Sindikatu nagusiek bat egin dute azaroaren 4ko manifestazioarekin, euskaraz lan egiteko eskubidearen alde
Gaur, euskal sindikatu nagusiek eta lan munduko hainbat eragilek bat egin dute azaroaren 4an euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko Bilbon egingo den manifestazioarekin. Atxikimendu adierazteko prentsaurrekoan langileen hizkuntza-eskubideen eta lan-eskubideen aldeko aldarria eta argudioak aurkeztu dituzte.
Agerraldian izan dira Pello Igeregi ELA sindikatuko euskara arduraduna, Garbiñe Araburu LABeko koordinatzaile orokorra, Javi Quintanillas CGT/LKN-ko Bizkaiko Antolakuntza arduraduna, Nagore Landa STEILASeko Nazio Batzorde Iraunkorreko kidea, Iñaki Pujana HIRUko ordezkaria, Patxiku Irisarri Nafarroako EHNEko idazkari nagusia, Unzalu Salterain ETXALDEko bozeramailea, Leire Udabe OLATUKOOPeko ordezkaria, Arantza Urrezti EHko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaria, eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, adierazpen bateratua irakurtzeaz arduratu dena. Bertaratu ez diren arren, bat egin dute ESK sindikatuak eta LANARTEAk.
ADIERAZPENA
Eremu sozioekonomikoa ezinbestekoa da hizkuntza gutxitu baten biziberritze eta normalizazio prozesuan. Izan ere, gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu eta beste parte handi bat inoren lanaz baliatzen. Horregatik, herritar-erabiltzaile modura zerbitzua norbere hizkuntzan jasotzeko eskubidea aldarrikatu nahi du Kontseiluak, baita langile modura euskaraz lan egitekoa ere. Hain zuzen, langileek Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko, lan-jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eta lan-harremanak euskaraz burutzeko eskubidea defendatzen dugu. Finean, hizkuntza eskubideak lan eskubide ere badirelako.
Aitortza hori ezinbestekoa da gure hizkuntza hautua modu librean egin ahal izateko. Are gehiago, lan munduaren euskalduntzea araubidean jartzea ezinbestekoa da, guztion eskubideak bermatu ahal izateko. Horrez gain, Euskal Herri osorako, baina tokian tokiko berezitasunei erantzungo dion hizkuntza politika eraginkorrak behar ditugu, hizkuntza eskubideak aitortu ez ezik, garatu ahal izateko.
Orain arte, haur eta gazteengan jarri izan dugu fokua: «belaunaldi berriak euskaldundu, etorkizuna euskaldundu dadin», baina denborak argi utzi digu hori ez dela horrela. Hezkuntza ezinbesteko oinarri bat da, bai, baina ez da nahikoa. Zertarako balio du inoizko gazte belaunaldi euskaldunena izateak, lan-mundua erabat erdalduna denean?
Euskararen normalizazioaren ikuspegitik, eguneroko bizitzan eremu sozioekonomikoaren eragina eta izaera egituratzailea agerikoa da. Bai langile modura, baliabide eta zerbitzuen ekoizpenean, baita hauen erabiltzaile edo kontsumitzaile gisa ere. Geroz eta agerikoagoa da euskararen biziberritze eta normalizazio prozesuak ezinbestekoa duela lan-munduaren euskalduntzean jauzia egitea.
Zoritxarrez, kontrako norantzan datoz azken aldian epaitegietatik jasotako sententziak. Gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela: oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa. Ikusi besterik ez dago Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren sententzia, non estatu-egiturek argi utzi nahi izan duten hemen hizkuntza-politikei dagokienez nork duen azken hitza.
Une historikoaren garrantzia aintzat harturik, eta mobilizazio soziala ezinbestekoa dela jakinda, euskaltzaleei, eta, orokorrean, hizkuntza-berdintasunean, justizia sozialean eta bizikidetzan sinesten duten herritar eta eragile guztiei datorren azaroaren 4an balio horien denen defentsan Bilboko Euskaldunatik egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu.
Aurreratutako guztia alperrik galtzen uzteko prest ez gaudelako. Urteetan eginiko lana eta landutako adostasun sozialak auzitan jartzen ezin diegulako utzi. Etorkizuna euskaraz lan eginez eraiki nahi dugulako.
Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat!
Pello Igeregi (ELA)
Espainiar epaileak aurpegira oihuka ari zaizkigu, atzo berriro ere oso argi esan ziguten ez dugula euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubiderik.
Are, bi hizkuntza dakizkigunok, erdaldun zein euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzen ditugunok, pribilegiatuak garela diote.
Euskaldunok euskaraz bizitzeko eskubidea nahi dugulako, eta euskal langileok euskaraz lan egiteko eskubidea nahi dugulako, ELA sindikatuaren izenean azaroaren 4an euskal langileak Bilboko kaleak betetzera deitzen ditugu.
Garbiñe Aranburu (LAB)
Langileok euskaraz lan eta bizitzeko eskubidea dugu eta guk ere nozitzen dugu euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judiziala. Atzo, epaitegietatik iritsitako enegarren epaiaren berri izan genuen. Irmoki salatzen dugu EAEko Justizia Auzitegiak euskaraz lan egiteko dugun eskubidea urratu izana.
Kontseiluarekin batera, gehiengo sindikalak, administrazioa euskalduntzeko plana eskatu genuen. Plan horren xedea, herritarrok zerbitzua euskaraz jasotzeko dugun eskubidea bermatzea da, baita langile publikoei euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea ere.
Zoritxarrez, Udal Legearen artikulu batzuk indargabetzen dituen atzoko epaia eta hizkuntza eskakizunak ezartzearen kontrako hainbat erabaki judizialek agerian uzten dute euskararen kontrako eraso hauek ez direla gauza isolatua, erasoaldi orokor baten baitan ulertu behar direla baizik.
Egoera larria da eta jarraituko dugu eraso horiek salatzen eta ondorioei aurre egiten. Horregatik, LABek, Azaroaren 4ean, oldarraldiari erantzun irmoa eman eta Bilboko kaleak betetzera dei egin du.
Javi Quintanilla (CGT/LKN)
Gure hizkuntzetako bat eguneroko harremanetan naturaltasunez erabiltzera ohituta ez egoteak, hala nola gizarte-, lan-, merkataritza-, familia- eta afektu-harremanetan, eragotzi egiten digu nolabait modu naturalean komunikazio-tresna gisa ezartzea. Halaber, etorkizuneko hiztunoi eragotzi egiten digu behar bezala aurrera egitea, eta zaildu egiten digu euskararen ikaskuntzan aurrera egitea.
Hala ere, batzuetan ziurtzat jotzen da doktrina libertarioa lurrarekin, etniarekin edo hizkuntzarekin zerikusirik ez duen zerbait dela. Ordea, anarkismoarentzat lurralde-, etnia- eta hizkuntza-erreferenteak herri-nortasunak artikulatzeko eta sortzeko oinarri naturalaren parte dira. Horregatik, gure ustez ,elkarte anarko-sindikalista gisa erabat justifikatuta dago ekitaldi honetan parte hartzea eta, beraz, azaroaren 4ko ekitaldiari babesa ematea.
Patxiku Irisarri (EHNE)
Hizkuntza lan munduan… Nonbait mantendu bada, hori landa eremuan izan da, Garai bateko burla eta eseki artean. Gaur da eguna non, baserri mundua arnasgune izatetik, hilzorian dagoen eremua bihurtzen ari den.
Nafarroan ederki dakigu hori. Euskara mendiko erreserbatan (euskal zonaldean) aditzen/erabiltzen da, eta geroz eta guttiago. Adi aldaketa klimatikoarekin; uholde judizialak euskararen lehortea dakar.
Adi politika zentralistekin. Landa eremuak hustutzen ari dira, eta hirietan dena da supermarket, gastroteka eta Basque Culinari. Dena da Basque Green.
Hala ere, landa eremuan badira Herria Gora egiten duten nekazariak. Euskal herri osora banatzen dute bere uzta. Jan dezagun euskara ahobiziz. Nahiz eta Nekazariak lurrari lotuak izan, mugitzeko deia hartu eta mugituko gara. Euskararen lurraldea herriari deika ari da.
Arantza Urrezti (EHko Pentsionisten Mugimendua)
Agiri honen bidez, EHPM-MPEHk babesa ematen diogu Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon «Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat» lelopean deitutako manifestazioari.
Guretzat, adinekoentzat eta pentsiodunentzat, ez dira arrotzak euskaraz hitz egiteko debekuak, ez eta oztopo judizialak edo gure euskalduntzerako eta Euskal Herriko ekoizpen- eta enpresa-sarerako beharrezkoak diren baliabide publikoen gabezia ere.
Gaur egun, zoritxarrez, berriro eskatu behar dugu euskara erabiltzeko, artatuak izateko eta ikasteko dugun eskubidea Euskal Herriko edozein gizarte-arlotan eta, bereziki, lan-munduan. Euskara ez da kostua, balio erantsia da gure gizarte- eta lan-harremanetan, eta horrela ulertu beharko lukete administrazio guztiek, baita judizialak ere.
Leire Udabe (OlatuKoop)
Gure proiektu burujabeetako behar ekonomikoak asetzeaz gain, kokatzen garen tokiko kultura, dibertsitatea eta ondasun kulturalaren zaintzarako konpromisoa ere badugu, eta, beraz, euskara eta euskal kultura gure eguneroko erabakimen eta burujabetza praktiken beste oinarrizko ardatz bat moduan kokatzen dugu. Euskara gure kooperatiba eta proiektu kolektiboen DNAn txertatzea hautu kontzientea da, beraz.
Gainera, kooperatibismoa denontzat izateko langile migratu eta prekarizatuek, laneratze prozesuan euskara ikasi eta murgiltzea eskubide bezala aitortu behar dela uste dugu.
Horrenbestez, azken aldian epaitegietatik datozen sententziek arlo sozioekonomikoan ere traba eta atzerapauso izugarria eta euskarafoboa dela eta gure lanerako, bizitzarako eta burujabetzarako tresnak defendatzea dagokigu!