20.000tik gora herritarren babesarekin, euskarazko eredu orokortua eskatu die Kontseiluak legebiltzarkideei
Gaur, Eusko Legebiltzarraren egoitzan, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak eskaera gutun bat helarazi die legebiltzarkide guztiei, 20.000tik gora herritarren babesarekin EAEko Hezkuntza Lege berriak euskarazko ikasteredua orokortu dezala eta etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko tresna izan dadila eskatzeko.
Ikas-komunitatearen babes zabala lortu duen proposamena
Iazko abenduaren 3an, hezkuntzako, kulturako eta euskararen munduko 211 aditu eta profesionalek sinatutako proposamen plazaratu zen, Hezkuntza Lege berriak jaso beharreko hiru puntu proposatuz: euskarazko ikasteredua orokortzea, euskal kultura ardatz izango duen curriculuma eta hezkuntza ez-aratua osorik euskaraz garatzea. Iragan irailaren 12an, proposamen horren gainean ikas-komunitatearen arloko sinadura bilketa zabala abiatu zuten euskalgintzaren bilgune nagusia den Kontseiluak, Euskal Herriko Ikastola, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi hezkuntza-eragileek eta STEILAS, LAB eta ELA sindikatuek, hainbat guraso, langile, ikasle eta irakasleren babesarekin.
Hilabetez luzatu den kanpainak 20.348 herritarren babesa jasotzea lortu du. Legeak eragina izango duen hezkuntza komunitatean presentzialki zein online jaso dira gehien bat aipatu sinadurak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan, irakasle eta gurasoen bitartez, bai eta euskalgintzaren eta kulturgintzaren arloko eragileen artean ere. Ikas-komunitatearen barruan proposamenak duen babes zabalaren frogatzat jo du Kontseiluak.
Legebiltzar honek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen berrikuntza abiatzea erabaki zuenetik, Euskalgintzaren Kontseiluak hurbiletik eta arreta bereziz segitu du prozesua, euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta etorkizuneko ikasle guztiei euskalduntzeko eskubidea bermatzeko neurriak proposatuz, beti ere hezkuntza arloko eragile, sindikatu eta adituekin batera. Proposamen hori modu desberdinetara ekarri du Legebiltzar honetara Kontseiluak: osoko ekarpen gisa erregistratuz edota lege proiektua zehaztu zenean 33 zuzenketa zehatzen bidez.
Lanketa horren emaitza da Kontseiluak mahai gainean jarritako proposamena, etorkizuneko hezkuntza-sistemaren hizkuntza eredua jasotzen duena: «euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakats hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da; are gehiago, hizkuntza-eredu orokor eta inklusiboa izango da eta ez ditu ikasleak banatuko hizkuntza-ofizialen arteko aukeraketaren arabera». Laburbilduz, ikasleen hizkuntza-segregazioa eragiten duten gaur egungo eredu zaharkituak gainditzea eta euskara ardatz duen eredu orokortu eta inklusiboa inplementatzea, euskara gutxien dutenei gehiago ematea izan dadin iparra.
Hizkuntza-ereduak, euskararen normalizazioan oztopo
«Ezin dugu ezkutatu azken asteetan kezka larria piztu digula egun indarrean diren hizkuntza-ereduak legearen hitzaurrean berariaz jaso eta hiru hizkuntzen izaera bideratzailea ezartzeko zuzenketek» adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak. Izan ere, milaka haur eta gazteri euskararen ezagutza nahikoa lortzea ukatzen dien ereduak «oztopo handi bat dira euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa lortzeko, euskararen normalizazioan aurrera egiteko, eta, ondorioz, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzeko. Kezka handia eragiten digu, halaber, zuzenketa horrek bidea eman dezakeelako hezkuntza sistemako hizkuntza-ereduen gaineko eztabaida –soziala eta politikoa beharko lukeena– epaitegietara eramateko. Eta, badakigu, egungo oldarraldi judizialaren testuinguruan aukera horrek zer esan nahi duen». Duela bi aste oldarraldiaren aurka eta hizkuntza-politiketan jauzi bat ematearen alde Bilboko kaleetan bildutako jendetza gogora ekarri du Idurre Eskisabelek.
Horregatik, «hezkuntza eragile nagusien, gehiengo sindikalaren eta gaur Eusko Legebiltzarrera ekarri ditugun milaka sinadura horien babesean, legebiltzarkideei helararazteko eskaera zehatza erregistratu dugu: aintzat har dezatela ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ezinbestekoa dela bide horretan arrakastatsuena izan den eredutik abiatzea, hau da, euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izan duen eredutik. Finean, Hezkuntza Legea ikasle guztiak euskaraz jabetzeko duten eskubidearen berme izan dadila, eta justizia sozialaren eta gizarte kohesioaren alde eginez, eman diezaiela euskara gehiago gutxien dutenei» gehitu du.