Hizkuntza-politiketan jauzia bultzatzeko lankidetza eskaini dio Kontseiluak Jaurlaritzako lehendakariari

2026ko ekainaren 26a

Gaur, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin bildu dira Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Manex Mantxola koordinatzailea, Goiatz Urkijo lehendakariordea eta Joanmari Larrarte zuzendaritzako kidea. Lehendakaritzako egoitzan egindako bileran, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan aurrera egiteko beharraz eta erronka berriez hitz egin dute bi aldeek.

Euskalgintzaren Kontseiluak Batuz Aldatu dinamika sozialeko Talde Eragileak garatu zuen Itun soziopolitiko berrirako eskaintza dokumentua aurkeztu die lehendakariari eta lehendakariordeari. Euskal Herri osoko eta askotariko 150 gizarte eragilek sinatutako proposamen honek egiazko Jauzi baterako zumeak jasotzen ditu: euskararen ezagutza orokortzea, erabilera normalerako baldintzak sortzea, estatusean aurrerapausoak egitea eta komunitatea ahalduntzea. Hau da, minorientzako begiradan oinarritzen den hizkuntza-politika gainditu eta euskararen ezagutza eta erabilera orokortzea xede duen paradigma berri bat abiatzea; hori baita minorizatutako hizkuntza bat normalizaziora, berdintasunera, eramateko bidea.

Bestalde, Pizkundearen inguruko lan-ildoaren bidez euskararen aldeko gihar soziala hauspotzeko egindako bidea ere azaldu die Kontseiluak Jaurlaritzaren ordezkariei, abenduan Bilbon egindako ekitaldiarekin eta ekainaren Iruñean antolatutako Euskaltzaleon Martxaren bidez.

Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak noranzko hauetan elkarlanerako prestasuna agertu eta eskua luzatu die Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta lehendakariordeari.