300.000 euskaldun gehiago 2036rako: euskalduntzearen erritmoa bikoizteko erronka

2026ko maiatzaren 28a

Euskalgintzaren Kontseiluak gaur aurkeztu duen Pizkunderako Erronkak euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi duten larrialdi linguistikoari erantzun eta indarraldi berri baterako ibilbidea abiatu nahi du. Izan ere, azken diagnostikoek normalizazio eta biziberritze prozesuaren motelaldia utzi dute agerian. Are, atzeraldiaren arriskua ere handia da ezer egin ezean. Horregatik, joera horiek irauli eta pizkunde berri bat gerta dadin eman beharreko jauziaren helburuak, adierazleak eta bitartekoak proposatu ditu. Gizarte gisa aurrera eraman beharreko erronka bat: euskalgintzarentzat, erakundeentzat, eragile sozial eta politikoentzat, eta, jakina, euskaltzaleentzat, eta, oro har, euskarari etorkizuna eman nahi dioten herritar guztientzat. Proposamenari babesa adierazteko, ekainaren 13an Iruñeko kaleak euskaltzaletasunez beteko dituen Euskaltzaleon Martxara joatera deitu du Kontseiluak.

Proposamenaren abiapuntua Kontseiluak duela bi urte plazaratutako diagnostikoa da: euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daude, eta ezinbestekoa da biziberritze prozesuan jauzi bat ematea, Pizkunde berri bat eragitea. Ardura horretatik abiatuta eta irtenbide gisa, Kontseiluak hamar urterako erronka bat proposatu du, arestian esan bezala, erakundeei ez ezik, gizarte osoari zuzenduta, «Pizkunderako Erronka» izenburuarekin. Proposamena 140tik gora eragile sozialek sinatutako Batuz Aldatu adostasun sozial zabalean oinarritzen da.

Hamar urteko epean, urtero 30.000 euskaldun oso irabaztea

Erronkaren oinarri nagusietako bat ezagutzan eman beharreko jauzia da: zehazki, 300.000 euskaldun oso sortzea hamar urteko epean, 2036rako. Gaur egun, 15.000 euskaldun inguru irabazten dira urtean Euskal Herri osoa aintzat harturik, baina hori ez da aski motelaldia atzean utzi eta biziberritze ziklo berri bat abiatzeko. Kontseiluak proposatutako erronkak kopuru hori bikoiztea, 30.000ra igotzea, planteatzen du, hartara, hiztun komunitatearen erreprodukzio tasa indartzeaz gainera, erabilera aukerak areagotu, eta egungo munduak ekarritako desafio itzelei aurre eginez hizkuntza bizi izaten jarraitzeko baldintza sendoak finkatzeko. Azken batean, orain arteko euskalduntze erritmoa bikoiztea litzateke erronka. Horretarako, lurralde eta eremu administratiboka helburu espezifikoak ezarri dira, errealitate soziolinguistiko desberdinak eta progresibotasuna kontuan hartuta.

Honela, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun urtero sortzen diren 13.000 euskaldunen kopurua 25.000 izatera pasa beharko litzateke; Nafarroan, egungo 1.500etatik 3.700era; eta Ipar Euskal Herrian, 440etatik 1.300era.

Erronkaren beste oinarri garrantzitsua erabilerari dagokionean proposatzen dena da: hain zuzen ere, datozen hamar urteetan erabilera aitortuari dagokionean %20ko langa gainditzea da; beste era batera esanda, egungo %15,3tik ia bost puntu irabaztea. Ezinbestean, erronkak aldi berean ezagutzan eta erabileran eragiteko xedea du: ezagutza areagotzea erabilerarako aukerak biderkatu eta sendotzeko, eta erabilera igotzea, hizkuntzaren bizigarritasunaren berme ez ezik, ezagutzaren indartzaile izateko. Etorkizunera begirako azken proiekzioek moteltze zantzu argien, are, galeren –Nafarroako kasuan– arriskua jarri dute mahai gainean, bai ezagutzan, bai erabileran, eta joera iraultzeko proposamena da.

Bost gako, bost jauzi

Pizkunderako Erronka, erronka den heinean eta joera aldaketa baterako bidea izanik, anbiziotsua da. Baina, aldi berean, egingarria. Bide horretan, bost arlo estrategikotan jardutea planteatzen du Kontseiluak.

Lehenengoa, hezkuntza arautua da, eta helburua urtean 180.000 euskaldun oso gehiago lortzeko desafioari heltzea. EAEn horretarako tresna euskarazko ikasteredua orokortzea da, gaur egungo ereduen sistema gaindituz, eta euskara gutxien dutenek euskara gehiago jaso dezaten baliabide eta lanabesak eskainiz. Nafarroan, giltza murgiltze eredua % 40era hedatzea litzateke, eta horrekin batera, ikasle guztiek jasotzea, gutxienez, euskara ikasgai gisa. Ipar Euskal Herrian ere, Nafarroan bezala, euskarazko murgiltze ikastetxeen hedatzean dago gakoetako bat, eta, halaber, ikasle denen curriculumetan euskarazko ikasgaia txertatzean. Jakina, Iparraldeko kasuan ezin ahaztu ibilbide akademiko osoa, Batxoa azterketa barne, euskaraz egiteko bermea eskuratzearen garrantzia.

Bigarren arlo estrategikoa, helduen euskalduntze-alfabetatzeari dagokiona da. Hamarkada batean 120.000 euskaldun oso gehiago sortzea da erronka: 100.000 EAEn, 14.800 Nafarroan eta 5.200 Ipar Euskal Herrian.

Helburua lortzeko, ezinbestekoa izango da euskara-ikasketen doakotasuna, erakundeen eta gizarte-eragileen jarduna koordinatuko duen agentzia berri baten sorrera, pertsona migratuen harrera linguistikorako baliabide eta erraztasunak handitzea, eta lan munduan euskararen presentzia areagotzeko araudia eta plangintzak sustatzea.

Hirugarren gakoa, gainerakoak gauzatu ahal izateko baliabideak dira. Hala, euskararen normalizaziorako hizkuntza-politiketara bideratzen diren diruetan ere jauzi bat ezinbestekoa da, larrialditik indarraldirako bidea egingo bada. Egun, Euskal Herriko hiru administrazioetako gobernuek, batez beste, aurrekontuaren % 0,45 bideratzen dute hizkuntza-politikara. Hala, eta hizkuntza politikaren ardura maila guztietako erakunde publikoetara zabaldu asmoz, bai gobernu, aldundi, udal zein bestelako organismoetara, inbertsioa Euskal Herriko aurrekontu kontsolidatuaren % 2ra igotzea da proposamena.

Laugarren gakoa euskararen arkitektura juridikoan eman beharreko jauzia da. Normalizazio eta biziberritze zikloa abiatuko duten hizkuntza-politikak bermez eta iraunkortasunez egin ahal izateko, euskarak ofizialtasun osoa behar du Euskal Herri guztian. EAEn egungo oldarraldi desofizializatzailea etetea ezinbestekoa da, eta arkitektura juridiko berriak saiatzea. Nafarroan, zonifikazioa gainditu eta euskara ofiziala eremu osoan izatea, eta Ipar Euskal Herrian ofizialtasun estatusa eskuratzea. Erronka handia dudarik gabe, baina euskaltzaletasun indartsu batek ekar dezakeena.

Bosgarren gakoa, euskaraz bizitzeko behar diren baldintza errealak modu integral eta zeharkakoz eratzea; beste era batera esanda, euskarazko ekosistema oso bat: kulturan, aisialdian, ingurune digitalean, ehundura sozial osoan… Eta, jakina, horretarako politika publikoez gaindi ezinbestekoa izango da euskaltzaletasun aktibo, indartsu eta antolatua; ezinbestekoa izango da euskaltzale bakoitza jabetzea, ahalduntzea eta antolatzea. Azken batean, euskaltzaletasun aktibo eta antolatu hori izango da erronka gauzatu ahal izateko funtsa.

Era berean, erronka ez da adierazpen hutsa izango: bost urteko bi ziklotan egituratu da, eta Inkesta Soziolinguistikoa izango da aurrerapenaren neurgailu nagusia. Horrela, neurriak egokitzeko eta norabidea zuzentzeko aukera egongo da etengabe.

Nazioarteko esperientziak oinarri, adituen babesarekin

Erronka egingarria, anbiziotsua eta ilusio piztailea da, zentzuzko helburuekin, eta neurri eta adierazle sendoekin. Gainera, proposamena nazioarteko hainbat hizkuntza gutxitutako komunitateen esperientzietan oinarritzen da, eta erreferentziatzat hartu dira Galeseko gobernuaren Cymraeg 2050, Kataluniako Generalitatearen Pacte Nacional per la Llengua eta Galiziako Protocolo Lingua Vital estrategiak, bai eta Ipar Euskal Herrian Euskal Konfederazioak proposatutako 2050. urterako helburua.

Kontseiluak antolatutako aurkezpenean parte hartu dute esperientzia horien lanketan aritu diren adituak: Galesetik Elin H. G. Jones Galesko Unibertsitateko katedraduna eta ELEN sareko presidentea, Galiziatik Marcos Maceira Galiziako A Mesa plataformako zuzendaria, Kataluniatik Francesc Marco-Palau Plataforma per la Llengua elkarteko zuzendaritzakidea eta Ernest Montserrat Òmnium Cultural erakundeko zuzendaritzakidea,

Galesetik, Elin Jonesek Galeseko Gobernuaren Cymraeg 2050 proposamena azaldu du, zeinak urte horretarako milioi bat galesera hiztunen langa gainditzea duen helburu. Marcos Maceirak, berriz, Protocolo Lingua Vital proposamena azaldu du, galizieraren larrialdi egoerari aurre egiteko urgentziazko neurriak proposatzen dituena. Francesc Marco-Palauk eta Ernest Montserratek Kataluniako Generalitatearen Pacte Nacional per la Llengua akordioa azaldu dute, 2030 urterako 600.000 katalan hiztun gehiago izatea xede. Sébastien Castet Euskal Konfederazioko bozeramaleak Ipar Euskal Herrirako egindako proposamena aurkeztu du: 2050. urterako herritarren % 30 euskalduna izatea.

Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluko proposamena aurkeztu du Manex Mantxola koordinatzaileak.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!