Euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatuko dugu ekainaren 13an Iruñean

2026ko apirilaren 27a

Ostiralean, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten dozenaka gizarte eragileak Baionan elkartu ziren, Merkataritza eta Industria Ganbararen egoitzan, euskararen aldeko gizarte-eragileen bilgune nagusiaren 2026. urteko Batzar Nagusian. Bertan, Kontseiluaren jardunaren balantzea eta kudeaketa plana onartzeaz gaiz, ekainaren 13an Iruñean antolatuko duten Euskaltzaleon Martxaren lema ezagutarazi zuten: «Euskaraz bizitzeko behar den dena».

EUSKALTZALEON MARTXA 
Euskaraz bizitzeko behar den dena 
Ekainak 13 · Iruñea
JAITSI KARTELA

Euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren baldintzak

Kontseiluko bazkideek diagnostikoa partekatu dute: azken hamarkadetan berreskurapen ziklo bat gertatu den arren, gero eta gehiago dira euskararen etorkizunaren gaineko kezka eta larritasuna adierazten dituzten datuak eta ikerketak, eta zailtasun horiei Erantsi behar zaie euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi antolatu bat. Batzarrean, berretsi dute erronka berri hauen aurrean beharrezkoak direna euskararen aldeko jauzi bat, paradigma aldaketa bat, ofizialtasuna Euskal Herri osoan, eta zeharlerrotasuna politika publiko guztietan.

Hala ere, adierazi dute euskararen normalizazioa eta biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesu bat dela, eta, ondorioz, aurrerapausoak ez direla soilik esparru instituzionalean erabakiko. Indar sozial antolatua eta herritarren inplikazioa ezinbestekoak dira euskaltzaletasunaren giharra indartzeko.

Testuinguru horretan kokatzen da ekainaren 13an Iruñean Kontseilua antolatzen ari den mobilizazioa, Euskaltzaleon Martxa. 2024an irekitako bideari jarraipena emanez, helburua da egungo larrialdi linguistikotik indarraldira igarotzeko premia gizarteratzea eta pizkunde berri baterako txinparta izatea. Abenduan Bilbon egindako ekitaldiak diskurtso hori plazaratzeko balio izan bazuen, ekaineko hitzordua Pizkunde berri baterako behar ditugun baldintzen aldarrikapenerako gunea izango da. Euskaltzaleok antolatzeko beste urrats bat, «euskaraz bizitzeko behar den dena» eskuratzeko bultzada.

Mobilizazioa arratsaldez egingo da. 17:00etan, hiru puntu ezberdinetan bilduko dira herritarrak, eta puntu hauetatik abiatuko dira Iruñeko kaleak beteko dituzten hiru zutabeak. Zutabeetako bakoitzak euskarak behar duen Pizkunderako ezinbestekoak diren hiru oinarrietako bana ordezkatuko du: ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna.

Lehenengoa, euskarak Euskal Herriko lurralde guztietan ofizialtasun osoa izan dezala aldarrikatuko duena: Ipar Euskal Herrian koofizialtasuna, Nafarroako euskararen zonifikazioa gainditu eta ofizialtasuna lurralde osora hedatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan oldarraldiaren ondorioz eragiten ari den desofizializazioaren aurrean euskararen normalizazioa blindatuko duen arkitektura juridiko berri bat.

Bigarrena, hizkuntza politiketan jauzi bat eragiteko asmoz erakundeak, alderdiak eta eragile sozialak interpelatuko dituena, euskararen ezagutza orokortuko duten politiken eta erabilera normalerako baldintzak sortuko dituzten neurrien alde. Eta hirugarren zutabea, euskaltzaletasunaren ekarpena aldarrikatuko duena, azpimarratuko duena egunerokoan euskaltzale gisa jokatzearen garrantzia eta euskaltzaleak elkarrekin antolatzearen premia.

Zutabeek Gazteluko Plazan bat egingo dute eta bertan egingo da ekitaldi politikoa, amaiera berezi bat emanez. Halaber, goizean zehar Iruñeko eragile ezberdinen eskutik kaleak girotzeko ekimenak egingo dira Alde Zaharrean. Beraz, egun osoan zehar Iruñeko kaleak euskaltzalez betetzeko deia egingo da.

Kontseiluko kideek laguntza eskatu diete Euskal Herri osoko eragile eta norbanako euskaltzaleei mobilizazioaren zentzua partekatzeko, ingurukoak mugiarazteko, sareetan deialdia zabaltzeko eta herritarren aktibazioan eragiteko. «Ekainaren 13a mugarri izatea nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa izango da guztion inplikazioa» adierazi dute. Laguntzeko baliabide eta proposamen guztiak webgune honetan igotzen joango dira.

Kontseiluak bi bazkide berri onartu ditu

Aurtengo batzarrean bi bazkide berri batu dira Kontseilura: Hamaika Telebista eta Garabide Elkartea. Hamaika Euskal Herri mailako euskarazko telebista da, euskarazko ikus entzunezkoak ekoitzi eta hedatzen dituena. Garabide, berriz, lankidetzaren alorrean ari den elkartea da, eta munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu, euskararen esperientziatik abiatuta. Guztira, bazkide oso diren 28 eragilek eta 4 erakunde so-egilek osatzen dute Kontseilua. Ikusi bazkideen zerrenda osoa.

Ainhoa Jauregi Hamaika Telebistako zuzendariak adierazi du euskarazko komunikazioaren aldeko apustu sendo batetik sortu zela proiektua, eta «pozik eta harro» daudela adierazi du kide izateko urratsa emateagatik. «Guretzat ez da izapide hutsa; urte luzez egin dugun lanaren jarraipena eta gure konpromisoaren sendotzea da. Bazkide izateak aukera emango digu elkarlan estuagoan aritzeko, erronka partekatuak elkarrekin lantzeko eta euskararen normalizazioan pauso sendoagoak emateko» gehitu du.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!