ADIERAZPENA: Euskaltzaletasuna. Euskarazko eduki sortzaileak
EUSKARAZKO EDUKI SORTZAILEAK
Gaur hemen gaude sarean euskaratik eta euskaraz sortzen dugunon izenean. Pantaila baten bestaldean, mikrofono baten aurrean edo ordenagailu parean orduak pasatzen ditugunon izenean. Baina batez ere, komunitate baten izenean; sareko komunitate euskaldunaren izenean.
Maiz entzuten da internet mundu osoa lotzen duen espazio irekia dela. Bertan, bizitza errealean bezala, hizkuntza batzuk erraldoiak dira, eta beste batzuk, gurearen antzera, txikiagoak. Hizkuntza hegemonikoen nagusitasunaren aurrean, ezinbestekoa da euskarak sarean ere bere lekua izatea. Eremu digitala gure bizitzako espazio garrantzitsua izanik, guk euskaraz bizi nahi dugu bertan. Sarean euskaraz barre egin nahi dugu. Euskaraz eztabaidatu. Euskaraz jolastu. Euskaraz maitatu. Euskaraz dantzatu. Euskaraz sortu. Euskaraz izan.
Zoritxarrez, askotan entzun izan dugu euskarak ez duela lekurik sareetan; ez dagoela nahikoa jenderik, ez dagoela merkaturik, ez dagoela interesik. Baina kontrakoa frogatzen ari gara etengabe. Teknologia berriei esker, kamera batekin, mugikor batekin edo mikrofono xume batekin, ehunka sortzailek erakusten ari gara espazio honetan ere euskarak ez duela existitzeko baimenik behar. Bide horretan, batzuetan bakarrik sentitu arren, hor gabiltza buru-belarri, gaztelera, frantsesa eta ingelesa bezalako hizkuntza erraldoien artean gure tokia egiten. Eta, zaila izan arren, ez dugu amore ematen. Elkarrekin eraikitako sare honetan beti topatzen dugu gure edukia eskertu, partekatu edo iruzkindu egiten duena, eta horrek gogorarazten digu egiten dugunak zentzua duela. Gaur, komunitate horren parte zareten guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu, zuen babesari esker jarraitzen baitugu aurrera. Eskerrik asko!
Gaurkoa ez da hutsetik hasi den mugimendu baten ospakizuna. Duela urte batzuk, sare sozialak oraindik hastapenetan zeudenean, baziren sarean euskaraz bizitzea posible zela sinetsi zutenak. Hor zeuden Sarean, Sustatu, Librezale, Irratia.com, Euskaljakintza, Luistxo, Teketen, Teknopata, Txargain, iPatx, Gabi de la Maza, Arkkuso, Aiora Probatxoa, beste askoren artean, arnasgune digitalak sortzen. Haiei esker ikusi genuen interneten euskaraz ere aritu zitekeela. Hor daude, halaber, euskarazko Wikipediaren alde orduak eman dituztenak, edo #3000Twitz bezalako ekimenak, komunitate txiki batek ere zarata handia egin dezakeela erakutsi dutenak.
Sare sozialen hastapenetan lanean aritu ziren guztiek bazuten zerbait komunean: gustuko zutelako egiten zuten. Prozesuan dibertitzen zirelako. Ez algoritmoengatik. Ez diruagatik. Ez ikusgarritasunagatik. Pasioz baizik. Eta hor dago gakoa. Euskara ez da algoritmo bat. Egunero aukeratzen da. Egunero elikatzen da. Horregatik dira hain garrantzitsuak arnasgune digitalak: bertan ere euskarak arnasa hartu eta arnasa eman dezakeelako. Noski, arnas emate horrek erronka handi bat ere badakar, euskarazko edukiek sare sozialetako algoritmoetan beste hizkuntzetako edukiek duten presentzia eta indarra lortzea, hain zuzen ere. Honi lotuta, ideia bat argi utzi nahi dugu: benetako helburua ez dago zenbakietan. Hau ez da ikustaldi edo jarraitzaile kopuru kontua soilik. Sareetan euskaraz aritzea elkar babestea da, elkar ikusaraztea eta gure esentzia bizirik mantentzea. Elkar aitortze horretan baitago benetako indarra.
Zorionez, dagoeneko belaunaldi berri bat hemen da; euskaraz bizi nahi duen gazte komunitate anitza. Hortaz, euskarazko eskaintza askotarikoa izatea ezinbestekoa da. Euskarak denetarik behar eta merezi du. Gamer batek zuzeneko bat euskaraz egitea bezain garrantzitsua eta beharrezkoa da kulturaz, zientziaz, musikaz, politikaz, literaturaz, modaz edota sukaldaritzaz hitz egitea; umorea sortzea, entretenitzea, aldarrikatzea edota hezkuntzari buruz hausnartzea.
Euskarak ez digu soilik komunikatzeko tresna bat eskaintzen; mundua ulertzeko eta ingurura begiratzeko modu propioa ematen digu. Hizkuntzaren baitan daude gure herriaren historia, gure memoria kolektiboa, gure ohiturak, gure lurraldea, gure kultura eta baita urteetan zehar bizi izan ditugun borrokak ere. Horrek guztiak baldintzatzen du zer kontatzen dugun eta nola kontatzen dugun. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu edukia euskaraz sortzeaz gain, gure erreferentzia propioetatik eta gure bizipenetatik abiatuta egitea. Euskaraz sortzen dugunean ez gara beste hizkuntza batzuetan dagoena itzultzera mugatzen; gure ikuspegitik mundua interpretatzeko eta kontatzeko aukera ere badugu. Eta hori da, hain zuzen ere, sareari benetako aberastasuna ematen diona, guretik eta guretzat egiteak.
Gaur egungo testuinguruan, sareak eta plataforma digitalak dira belaunaldi berrien topagune nagusi. Garai honetan, gazte askorentzat sarea ez delako soilik “egoteko beste espazio bat”. Sare sozialak dira plazak. Dira tabernak. Dira ikasgelak. Dira lagunak. Dira kulturarekin duten lehen kontaktua. Eta espazio horietan euskararik ez badago, hutsune handia izango dugu. Ondorioz, hizkuntza hegemonikoen aurrean ezin gara geldirik geratu. Euskaratik sortutako askotariko edukia behar dugu. Erreferenteak behar ditugu. Eta, batez ere, komunitatea behar dugu. Eta hau guztion esku dago! Hor dago sareak eskaintzen digun aukerarik handiena: mugak gaindituz komunitatea sortzea eta saretzea. Euskal Herria mapatik harago eramatea. Herri txiki bateko gazte eta ez hain gazte batek beste puntako euskaldun batekin komunitatea eraikitzea. Sareek geografikoki kokatzen gaituzte, baina baita kulturalki eta emozionalki ere. Eta guk argi dugu: Euskal Herria euskalduna izateko, euskarak sarean ere ikusgarritasuna izan behar du. Elkarlanean. Konpromisoz. Maitasunez.
Hitz hauekin gure ekarpena balioan jarri nahi dugu: izan zirenena, garenona eta izango direnena. Eduki sortzaileok ere euskalgintzaren parte garelako. Euskararen presentzia handitzen ari garelako, espazio berriak irekiz. Eta agian ez gara guztiz konturatzen, baina etorkizuneko arnasguneak eraikitzen ari gara. Ez gara algoritmo baten ondorio. Ezta marketing estrategia baten emaitza ere. Komunitate bat gara. Euskaraz edukia sortzen duen pertsona bakoitzak ate bat irekitzen dio beste bati. Eta agian bideo, meme edo podcast horrek norbaiti euskaraz bizitzeko hautua egiteko ausardia emango dio.
Guztiontzat dago lekua sarean, eta guztiok nahi zaituztegu bertan euskaraz. Euskalki orotan, euskara batuan zein euskara ikaste prozesuan. Zuen pasioak, iritziak, emozioak, bizipenak… euskaraz transmititzean jendeak zuengan, gugan, haien buruaren islada ikusteko aukera zabaltzen dugulako, eta euskaraz bizi daitekeela erakusten dugulako.
Zuen kamera hartzeko unea heldu da! Hasi sortzen, zuen etxetik, zuen herritik, zuen auzotik, euskaraz. Hasi bilatzen, ikusten, iruzkintzen, partekatzen, jarraitzen… asko gara eta, dagoeneko, geure hizkuntzan edukia sortzen dugunak! Ez dezagun itxaron. Ez dezagun pentsatu txikiegiak garenik. Gure aurretik bidea egiten hasi zirenei esker gaude gu hemen. Euskara gehiago nahi dugulako etorri gara. Ausartagoa. Libreagoa. Zentralagoa. Euskaraz bizitzeko baldintza duinak nahi ditugu Euskal Herri osoan eta baita Sarean ere!
Euskaraz bizi nahi badugu, sareak euskaraz ikusi, entzun, sortu eta gozatzen hasteko tenorea da! Izan gaitezen olatu, eta bihur gaitezen tsunami!
PANTAILEN AROAN EUSKARAK AHOTSA IZAN DEZAN!
Gora sareko komunitate euskalduna.
Gora sareko euskaltzaleak.
Eta gora euskaratik eta euskaraz sortzen duen herria.
ATXIKIMENDUAK
- Ainhize Azpiazu @byainhi
- Aitor Majada @aitormajada
- Aitziber Iratzoki @psikolokaa
- Albina Stardust @albinastardust
- Alex Etxegibel @alexetxegibel
- Alex Padilla @alexkalextrik
- Amaia Aretxaga @amaia.aretxaga
- Amaia Izar @amaiaizaar
- Ander Rovira @anderrovira
- Ander Torregaray @espidermander
- Andoni Etxezarreta @_ibilimunduan
- Andrea Gonzalez @andrgzv
- Ane Ginea @ttirrikittarraka
- Ane Urresti @aneurrestii
- Asier Errasti @asiererrasti
- Bittor Barandiaran @bittor_kas
- Danel Galdaera @danel.galdaera
- Danel Sarasua @danel.01
- Elene Mendizabal @elemelonsv
- Elhorri Tolosa @elhorri
- Eneko Oroz @ekintaekin
- Ian Ruiz Lizaso @ianruizzzzz
- Ibai Romero @ibairomeroo
- Iñigo Aranburu @aranburuu
- Iraia Cambra @iraiacambra
- Irati Aizpuru @iratiaizpuruu
- Irati Erauskin @iratierauskin
- Iruñe Astitz @arkkuso
- Jon Fernandez @jon_fdez
- Julen Portillo @julenpo
- Julen Unanue @unaanuue
- Maddi Kintana @madmadnessk
- Maider León @ttirrikittarraka
- Mikel Martínez @kazetariindependentea
- Nagore Osa @nagore.osa
- Nahia Sillero @nahiasillero
- Paul Elizondo @paulelizondo9
- Pello San Millan @p_jauna
- Xabi Lizaso @trikuxabi
- Yogurinha Borova @yogurinha_borova
Zerrendan ez dauden euskarazko eduki sortzaileek atxikimendua eman dezakete galdetegi hau erantzunez:
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
