduan genioen kezkatuta geundela euskararen egoerarekin, euskaraz bizi nahi dugunon egoerarekin. Kezkagarritzat jo genituen «euskararen aurka» hartu ziren erabaki judizialak, euskarak pantailetan zuen presentzia «murritza», eta euskaraz ikasteko eskubidea «behin eta berriz» urratzea. Eta gure belaunaldiren bizipenetatik eta ikuspegitik, egoera horri erantzun beharra ikusi genuen.
Horrela, egoerari aurre egiteko herri bultzada berri baten beharra adierazi, eta maiatzaren 21ean, Donostian manifestazioa egin genuen. Milaka herritar bildu ginen.
Mobilizazioak utzitako poza eta ilusioa lagun, urtebete honetan ez gara geldirik egon. Herri, auzo eta ikastetxeetan Gazte Euskaltzaleon Sarea zabaltzen eta gazteok euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko borrokan eragile aktibo izan beharra aldarrikatzen aritu gara.
Horren emaitza da, besteak beste, Ikama eta unibertsitateetako euskara taldeekin batera, euskara eta euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko martxoaren 23ko mobilizazioa.
Zoritxarrez, ordea, besta batzuk ere mugitu izan dira eta mugitzen jarraitzen dute. Orain dela ia urtebete aipatzen genuen euskaraz bizi nahi dugunon aurkako oldarraldi politiko, juridiko eta mediatikoak ez du etenik izan denbora honetan guztian. Badirudi, herritarrok gehiegi aztoratu gabe, noraino hel daitezkeen neurria hartu nahian dabiltzala.
Horrela, oldarraldi horrek gogor kolpatu du euskara azken urteotan, bai euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetuko dituzten epaien bidez, bai eta urraketa horiek justifikatzeko diskurtsoen bidez ere. Ustez, gure belaunaldiak gainditutzat zituen diskurtso eta jarrera euskarafoboak eguneroko ogi bihurtzen ari zaizkigu.
Uliazpiko azkeneko epaiak marra gorri guztiak gainditu ditu. Bertako langileen aurkako eta, batez ere, herritar zaurgarrienen euskaraz bizitzeko eskubidearen aurkako eraso zuzena izan da.
Baina ez hori bakarrik, euskararen normalizazioa aurrera eramateko dauzkagun oinarri juridiko ahulak eta ez nahikoak hankaz gora bota nahi dituzte.
Epaile eta magistratuak hizkuntza-politika erreakzionarioak garatzen ari dira, eta hizkuntza-politikak garatzeko gure herriak (aurreko belaunaldiek) eskuratutako eskuduntzen aurka eraso zuzenak egiten. Konstituzioa esku artean hartuta, hizkuntza- politikaren inguruko azkeneko hitza nork duen erakutsi nahian dabiltzala dirudi.
Euskaraz bizi nahi dugunok noraino hel gaitezkeen eta noraino ez mailuka erakutsi nahi digute. Eta jada ezin dugu beste aldera begira geratu. Epaitegietatik garatzen ari diren gurutzada bidegabe horri planto egin eta nahikoa dela esateko garaia da.
Euskara aurrera deialdia zabaldu genuenean, demokraziaren eta justiziaren alde guztiok bat eginda kaleak hartzeko deia egin genuen. Argi dago gazteok soilik ezin diogula aurre egin oldarraldi horri. Erantzun bateratu bat, herri erantzun bat eskatzen du horrek.
Martxoaren 23an hezkuntza euskaldunaren aldeko mobilizazioan kaleak bete behar ditugu. Gazteok, ikasleok, irakasleek, langileek, euskaltzaleek, gurasoek, zuk. Euskara aurrera eraman nahi dugun testuinguruan kokatzen dugu hilabete hauetan guztietan bizitzen ari garen erasoaldia. Martxoaren 23ko mobilizazioak erantzun herritar bat behar dute izan, gure hezkuntza, gure etorkizuna eta gure eskubideak direlako jokoan daudenak.
Horrek guztiak, ordea, bidean egin beharreko hurrengo urratsa soilik izan behar du. Ezinbestekoa eta beharrezkoa da, baina argi dugu ez dela nahikoa. Bide horretan urrats gehiago egin behar dira. Horregatik, hemendik dei egin nahi diegu gizarte eragileei, eragile sindikalei, eragile politiko eta instituzionalei erasoaren neurriko erantzuna emateko urratsak egin ditzaten. Guztion artean, euskaraz bizitzeko eskubidea babesteko herri erantzun sendoa eman dezagun, eta eskubide hori egikaritzeko, guztion artean, neurri aurrerakoiak bultza ditzagun.
Euskaraz biziko zen belaunaldia izango ginen esperantza jarri zen gugan. Aldiz, gugan jarritako esperantzei ezin erantzun, euskaraz bizi nahiaren mugak eta ezinak sufritzen ari garen belaunaldia bilakatu gara. Denon ardura da ezintasun hori ondorengoek sufritu beharrik ez izatea. Badakigu bidean oztopoak izango ditugula, baina bidea urratzeko erabakia hartua dugu.
Euskara aurrera!
2023ko martxoaren 16a