Kontseilua eta Behatokia Europako adituekin batu dira Espainiako Estatuan Eurogutuna bete gabe jarraitzen dela ohartarazteko
Gaur, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren (Eurogutuna) aplikazioaren 6. Ebaluazioa egiteko Europako Kontseiluaren Aditu Batzordeko ordezkaritza izan da Iruñean, Estatu sinatzaileen gutunaren betetzea baloratzeko kontrol mekanismoen barruan. Bileran parte hartu dute Euskalgintzaren Kontseiluko eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiko ordezkariek, hainbat gizarte eragilek eta Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko arduradunekin batera.
Ez-betetzeak eta proposamenak justizian, administrazioan eta hezkuntzan
Pasaden ekainean, Espainiako Estatuak gutunaren betetzearekiko azken urteetan eman dituen pausoak azaltzen zituen Seigarren Txostena igorri zuen Europako Kontseilura. Jarraian, Kontseiluak eta Behatokiak balorazio txostena igorri zioten Adituen Batzordeari txosten horretan agertzen ziren gaiak aztertu zein gomendio propioak helarazteko.
Adituekin izandako bileran, Kontseiluak eta Behatokiak EAEko zein Nafarroako justizian, administrazio publikoetan, hezkuntzan, kulturan, komunikabideetan zein eremu sozioekonomikoan bezalako alorretan azken urteetan izan diren ez-betetzeak eta urraketak azaldu dizkiete Europako adituei. Era berean, irailean helarazi zitzaizkien gomendio eta proposamenak ere aurkeztu dizkiete.
Iragan urriaren 2an Kontseiluak eta Behatokiak Iruñean egindako prentsaurrekoan adierazi bezala, justiziaren eremuan Espainiar Estatuaren jarrera bere betebeharrekiko kontrakoa izaten jarraitzen du. Botere Judizialaren Lege Organikoak talka egiten du gutunaren 9. artikuluan ezarritakoarekin, hau da, prozedimendu penal eta zibilak euskaraz egin ahal izango direla bermatu behar dela aldetako batek hala eskatuaz gero. Izan ere, gaur gaurkoz ez da inondik inora bermatzen prozedimendu hauek berme guztiekin eta berdintasun egoeran euskaraz egin ahal izatea.
Halaber, administrazio publikoen kasuan, lanpostu askotan bi hizkuntza ofizialen ezagutzarik ez izateak herritarrei zerbitzuak berdintasunean euskaraz jasotzea nola oztopatzen jarraitzen duen azaldu diete adituei. Bestalde, egun hezkuntzaren alorrean haur eta gazteek euskaraz ikasteko dauden traba eta ezintasun nagusiak ere azaldu dituzte, bereziki Nafarroaren kasuan. Izan ere, Gutunean ezarritako helburuak betetzeko beharrezko ikusten dute euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aitortzea, eremu bakar batera mugatu beharrean.
Oldarraldi judiziala, Eurogutunaren printzipioen kontra
Bestalde, Estatuko botere judizialak EAEn zein Nafarroan Gutunaren konpromisoak sustatzeko hainbat neurri atzera bota dituztela salatu dute Kontseiluak eta Behatokiak. Halaber, sententzia sorta hauen inguruko ohartarazpena egin dezatela eskatu dute, erabaki judizial horiek gutunaren 7.2 artikuluan ezarritako printzipio garrantzitsu baten kontrakoak direla gogoraraziz. Izan ere, Gutunak berak argi adierazten du «Eskualde mailako edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunen eta gainontzekoen arteko berdintasuna lortu asmoz edo hizkuntzon egoera berezia kontutan izan dadin hartutako aldeko neurri bereziak, ez dira indar handiagoko hizkuntzetako hiztunen kaltetan egindako bereizkeriatzat hartuko».
Azkenik, balorazio guztiak bildu ostean Adituen Batzordeak bere txostena idatziko du, eta Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeari helarazi ondoren, Espainiako Estatuko administrazioei gomendio edo proposamen ezberdinak helaraziko dizkiete.