Itsaso berriak esploratuko ditu Kontseiluak
Mende laurden bete du euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune handienak. 1997ko abenduaren 6an aurkeztu zen Durangon Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, 2020tik aurrera Euskalgintzaren Kontseilua izenez ezaguna. Egun eta toki berean ospatu du 25. urteurrena, ordezkaritza instituzional, politiko, sindikal eta sozial zabala izan duen ekitaldian.
Bertan izan dira, besteak beste, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria, Miren Segurola UEMAko koordinatzailea eta Ima Garrastatxu Durangoko alkatea. Halaber, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuetako arduradunak ere ekitaldian izan dira, bai eta EAJ, EH Bildu, EH Bai eta Sortu alderdi politikoetako ordezkariak ere. Kontseilua osatzen duten 30 bazkideetako ordezkariak ere ez dira faltan izan.
Adostasunetan sakontzen helburu
Ekitaldiaren protagonista nagusia izan da Idurre Eskisabel Larrañaga. Idazkari nagusi kargua hartu berritan, esker onak eman nahi izan dizkio «genealogia euskaltzaleari, euskara ur putzu sakon eta ilun bat besterik ez zen garaietan ere ez ziolako etsi, baita egun euskara itsaso zabal bat izan dadin arloz arlo lan egiten duten pertsona guztiei ere». Itsasoaren metafora izan da nagusi Eskisabelen hitzartzean. Euskalgintzarentzat ezagunak diren itsasoez aritu da, eta oraindik ezagutu beharrekoez. Itsasontzia da Kontseilua; lemazaina, idazkari nagusia. Eta, 12 urtez ontzia gidatu ondoren, Paul Bilbao Sarriak bazkide guztien aurrean pasatu dio erakundearen lema Idurre Eskisabeli.
«Euskalgintzako kideak aspalditik gabiltza aro berri baten iragarpenean. Jabetuta munduaren aldaketa abiadura inoiz ez bezala azeleratu dela azken bi hamarkadetan, orain arteko tresna, apareju eta nabigazio kartak jada ez zaizkigu baliagarri. Baina aro aldaketak ez dira egun batetik bestera gertatzen, eta euskalgintza badago jada ziklo berrian murgilduta» adierazi du Eskisabelek. Izan ere, azaldu du, bizi garen munduan «hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago dira, eta mundua eta gu gero eta homogeneoagoak. Horrenbestez, hizkuntza txikiagoetan, gutxiagotuetan, aritzeko bulkada bat ere behar da. Eta bulkada horiek ez dira kasualitatez sortzen, eratu eta sustatu egiten dira. Bide horretan, itsaso berriak esploratzera irtengo da Kontseilua».
Bestalde, gogora ekarri du iaz Kontseiluak bultzatu zuen Batuz Aldatu adostasun soziala. Bertan, euskalgintzako eta euskalgintzatik kanpoko ehundik gora gizarte eragilek bat egin zuten etorkizuneko hizkuntza-politikaren bide orriarekin: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea helburu, ezagutzaren unibertsalizazioa lortzea eta erabilerarako eremuak garatzea. Egungo politikek behar duten jauzia bultzatzeko, Eskisabelek adierazi du «adostasunean sakontzea» izango duela helburu, «adostasuna euskalgintzako eragile eta norbanakoekin, adostasuna instituzioekin, eta adostasuna beren burua euskalgintzatik eta euskaratik urruti ikusten duten arren, bizikidetza, justizia eta kohesio soziala helburu dituztenekin ere. Euskararen biziberritzea justizia eta kohesio sozialari muin-muinean lotzen zaio kuestioa baita».
Azkenik, idazkari nagusi berriak azpimarratu du «euskaraz zerbait behar badu, hori politika da, letra larriz idatzitako politika. Diferentzien gainetik interes orokorrean, euskararen biziberritzean begirada jartzeko gai izango dena. Adostasun politiko horiek lortzea izango da nire ahalegina».
Batasunetik erantzuteko deia
Castillo Suárez idazle eta euskaltzainaren olerki errezitaldiak eman dio hasiera ekitaldiari. Ondoren, Kontseiluaren sorrera prozesua eta hastapenak ekarri ditu gogora lehen idazkari nagusi Xabier Mendiguren Bereziartuk, baita 1998an Kontseiluak gizartearen aurrean egindako ekimen ahaztezina ere, Euskal Herriko bost futbol-zelai leporaino bete zituenean BAI EUSKARARI aldarrikatzeko. Bestalde, Bai Euskarari ziurtagiriaren eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren sorrera ere izan ditu hizpide, hain zuzen ere, hizkuntza-politiketan sozialki eta politikoki eragiteko tresnak. Halaber, euskalgintzak bizi izandako une lazgarriak ere aipatu ditu, tartean, Kontseiluko bazkide zen Euskaldunon Egunkariaren itxiera eta kriminalizazioa.
Jarraian, 2010etik idazkari nagusi izan den Paul Bilbaok gogora ekarri du ardura hartu zuenean euskalgintzari, eragile sozial eta sindikalei, bai eta instituzio eta alderdi politikoei egin zizkien eskaerak, eta horiek gaurkotu ditu: «Batetik, euskalgintzari, Kontseiluan sinesten jarraitzeko, Kontseilu sendo eta trinkoak euskararen normalizazio-prozesua bizkortuko duelako. Bigarrenik, eragile sozial eta sindikalei, hasitako bideari jarraitzeko, finean adostasun sozial zabalek ahalbideratuko dituztelako adostasun politikoak. Azkenik, alderdi politikoei eta instituzioei, eskaera bakar bat egin die: Kontseilua eragileekin jorratzen ari den askotariko adostasunen edukiari errepara diezaiotela. Adostasun handiko proposamenak direla, eta horiek abian jarriz gero, gehiengo zabala izango dutela haien alde». Hitzartzearen bukaeran, bertaratutako guztiei eskatu die modu bateratuan erantzuteko auzitegietatik etorriko diren oldarraldi judizialei.
Amaitzeko, eta ekitaldian itsasoari, lemazainari eta ontziari egindako erreferentzia guztiak buruan, Eñaut Elorrieta abeslariak Ken Zazpi taldearen Itsasoa gara kantatu du.
–
Argazkia: Marisol Ramirez. FOKU