XXVI. Batzar Nagusia egin du Kontseiluak, bazkide berri batekin

2022ko apirilaren 29a Iruzkinik ez

Adunan egin du Euskalgintzaren Kontseiluak hogeita seigarren Batzar Nagusia, hain zuzen ere, bazkide duen ELKAR argitaletxearen egoitza berrian. Batzar Nagusia da Kontseiluaren organo gorena eta urteroko moduan aurreko urteko kudeaketa planaren balantzea eta urteko kudeaketa plana eztabaidatu dira. Biak ala biak aho batez onartu ditu.

Batuz Aldatu oinarri, hiru lehentasun

2021eko ekainean aurkeztu zuen Kursäalen Kontseiluak Batuz Aldatu hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala delako dokumentua. Dokumentu eta dinamika horrekin Kontseiluak ziklo berri bati ekin zion, hain zuzen ere, bestelako eragileekin hizkuntza-politiketan eragiteko lankidetzak garatzeari.

2022an eragile horiekin guztiekin hainbat sektoretan hizkuntza-politikaren lehentasunak zein izan behar diren zehaztuko dute, eta hori guztia udazkenean antolatuko den Batuz Aldatu Sinatzaileen Biltzarrean onartuko da. Gainera, Biltzar hori baliatuko da adostasun sozialetik politikorako jauzia marrazten hasteko. Horretaz gain, lehentasunezko hiru eremu jorratuko ditu Kontseiluak 2022an: hezkuntza, administrazioa eta eremu sozioekonomikoa.

Bestalde, aurreko urteetan hasitako hainbat lan-ildok jarraipena izango dute aurten ere: Nafarroan eragiteko jarduna, arnasguneen garapen jasangarria, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren udaletako garapena, ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiak…

Azkenik, nola ez, nazioartearen eremuan ere lanketa berezitua egingo du Kontseiluak, parte den ELEN sarearen bidez.

Bazkide berria: Gipuzkoako Urtxintxa Eskola

XXVI. Batzar Nagusiak aho batez onartu du Gipuzkoako Urtxintxa Eskola Kontseiluko bazkide bihurtzea, eta bertaratutakoek begi onez hartu dute aisialdiaren eremuan diharduten eragileak ere euskalgintzako bilguneko parte izatea, besteak beste, eremu horretako ikuspegia hizkuntza-normalizazioaren esparruan egoki kokatzeko.

Azkenik, Batzar Nagusia baliatu da zuzendaritza-batzordea berritzeko. Aholkularitzen sektoreko EMUN erakundeak ARTEZ erakundeari utzi dio tokia hurrengo hiru urteetarako, eta epealdi bererako hartu du lehendakaritza AEK-k. Hartara, zuzendaritza batzordea honako eragile hauek osatuko dute: AEK, Euskal Herriko Ikastolak, Berria, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, Errioxako eta Nafarroako IKA, Euskal Konfederazioa, Artez eta Euskal Herrian Euskaraz.