Martxoaren 9an eztabaidatuko da Madrilgo Kongresuan hizkuntza gutxituen legez besteko proposamena

2021ko martxoak 05 Iruzkinik ez

Iritsi da eguna. Martxoaren 9an eztabaidatuko da Madrilen hizkuntza gutxituen inguruko Legez Besteko Proposamena. Hamar alderdik elkarrekin aurkeztu zuten proposamena abenduan: BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemosek. Orain, EH Bilduren ekimenez iritsiko da asteartean Kongresura, eta arratsaldeko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da.

Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia manifestua dago Legez Besteko Proposamen horren oinarrian. 2020ko otsailean elkartu ziren alderdiekin euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko honako eragileak: Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Ómnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseilua. Manifestua aurkeztu  zieten alderdiei, eta hizkuntzen berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko konpromisoa eskatu zitzaien. Hala egin zuten alderdiek, Madrilgo Kongresuan Legez Besteko proposamena aurkeztuta.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak uste du «une garrantzitsua» dela. «Espainiako Estatuak ez du nahi izan hizkuntza-aniztasunera egokitu. Hori berriro geratu da agerian Europaren aurrean: Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berretsita badu ere, Espainiako Gobernuak ez ditu bete Europako Kontseiluaren Aditu Batzordearen hizkuntza-gomendioak. Hala jakinarazi berri dio Kontseiluak ere Estrasburgori», gogorarazi du Bilbaok. «Horregatik da hain garrantzitsua Kongresuko eztabaida: gaztelera ez beste berezko hizkuntza dugunok sufritzen dugun diskriminazioarekin amaitzeko aukera dute alderdiek, eta hizkuntza-aniztasunaren eta eskubideen alde egin. Demokraziarentzako oinarrizkoa da hori, herritarrek eskubidea dugulako berdintasunean hartuak izateko, eta, hizkuntza-eskubideak bete ezean, nekez lortuko da hori».