Estatu osoko eragileek ikus-entzunezkoen legea aldatzea eskatu diete alderdiei, katalanaren, euskararen eta galegoaren kuota handiagoak bermatzeko

2022ko otsailaren 22a Iruzkinik ez

Euskalgintzaren Kontseilua, Plataforma per la Llengua, Òmnium Cultural, A Mesa, Acció Cultural del País Valencià eta Obra Cultural Balearrek euren lurraldeetako alderdiei eskatu diete Espainiako Gobernuan dauden alderdiei exijitzeko legean hizkuntza gutxituen presentzia areagotzea Kongresuan aurkeztutako lege proiektuaren aldeko botoa emateko.

Sei erakundeek berriz ere fronte komun bat ikusarazi nahi izan dute. Abenduan Madrilen egin zuten bezala, Euskal Herriko, Kataluniako, Valentziako, Galiziako eta Balearretako alderdi politikoei eskatu diete euren pisu politikoa erabil dezatela ikus-entzunezkoen lege berrian Espainiako Gobernua behartzeko hizkuntza gutxituen presentzia handitzera. Datorren ostegunean Diputatuen Kongresuaren osoko eztabaidarekin hasiko da tramitatzen.

Elkarteek euren lurraldeetako alderdiei eskatzen diete lege-proposamena zuzen dezatela parlamentuko tramitazio-prozesuan zehar, ikus-entzunezko plataforma guztietan bikoizketak eta azpitituluek gaztelania ez den hizkuntza ofizialetan presentzia handiagoa izan dezaten bermatzeko.

Abenduan Madrilen bildu ziren eta mahai gainean jarri zituzten lege berriak herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko izan behar dituen ardatzak. Hala, legean sartzeko zazpi aldarrikapen dituen adierazpena aurkeztu zuten. Besteak beste, bikoizketa eta azpititulu kuotaz gain, plataforma guztietan euskaraz, katalanez eta galegoz serie eta film guztien derrigorrezko urteroko ekoizpena egitea, ez-betetzeen kasuan zehapen-erregimen argia ezartzea, eta ordu kopuruaren araberako kuoten konputatua egitea, filmak ez ezik hizkuntza gutxituetako serieak ere sustatzeko.

Iazko abendura arte egindako presio politiko eta sozialaren ondorioz, Espainiako Gobernuak aurkeztutako lege-proiektuak Estatuan egoitza duten plataformek euren katalogoetan dauden bikoizketak eta azpitituluak sartzeko betebeharra jaso zuen, “beti ere eskuragarri egon eta teknikoki bideragarri diren kasuetan”. Halabaina, entitateek ñabardura hori ezabatu dadila aldarrikatu dute, betebeharra saihesteko modua bihurtzea ekiditeko.

Atzerrian kokatutako plataformetan bikoizketak eta azpitituluak egoteari dagokionez, Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak plataforma horietan bertsio berriak diruz laguntzeko funts bat sortu zuen. Neurri hau ez-nahikotzat jo dute eragileek, ez baitio legeak berak jasotako bermeei erantzuten. Alde batetik, etorkizunean eten daitekeen aurrekontu-partida da eta, bestetik, bere eraginkortasuna atzerriko plataformek diru-laguntza hauek aprobetxatzeko duten borondatearen araberakoa da. Horregatik, entitateek eskatu dute plataforma horietan euskarazko, katalanezko edo galegozko edukien presentzia ez izatea plataformen borondatearen araberakoa, baizik eta legeak ezarritako kuoten araberakoa izan dadila, gaur egun gaztelaniatik gertatzen den bezala.

Era berean, erakundeek eskatzen dute hizkuntza gutxituen jatorrizko bertsioko eduki berrien inbertsio eta ekoizpen kuotak lege-proiektuan zein PSOEk eta ERCk iragarritako akordioan aurreikusitakoa baino handiagoak izatea. Hitzarmenak ezartzen du plataformek urteko fakturazioaren %0,5 bideratu beharko diotela Estatuari, gutxi gorabehera 15 milioi euro, kopuru murritzegia argi eta garbi. Horregatik eskatzen dute gutxienez bikoitza izan dadila, gaztelania ez den hizkuntza propioa duten lurraldeen biztanleriaren pisuaren araberakoa.

Datozen hamar urteetarako legea

2010eko Ikus-entzunezko Komunikaziorako Lege Orokorraren erreformaren tramitazioa 2018an onartu zen Europako Zuzentarauaren transposizioak behartuta dago. Berritasun gisa, Estatu Kideek atzerrian kokatutako plataformei finantzazio aurreratuaren betebeharra sartzeko aukera aurreikusten du Europako Zuzentarauak, eta argi eta garbi dio estatuetako legeriek UNESCOren Kultura-adierazpenen Aniztasuna Babesteko eta Sustatzeko Hitzarmena errespetatu behar dutela.

Sei erakundeek berretsi egiten dute nazioarteko plataforma gehienek, finkatzen hasi zirenetik ia hamar urteotan, Estatuko lurralde ezberdinetako berezko hizkuntzekiko izan duten erabateko mespretxua. Horregatik aldarrikatu dute hizkuntza betebehar oso argiak ezartzeko galdu ezin daitekeen aukera bat dela Ikus-entzunezkoen Legearen erreforma, gutxi gorabehera hamar urtean behin gertatzen baita.