Ikus-entzunezko Legeak euskararen gutxieneko presentzia arautu behar du
Ostegun honetan Espainiako Kongresuak Ikus-entzunezko Lege berriaren eztabaidari ekingo dio, eta eztabaidaren atarian, Legeak bere egin behar dituen ardatz nagusiak proposatzeko batu dira gaur Donostian hainbat eragile.
Agerraldian izan dira: Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Iban Arantzabal TOKIKOMeko presidentea, Igor Astibia HEKIMENeko koordinatzailea, Alex Aginagalde Pantailak Euskarazeko bozeramailea eta Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia.
Ikus-entzunezkoen garrantziaz
Paul Bilbaok eta Alex Aginagaldek agerian utzi dute Lege horrek euskararen etorkizunean eta berreskurapen prozesuan izango duen eragin handia, eta horregatik, «gure hizkuntzaren presentzia duina bermatzeko gutxieneko neurriak jasotzeko» eskatu dute.
Azken hilabeteotan ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia bultzatzera bideratu diren ekimen eta lanketa ugariak balioan jarri dituzte: Netflix Euskaraz, Disney+ Euskaraz, Filmin Euskaraz, Zinemak Euskaraz, 3000 Twitz… «Eskubideen bermeaz ari gara, baina horretaz gain, beharra dago eta herritarrak eskatzen ari dira. Pantailak Euskaraz manifestuaren inguruan izandako adostasun zabalean eskaera batzuk jaso ziren ikus-entzunezko legeari dagokionez» gogoratu du Aginagaldek.
Legeak izandako ibilbideaz
2020ko abenduan, Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokor berriaren aurreproiektua aurkeztu zuen. Zirriborro horretan berezko hizkuntzen presentzia, eta ondorioz, euskararena, oso marjinalak ziren. Iazko uztailean, Behategiak, HEKIMENek, TOKIKOMek, Euskaltzaleen Topaguneak eta Pantailak Euskarazek, Kontseiluarekin lankidetzan, ekarpen bateratuak egin zituten euskararen presentzia bermatzeko kuotak eskatuz: «Gure ekarpenak ez ziren kontuan hartu, bat bera ere ez. Ez gureak, ez gainerako berezko hizkuntzen alde lan egiten duten eragileenak ere» esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Azaroan, Espainiako Gobernuak Kongresura helarazi zuen lege-proiektua, berezko hizkuntzei zegokienez aldaketa esanguratsurik gabe. Onduan, eragileek egindako ekarpenak zuzenketa bihurtu eta euskal alderdiei bidali zitzaizkien. Aldi berean, Kontseiluak, Plataforma per la Llenguak, Òmnium Culturalek, A Mesak, Acció Cultural del País Valenciàk eta Obra Cultural Balearrek euren lurraldeetako alderdiei eskatu zieten legean hizkuntza gutxituen presentzia areagotzea exijitzeko Gobernua osatzen duten alderdiei. Paul Bilbaoren hitzetan, «alderdiek zuzenketak egin dituzte, eta batzuen eta besteen artean, guk egindako ekarpenak jasota daudela esan daiteke. Horrek ez du esan nahi legeak jasoko dituenik, noski». «Egokitzat jo dugu, esaterako hamabi urte bitartekoentzat eduki batzuk bermatu behar izatea. Halere, kontuan hartuta lege honek hurrengo urteetako eskaintza arras baldintzatuko duela, beharrezkoa da modu osoagoan egitea eskaera» gaineratu du.
Ostegun honetan Kongresuko Ponentziaren Batzordean aztertuko dira lege proposamenari alderdiek aurkeztutako zuzenketa guztiak, bai eta erdibideko berriak ere. Honekin, Legearen onarpenerako prozedura azken txanpan sartuko da, eta orain hartuko dira behin betiko erabakiak, etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak. Aurreikusten da maiatzaren 26an bozkatuko dela osoko bilkuran.
Legeak jaso beharrekoaz
Elkartutako eragileek bat egiten dute Legeak euskararen gutxieneko presentzia berariaz arautzeko beharrean. Besteak beste, jaso beharko dituen ardatzak:
– Aldez aurreko finantzazioari dagokionez, hizkuntza gutxitu bakoitzari, gutxienez, % 8 esleitzea. Bestalde, katalogo orokorrean berezko hizkuntza gutxituei % 40 esleituko zaie, baina halabeharrez jasoko da hizkuntza bakoitzak gutxienez % 12 izango duela.
– Diru publikoz egindako lanetan euskarazko, katalanezko eta galizierazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzeko betebeharra ezartzea, horretarako erakunde publikoek behar den erraztasunak ematea.
– Telebista publikoetan ere gutxieneko kuotak ezartzea: informatibo territorialak bertako hizkuntza ofizialean egitea, Clan TVko edukiak bikoiztea…
– Plataformetako menuak euskaraz ere jartzea.
– Kokapen geolokalizazio bitartez euskarazko edukiak nabarmentzea.
– Autonomia-erkidegoek legea garatzeko eta euren hizkuntza ofizialak sustatzeko betekizun berriak sartzeko aukera izatea.
Azkenik, alderdiei eskaeran zehatza egin diete: bertan jasotako eskaerak onartzeko urratsak egin ditzatela. Ikus-entzunezkoek euskararen etorkizunerako duten garrantziaz ohartarazi nahi izan dituzte alderdiak. Izan ere, geroz eta ordu gehiago pasatzen ditugu pantailen aurrean, baina horietan ez dago euskarazko eskaintza handirik. Horrek eragina du euskarazko erreferenteak ez izatearekin, eta egoera hori emendatzeko aukera garrantzitsua izan daiteke lege honetan plataformetan euskarari lekua egingo zaiola bermatzea.
–
Iruzkinik ez "Ikus-entzunezko Legeak euskararen gutxieneko presentzia arautu behar du"