Larrialditik indarraldira, Nafarroa osoan hizkuntza-eskubideak bermatzeko unea da

2024ko abenduaren 12a

Pasa den azaroaren 30ean, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten gizarte eragileen ordezkariek «Larrialditik indarraldira» adierazpena plazaratu zuten. Bertan azaldu zuten euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu denaren zantzuak agerikoak egin direla azken urteetan. Nafarroan, adibidez, hamar ikasletik seik ez du inolako harremanik euskararekin bere ikasketa prozesu guztian, eta eremu euskaldunenetan ere erabilera soziala ahultzen ari da. Ondorioz, euskara eta hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gaudela adierazi zuten, baina urrats bat aurrera egin eta larrialditik indarraldira bideari ekiteko beharra aldarrikatu zuten Kontseiluko bazkideek.

Horretarako, lehen eginkizuna euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea dela azaldu zuten. Bestalde, iazko azaroaren 4ko manifestazioaren ondoren adierazi bezala, euskararen normalizazioa berriro norantza egokian jarriko duen akordio sozio-politikoa bideratzeko erantzukizunean berretsi, eta adierazi zuten 2025a urte garrantzitsua izango dela euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat. Halaber, 2025eko abendurako mobilizazio sozial handi baterako deia egingo dutela ere iragarri zuten. Azkenik, bide honen parte izatera gonbidatu zituzten herritarrak, erakundeak, agintariak eta eragile politiko eta sozial guztiak.

Gaurko agerraldian, 1986ko Euskararen Foru Legearen 38. urteurrenaren atarian, Nafarroan larrialditik indarraldirako bidean urgentziazko neurrien Dekalogoa aurkeztu dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta berau osatzen duten Nafarroako eragileek: Nafarroako Ikastolen Elkartea, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, Sortzen, Errigora, EMUN, UEU, Euskal Herrian Euskaraz eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia.


Nafarroan euskararen larrialditik indarraldirako bideari ekiteko urgentziazko neurrien Dekalogoa

Azken urte hauetan urratsak egin dira Nafarroan, hori ukaezina da, baina ez dira nahikoak oraindik ere. Uste dugu aurreko inertzia batzuek bere horretan jarraitzen dutela: Nafarroan ofizialak eta berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza baloratzen jarraitzen da, eta euskara laugarren mailako hizkuntza bihurtzen dute; euskarazko ereduan matrikulatzeko zailtasunek jarraitzen dute; funtzionario elebidunak legez diskriminatzen dira euskara jakiteagatik; edozein erabaki hartzean herritarren arteko kohesioari eragingo liokeen onurari baino, kontrakoen balizko oldarraldiari begiratzen zaio gehiegitan. Euskaraz bizitzeko eskubidearen gainetik jartzen dira hirugarren batzuen kexak.

Horrela, bidegabekeria asko dago oraindik Nafarroan. Are gehiago, oraindik herritarrei hizkuntza‐eskubideak bizi diren tokiaren arabera aitortzen zaizkie. Datorren abenduaren 15ean Euskararen Foru Legearen 38. urteurrena izanen da, nafar guztiondako zorigaitzeko data.

Arestian esan bezala, urte luzez garatutako inertziei amaiera eman behar zaie. Ulertezina da urte luzez euskaldunak zokoratzeko eta herritarren arteko bereizkeria are handiagoa sortzeko abian jarri zituen hainbat neurri baliogabetu ez izana. Egindakoari begiratu, baina egin beharrekoari arreta jarri behar diogu. Orain da garaia hurrengo urteetako politikaren oinarriak non kokatuko diren azaltzeko. Orain dagokie alderdiei esatea zein puntutaraino apurtu nahi duten urteetan euskaldunak diskriminatzeko abian jarri zituzten inertziekin.

Horretarako, Nafarroako Gobernuari ondorengo gakoen gainean determinazioz aritzeko eskaera egiten diogu. Horietan guztietan urratsak ematen bidelagun izanen gaitu:

  1. Arkitektura juridikoa aldatzea ezinbestekoa da. Euskarak Lege berri bat behar beharrezkoa du, nafar guztion hizkuntza-eskubideak bermatuko dituena, zonifikazioa gaindituko duena, eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena.
  2. Administrazioa euskaldundu behar da. Egungo merezimendu dekretua bertan behera utzi eta herritarrei harremana euskaraz bermatuko dien araudi berri bat egin behar da. Azken finean, administrazioan euskararen erabilera arautuko duen Dekretua behar da, eta horretarako Departamentuetako hizkuntza-planak martxan jarriko dira.
  3. Euskararen aurrekontua handitu behar da. Aurrekontu osoaren % 2 izanen da gutxienez. Honekin batera, hizkuntza-politika gobernuaren politiken zehar-lerro bihurtuko da.
  4. Hezkuntza-sistemak belaunaldi berriak euskalduntzeko sistema abian jarri behar da.
  5. Helduen euskalduntzearen sektorea egonkortu eta indartu behar da.
  6. Arlo-sozioekonomikoa euskalduntzeko neurriak behar dira.
  7. Euskarazko hedabideak babestu behar dira.
  8. Aisialdiaren euskalduntzea sustatu behar da.
  9. Arnasguneak babestu behar dira.
  10. Erabilera soziala eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko ekimenak sustatu behar dira.