Iruñea euskararen aldeko mobilizazio handi baten epizentro izango da ekainaren 13an
Ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxatik astebete faltan, Gazte Euskaltzaleon Sareak eta Euskalgintzaren Kontseiluak ekimen desberdinak antolatu dituzte, euskararen aldeko giroa eta herritarrak aktibatzeko asmoz.
Urepeletik Iruñera, euskaltzale guztiek bat egiteko
«Gazte euskaltzaleok bidea urratu» lelopean, Gazte Euskaltzaleon Sareak ekainaren 11tik 13ra hiru eguneko martxa bat antolatu du Urepeletik Iruñera, gazteen konpromisoa indartu eta euskararen alde kalera ateratzeko.
Ekainaren 11n, osteguna, 11:30ean hasiko da martxa Urepelen, eta handik Orreagara iritsiko dira, geldialdi historiko bat eginez. Lehen etapa Auritzen bukatuko da, eta mural margoketa eta afari musikatua izango dute herriko gazteekin. Ostiralean 11:30ean irtengo da bigarren etapa. Linzoainen bazkaldu eta herri kirolen ondoren, Larrasoñanara iritsiko dira, Bidenabar taldearen kontzertuarekin eta afaria Esteribarko Gazte Asanbadaren eskutik. Eguna bukatzeko, “Ipar Euskal Herriko gazteak euskalgintzan” mahaingurua antolatu dute. Larunbatean, 10:00etan irtengo da azken etapa, eta 13:30ean Iruñera iristerakoak harrera egingo zaie Karmel Kalean. Bazkalostean, txaranga batek lagunduta, Euskaltzaleon Martxako zutabeetara batuko dira.
Ekainaren 13an bertan, Euskalgintzaren Kontseiluak egun osoko egitaraua prestatu du Iruñeko hainbat lekutan. Goizean, 11:00etatik aurrera, haurrentzako txokoa egongo da Santa Ana Plazan, Porrotx eta Zapotxin pailazoen ikuskizunarekin, eta ondoren Dindaiakale jolasekin. 12:00etatik aurrera, Kantujira Alde Zaharretik eta Bermut-pintxada LABAn.
Zutabeetara joateko irizpideak
Arratsaldeko 17:00etan izango da eguneko momenturik garrantzitsuena: Euskaltzaleon Martxaren zutabeak Iruñeko hiru puntutatik abiatuko dira. Antolatzaileen gomendioari jarraituz, Alde Zaharrean daudenak Runako Parkean bilduko dira, autoz datozenak Antoniutti Parkean, eta autobus antolatuen bidez iritsi direnak Askatasun Enparantzan.
Astelehenean iragarriko diren hiru kolektibok pregoi eta txupinazo bana botako dituzte, eta, aldarrikapen eta ospakizun giroan, zutabeak Martxaren hiru aldarriekin –Ofizialtasun osoa, Jauzia hizkuntza politiketan eta Euskaltzaletasuna– bat datozen pankarten atzetik abiatuko dira, Gazteluko Plazan bat egiteko. Bertan egingo da ekitaldi nagusia, plaza beteko duten milaka pertsonak dantzan jarriko dituen amaiera batekin. Eguna bukatzeko, ErripaBizirekin kalejira bat egingo da Alde Zaharretik, EHEk antolatuta.
Gazteen martxan izen-ematea eta 13rako autobusen zerrenda
Gazteen martxan izena eman daiteke oraindik ere, ekainaren 7ra arte, labur.eus/izenematea-gaztemartxa estekako galdetegiaren bitartez. Gainera, Urepelera joateko bi autobus egongo dira, 10 euroan, ibilbide desberdinekin: lehenengoa Bilbo, Gasteiz eta Iruñetik pasako da, eta bigarrena Donostia, Baiona eta Donibane Garazitik. Izena emateko galdetegi hau bete behar da.
Ekainaren 13rako, berriz, euskalgintzaren eta tokiko erakundeen artean dagoeneko 25 autobusetik gora antolatu dira hainbat herri eta eskualdetatik, baita Bilbo eta Donostiatik ere. Autobus guztien zerrenda eta apuntatzeko informazioa www.pizkundea.eus webgunean ikus daiteke, baita azken orduko autobus berriak jakinarazi ere.

