[Euskal Konfederazioa] Ekainaren 13an, denok Iruñara!

2026ko ekainaren 05a
EUSKAL KONFEDERAZIOA

Euskal Konfederazioak argitaratutako oharra.

Euskal Konfederazioa kide den Euskalgintzaren Kontseiluak Euskaltzaleon Martxa antolatuko du ekainaren 13an Iruñean. Badu urte eta erdi, Baionan eman prentsaurreko baten bidez, euskararen larrialdi egoera ohartarazi eta hizkuntza politikan jauzia eman beharra azpimarratu zutela bi erakundeek.

Ekainaren 13ko Martxa hiru zutabetan iraganen da, zutabe hauek euskararen Pizkunderako elementu bana aldarrikatuko dutelarik: euskaltzaletasuna, hizkuntza politikan jauzia eta ofizialtasuna.

Azken inkesta soziolinguistikoak utzi datu baikor bakanak, ipar Euskal Herriari dagokionez, Jarrerak atalean agertzen dira, zeinean ikus daitekeen euskararekiko interesa %92koa dela eta %79,4k euskarazko edo euskararen irakaskuntza hautatu nahi duela bere haurrentzat. Euskararekiko atxikimendu hori terrenoan ere ikus daiteke, ikastoletan, ikastetxe elebidunetan, gau eskoletan, euskarazko aisialdi zentroetan, lehen haurtzaroko euskarazko egituretan eta abarretan izen emateak goruntz baitoaz.

Baina jendartean aldekotasuna argia eta nagusi bada ere, gaur egun indarrean diren politika publikoak eta baliabideak ez dira ipar Euskal Herriko gehiengoak galdetzen duenaren heinean. Ezinezkoa da egunerokoan euskaraz normaltasunez bizitzea, euskararen biziberritze osoa ekarri beharko lukeen hizkuntza politika ez da diru eta lege baliabidez behar bezala hornitua eta, ofiziala ez izanki, euskarak bigarren mailako hizkuntza gisa kontsideratua izaten segitzen du gaur egun ere.

Horiek horrela, Euskal Konfederazioak ipar Euskal Herriko euskaltzale guziak deitzen ditu Martxan parte hartzera, Euskal Herri osoan eta berezikiago ipar Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko euskarak gaur egun eskas duena aldarrikatzera, hots hizkuntza politikan jauzia eta ofizialtasuna.