Hezkuntza Legearen proiektuak euskara gehiago behar du
Gaur, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak EAEko Hezkuntza Lege proiektua Eusko Legebiltzarrera helaraztea onartu du. Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen normalizazioaren aldeko gizarte eragileak biltzen dituen erakunde garrantzitsuenak, onartutako dokumentuaren balorazioa plazaratu du.
Balorazio gazi-gozoa
Kontseiluak, Hezkuntza-itunari lehenik eta Lege proiektuaren zirriborroari ondoren, ekarpenak egin dizkio hizkuntzaren ikuspegitik. Ekarpen hauek hezkuntza komunitateko eragile nagusien eta gehiengo sindikalaren adostasuna izan dute, bai eta hezkuntzako, kulturgintzako eta euskalgintzako aditu eta profesionalena ere. Honen froga dira 2021eko abenduaren 16an lehenik, 2022ko urriaren 10ean ondoren, egindako agerraldi publikoak.
Proposamenek gutxieneko hiru ardatz jasotzen zituzten, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea helburu: irakas-hizkuntza euskara izango duen ikasteredu orokortu inklusiboa, ikastetxeek hizkuntza-proiektuak egin behar izatea, eta hizkuntza-gaitasuna egoki neurtzeko tresna independente eta iraunkorrak ezartzea.
Ardatz horiek kontuan harturik, Kontseiluak begi onez ikusten ditu proiektuan jasotako elementu batzuk, hala nola, ikasleen euskara-gaitasuna ziurtatzeko B2 irteera-perfila zehaztu izana, bai eta euskal kulturaren ezagutza aintzat hartu izana ere. Halere, lege-proiektuak ez ditu jaso hezkuntza komunitatearen gehiengoak eta sindikatuek euskararen inguruan egindako eskaera nagusiak. Halaber, Legebiltzarrak gehiengoz onartutako hezkuntza-itunetik zenbait elementu positibo ez dira jasotzen, adibidez, jatorrizkoan defendatzen zen eta Kontseiluak txalotu zuen eredu inklusibo orokortua.
Zehaztasun falta kezkagarria
Lege proiektuaren zioen azalpenean euskara «gutxiengoaren hizkuntza eta hizkuntza gutxitua» dela jasotzen da. Kontseiluaren iritziz, interesgarria da hori bere horretan jasotzea, izan ere, legean neurri proaktiboak edo aurrerakoiak biltzea ahalbidetzen duelako. Ordea, dokumentuak aurrera egin ahala, zioetan jasotako esaldi hori ez da neurrietan garatzen.
Gauza bera gertatzen da euskalduntzeari dagokionez jarritako helburu zehatzekin. Zioetan helburu gisa hartzen da ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak menderatzea bermatzea, baina ez da jasotzen garapenean. Hezkuntza sistemaren helburuen artean, 3. artikuluan, jasotzen da «ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna lortu dezaten sustatzea, benetako egoerara egokituta». Kezkagarria da bermatu hitza baino, sustatu hitza agertzea. Hezkuntza sistemaren oinarria ezin da izan ikasleek gaitasun egokia eskuratzeko dutela sustatzea. Aitzitik, betebeharra izan beharko litzateke. Kontuan izan behar dugu 1993ko hezkuntza-legeak helburuetan jaso zuela «ikasle guztiek, baldintza beretan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa izango dutela bermatu beharra». Kontseiluaren ustez, kezkagarria litzateke helburuetan atzera egitea.
Testuaren 65. artikuluak dio hezkuntza-sistema «esparru eleaniztuna eta kulturartekoa» eta «euskararen inguruan artikulatua» dela. Baina ez du zehazten nola interpretatu behar den sistema eleaniztuna izatea hizkuntza-ereduari dagokionez, ikastetxe bakoitzak nola aplikatu beharko duen, ezta hizkuntza bakoitzeko orduen esposizioa zer-nolakoa izango den. Gutxieneko esposizio-orduak zehaztea funtsezkoa da belaunaldi berriak euskaldunduko badira, izan ere, frogatu da eskolan euskaraz denbora gehiagoz aritu diren ikasleak izan direla euskalduntzean gehien aurreratu direnak. Hortaz, legeak ahalik eta zehaztasun handienarekin jaso behar du euskara izango dela irakas-hizkuntza orokorra, auzitegien edo uneko gobernuen interpretazio murriztaile posibleak galarazteko.
Halaber, lege proiektuaren 66. artikuluan ikasle guztiek euskarazko B2 irteera-profila lortu beharko dutela adierazten da, Kontseiluak proposatu bezala. Horrela jasotzea egokia bada ere, argi esan behar da helburuak jartzeak, bere horretan, ez duela ekarriko ikasle guztiek euskararen ezagutza izatea. Gogoratu behar da ofizialtasunaren ondorioz, gaur egun ere, ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan euskararen ezagutza egokia izan behar dutela, baina ez dela ari betetzen. Beraz, ezinbestekoa da horra iristeko zein izango den oinarrizko hizkuntza-eredua finkatzea, hain zuzen ere, euskara irakas-hizkuntza izango duena.
Bestalde, Kontseiluak egokitzat jotzen du ikasleen maila sozioekonomikoari erreparatzea. Hala ere, berresten dugu inguruaren ezaugarri soziolinguistikoen araberako neurriek ezin dutela, edonola ere, ikasleen euskarazko ordu-esposizioen murrizketa ekarri. Aitzitik, ikasleen euskalduntzea bermatzeko euskara gutxien duten ikasleek euskara gehiago ematea ezinbestekoa da, horrek eskatzen dituen baliabide material zein pedagogikoekin.
Halaber, lanbide heziketarako ikastetxeek eta araubide bereziko ikasketetako ikasleek zein irteera-perfil izan beharko duten ezartzea falta da, baita hizkuntza-konpetentzia lortzea nola bermatuko duten zehaztea ere.
66. artikuluaren bukaeran, ebaluazioari dagokionean, aldaketa ez da egiturazkoa. Jaurlaritzak ebaluaziorako tresnak arautuko dituela jasotzen da, baina oso lauso eta ezinbestekoa den kanpo-ebaluaziorik izango den zehaztu gabe. Kontseiluaren iritziz, ez da nahikoa ikasleen hizkuntza-gaitasunen ebaluazioa irakasleek berek egitea, administrazioak tresnak arautuko baditu ere. Emaitza errealak ezagutzeko beharrezkoa da kanpo-ebaluazioa bermatzea, eta hala jasotzen zen hezkuntza-itunean.
Aurrera eginez, 67. artikuluan ikastetxeetako hizkuntza-proiektuak garrantzia izaten jarraitzen du, aurreko zirriborroan bezala, eta beraz, Kontseiluak positiboki baloratzen du.
Hobekuntzak behar dituen legea
Kontseiluaren iritziz, azken hamarkadotan hezkuntza-sistemak egin duen ekarpenari aitortza egin behar zaio: milaka eta milaka herritar euskaldundu dira. Halere, oraindik ezagutzaren unibertsalizaziotik urrun gaude, eta gaur-gaurkoz ikasle askori ez zaio euskarazko gaitasun egokia eskuratzeko eskubidea bermatzen. Datuek erakusten dute egungo ereduen sistemak arrakalak dituela, baina, hala ere, euskara irakas-hizkuntza duen eredua izan dela arrakastatsuena. Gainera, mundu globalizatu eta digitalizatu honetan euskarari ere biderkatu zaizkio erronkak, eta hurrengo hamarkadetan bizirik eta noranahiko nahi badugu, premiazkoa da hezkuntza-sistemak ere hizkuntzaren ikuspegitik benetako jauzi bat ematea.
Asko dago jokoan, euskararen normalizazioa lortzeko aipatu gutxienekoen alde egingo du Kontseiluak. Zentzu honetan, lege proiektua hobetzeko aukera dagoela irizten dio Kontseiluak eta ekarpenak egiten segituko du. Legebiltzarreko alderdi politikoek gehiengo zabalarekin onartu zuten hezkuntza-itunak jasotako elementu positiboenak bere egin behar ditu legeak, besteak beste, eredu inklusibo orokortua eta hizkuntza-gaitasunen kanpo-ebaluazioa.