Abenduaren 27an musikariz, kulturgilez eta aldarrikapenez beteko dugu Bilbao Arena, euskaltzaletasunaren indarra erakusteko ekitaldian
Duela urtebete, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun eragileek 2025eko urte bukaerarako ekimen garrantzitsu bat antolatzeko asmoa adierazi genuen, larrialdi linguistikotik indarraldi berri baterako bideari ekiteko asmoz. Aurtengo martxoan, Kontseiluaren batzar orokorrean, aurreratu genuen abenduaren 27an Bilbao Arena kirol jauregia milaka euskaltzaleren indarrarekin betetzeko ekitaldia antolatzeari ekin geniola, euskarari arnasa berri bat emateko. Urriaren hasieran, berriz, ekitaldia kulturgileen ekarpenen bidez josiko zela iragarri genuen, «euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa» erdigunean jartzeko.
Gaur, Kontseiluak ezagutzera eman dugu abenduaren bukaeran «Euskaraz bizitzeko Pizkundea» lelopean deitu dugun ekitaldiko kulturgile, musikari eta sortzaileen zerrenda. Hamarkadatan euskararen taupadaren parte izan diren kantuak ekarriko ditugu Euskal Herri osoko eta beladunaldi ezberdinetako bederatzi musikarik, ‘Euskararen soinu-banda’ eratuz: Amets Aranguren (Iruñea, 1998), Anari (Azkoitia, 1970), Beñat Goitia “Benizze” (Gasteiz, 1991), Gontzal Mendibil (Zeanuri, 1956), Gorka Urbizu (Lekunberri, 1977), Joseba Tapia (Lasarte-Oria, 1964), Julen Goldarazena “Flako Fonki” (Iruñea, 1999), Maia Iribarne (Lasa, 1995), eta Miren Narbaiza (Eibar, 1986).
Gainera, azken urteetan euskarazko zineman nabarmendu diren hainbat aktorek ere parte hartuko dute, besteak beste, Edurne Azkarate, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre aktoreek. Era berean, oholtzara igoko dira Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariak, baita kulturgile gehiago ere. Ekitaldiaren gidaritza artistikoa Oier Guillan antzerkigilearen esku izan da.
Ekitaldirako sarrerak 10 euroko ekarpen ekonomikoaren truk eskuratu daitezke www.pizkundea.eus webgunean. Jasotako dirua osotasunean artisten lana ordaintzera eta ekitaldiaren gastuen zati bat estaltzera bideratuko da. Ekitaldiaren helburua ahalik eta euskaltzale konprometitu gehien batzea eta euskaltzaletasunaren indarra erakustea dela gogorarazi dugu Kontseiluak. Horrexegatik, sarrera hartzen duzuen guztiei bertaratzeko eskatzen dizuegu, eta joaterik ez duzuenoi, beste pertsona bati emateko.
Hiru arrazoi Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko
Duela bi aste Arantzazuko Santutegian dozenaka euskaltzale ezagunek aldarrikatu genuen bezala, abenduaren 27ko ekitaldia euskararen aldeko Pizkunde berri baten abiapuntua izatea nahi dugu Kontseiluak. Egun horretan Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko hiru arrazoi garrantzitsu eman ditugu:
Euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldi bat egitea da lehenengo arrazoia. Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi dugun larrialdi linguistikoaren aurrean, zain gelditu baino, ekimen eta ilusio berrituak sortzea. Etsipenean jausi beharrean, euskaraz bizi nahi dugula adierazi, elkarrekin arnasa hartu, eta euskarari etorkizuna emateko prest gaudela erakustea.
Euskal jendarte osoari mezu argi bat helaraztea da bigarren arrazoia: egiturazko minorizazioan dagoen euskararen normalizazioa eta biziberritzea guztion ardura da, gizarte berdintasunarekin, justiziarekin eta askatasunarekin lotutako beste auzi asko bezala.
Hizkuntza-politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa den jauzi sendo bat bultzatzea da hirugarren arrazoia. Eragile instituzional, politiko, ekonomiko, kultural eta sozial guztiei, bakoitzaren erantzukizun eta erabakimenaren arabera, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren eta erabilera normalerako baldintzen alde egin dezatela eskatzea.
Euskarari eta euskaltzaletasunari bultzada emateko deia
Ekitaldia euskarari eta euskaltzaletasunari bultzada berri bat emateko unea izango da. Ekitaldira etortzera ez ezik, Kontseiluak dei zabala egiten diegu euskararen alde dauden Euskal Herri osoko gizarte eragile, mugimendu eta norbanako euskaltzale guztiei ekimena zabaltzen lagundu dezaten, herri eta auzoetan ekimenak antolatuz, kartel eta eskuorriak banatuz, edota hurbileko zein ez hain hurbileko jendeari ekitaldiaren berri emanez. Eragileek eta norbanakoen kanpainaren zabalpenean laguntzeko material eta baliabide guztiak kontseilua.eus/abenduak27 webgunean dituzue eskuragarri.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
