Nafarroako Kontseiluaren irizpenak euskara mespretxatzen du
Otsailaren 21ean, Nafarroako Kontseiluak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzeko Foru Dekretu-proiektuaren (aurrerantzean, Merezimenduen Dekretua) gaineko 4/2024 irizpena eman zuen. Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusiak, eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak organo aholku-emailearen ebazpenaren balorazioa egin dute, araudiaren interpretazio erabat murriztailea egiten duela salatuz.
Mespretxu eta gutxiespen onartezina
Nafarroako Kontseiluaren ebazpenak euskara eta hizkuntza-eskubideak mespretxatzen dituela uste dute bi eragileek. Izan ere, eremu mistoko Osasunbideako zerbitzuetako lanpostuetan oro har euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertzen da, baina, aldi berean, funtsezkoa iruditzen zaio ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza «Europar Batasuneko hizkuntzak direlako». Hau da, osasun sisteman zerbitzuak eskaintzeko garrantzia gutxiago ematen diote Nafarroako berezko hizkuntza den euskarari eta lurralde osoko hiztunen eskubideei, nazioarteko hizkuntzen ezagutzari baino. Nola da posible Europar Batasuneko hizkuntza diren ingelesa, frantsesa eta alemanaren ezagutza merezimendu orokortu bezala onartzea baina ez euskararena?
Ebazpenean islatzen den euskararen mespretxua eta herritarren gutxiespena onartezina da. Izan ere, nafar guztiek dute euskaraz bizitzeko eskubidea eta Nafarroako erakundeek herritarren eskubideak ez ezik berezko hizkuntza bermatzeko betebeharra, ingelesarekin, frantsesarekin eta alemanarekin gertatzen ez den bezala.
Hau gutxi balitz, Nafarroako Kontseiluak berak 7/2020 Irizpenean adierazi zuenaren kontrakoa esaten du oraingoan, hau da, ez dagoela oztoporik euskararen ezagutza Nafarroa osoko lanpostuetan meritu gisa baloratua izan dadin. Bestalde, Foruzaingoaren kasuan, irizpenak, puntualizazioren bat eginez, onartzen du modu orokortuan baloratzea. Beraz, zergatik onartzen da Foruzaingo osoan merezimendu izatea eta ez Osasunbidean?
Gogoratu behar da osasungintzaz ari garenean herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea ezinbestekoa dela kalitatezko arreta bermatzeko eta, bereziki, herritarraren osasuna arriskuan ez jartzeko edo baldintzatzeko. Nafarroako Gobernuak kalitatezko osasun arreta eta oinarrizko giza eskubideak bermatzeko betebeharra du, eta administrazio publikoaren betebeharrak lausotzeak, egungo zerbitzuak ez ezik, etorkizunekoak ere mugatzen ditu.
Jada murritza zen dekretua gehiago murriztea
Kontseiluak eta Behatokiak kezka adierazi dute dekretuaren proiektua jada aurreko araudiek jasotzen zutena baino atzerakoiagoa zelako eta, orain, Nafarroako Kontseiluak are murritzagoa egin behar dela gomendatzen duelako. Gainera, Nafarroako Kontseiluak epaitegietatik jarraitutako ildo bera jarraitzen du hizkuntza-politika eta ondorioz hizkuntza-eskubideak eta euskararen sustapena oztopatuaz.
Gaur gaurkoz, irakaskuntzako lan-postuetatik harago, Nafarroako Gobernuko lanpostu guztien %3 ere ez da elebiduna. Gainerako lanpostuetan euskara merezimendu gisa baloratzea hizkuntza-eskubideen alde aurrerapausoak eman eta euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko modua izango litzateke.
Aldiz, dekretu-proiektuak eremu mistoan lanpostu batzuetan soilik baimendu nahi du euskara merezimendu gisa baloratua izateko aukera, erabat sinbolikoak diren ehunekoetan gainera. Kontuan izan behar da lanpostu horietako batzuk zerbitzu zentraletakoak ere badirela eta, beraz, Nafarroako herritar guztiei zuzendutako zerbitzuak direla.
Bestalde, eremu “ez euskaldunean” euskara ezagutzea meritu gisa baloratzeko aukera erabat ezabatzen du dekretuak. Eta eremu euskaldunean ere, aurreko araudiak ezartzen zituen eta epaitegietatik baliogabetu ez ziren artikuluak murrizten ditu dekretu proposamenak. Dekretua onartuz gero, atzerapausoak ezarriko dira eremu guztietan.
Gainera, Kontseiluak eta Behatokiak gogora ekarri dute dekretu-proiektuak kontrako txostenak eta irizpenak jaso dituela Toki Araubideko Foru Batzordetik, Euskararen Nafar Kontseilutik, sindikatuen mahai orokorretik eta euskalgintza zabaletik.
Gobernuari dekretua berrikusteko eskaera
2022an, Nafarroako Gobernuko erregistroan 1.700 herritarren eskaerak aurkeztu zituzten Kontseiluak eta Behatokiak. Urte bereko maiatzean, milaka nafarrek Iruñeko kaleak bete zituzten dekretu atzerakoia salatu eta euskararen aldeko neurriak eskatzeko. Gobernuak entzungor egin die herritarren eskaera eta aldarri guztiei. Eta, gainera, atzerapauso gehiago onartuz joan da denborak aurrera egin ahala.
Onartuz gero, dekretu honek ez du bermatuko ezta ahalbidetuko herritarrek administrazio publikoko zerbitzuetan euskara erabiltzeko pausoak eman ahal izatea. Egoera honetan, hurrengo urteetan ere milaka herritarrek euskarazko hizkuntza-hautua egiteko zailtasun handia izaten jarraituko dute eta administrazioak euskara erabiltzeko aukera oztopatu eta baldintzatuko die. Finean, milaka herritarren askatasuna murriztuko du.
Azkenik, Kontseiluak eta Behatokiak Nafarroako Gobernuari eskatu diote ez dezala onartu araudiak edukiz husten jarraitzea, Dekretuaren eduki atzerakoiak berrikusi eta lehenbailehen Nafarroa osorako hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen araudia garatu dezala, hizkuntza-politika egiteko dituen eskumenak defendatu eta euskararen alde egiteko erabiliz.