Gazte euskaltzaleek Urepeletik Iruñera martxa antolatu dute ekainaren 11tik 13ra
Gazte euskaltzaleen sareak ‘Gazte euskaltzaleok bidea urratu’ dinamika martxan jarri du. Egitasmoa hiru eguneko martxa bat izanen da, ekainaren 11tik 13ra bitartean eginen dena. Urepeletik abiatu, Auritzen eginen dute lehen geldialdia; bigarren gaua Zubiri inguruan igaroko dute, eta ekainaren 13an Iruñera iritsiko dira, Kontseiluak deitutako Euskaltzaleon Martxarekin bat egiteko.
Ekimenaren helburua gazte euskaltzaleen konpromisoa indartzea eta euskararen aldeko pizkundea sustatzen jarraitzea da. Antolatzaileen hitzetan, «bizi dugun bidegurutze honetan gure hautua gorpuzteko, borrokaz eta ilusioz betetako martxa eginen dugu, Korrikan metatu genuen indarra berriz ere kalera ateratzeko».
Mezu egileek ere bat egin dute ekimenarekin, nabarmenduz gazte euskaltzaleei «ez dietela ezer oparituko» eta Euskal Herri euskalduna eraikitzea euren esku ere dagoela. Azpimarratu dute euskararen alde borrokatzea ez dela sufrikario bat, «uko egin ezin diogun hautu bat» baizik, bizi osorako konpromiso gisa ulertzen dutena.
Martxak askotariko jarduerak bilduko ditu: mural margoketak, kontzertuak, bisita gidatuak eta bestelako ekimenak. Antolatzaileen arabera, gazte euskaltzaleen artean sareak sortzeko, aisialdirako eta aldarrikapenerako guneak izanen dira. «Ez da martxa hutsa izanen; pauso bakoitzarekin, bidea urratu ahala, euskara lurrean errotzen jarraitu nahi dugu, pizkunde oso bat eragiteko asmoz», adierazi dute.
Antolatzaileek jakinarazi dute datozen egunetan emanen dituztela xehetasun gehiago. Lo-lekuak, dutxak eta otorduak antolatuta izanen direla aurreratu dute, eta egitarau osoa hilaren 18an argitaratuko dutela, izen-ematea zabaltzearekin batera. Horrez gain, Iruñetik eta Euskal Herriko beste hainbat puntutatik autobus zerbitzua antolatuko dute bertaratu nahi dutenentzat.
Gazte Euskaltzaleen Sareak dei egin dio Euskal Herriko gazte euskaltzale orori martxan parte hartzera, «gazteok izanen garelako pizkunde berri honetako giltzarri» antolatzaileen esanetan.
Euskaltzaleon martxaren informazio gehiago hemen: https://kontseilua.eus/pizkundea/euskaltzale-guztiei-deia