ADIERAZPENA: Jauzia hizkuntza politiketan. Batuz Aldatuko talde eragilea
BATUZ ALDATUKO TALDE ERAGILEA
Hemen gaude, hemen gira! Gorputza duen herria, hizkuntza duen bihotza!
Bistan da gure hizkuntzaren bihotza indarrez ari dela taupadaka gaurkoan, gure gorputza mina jasaten ari den bitartean, zenbaitzuk gure gorpuztea galarazi eta trabukatu nahian ari diren bitartean. Eta horregatik, inoiz baino ozenago, hemen, hizkuntza politiken jauzia iragartzera eta galdegitera gatoz. Sendo, irmo!
Esan beharrik ez dago eremu instituzionalak eta politikoak duen garrantzia edozein hizkuntzaren garapenean. Funtsezko eragile determinatzaileak dira. Instituzioek, beren ahalmen politikoen eta egituren bidez, hizkuntza baten izaera, estatusa, lekua edota presentzia indartu, areagotu eta normaldu dezakete, edo, bestela, murriztu eta mugatu.
Baina euskararen historia bera ere herritarren, euskalgintzaren eta gizarte antolatuaren ekimenetik eraiki da. Gaur hemen gaudenok ere hizkuntza-komunitate honen eragile gara.
Beraz, arduradun politiko-instituzionalak, entzun, zuen erantzukizuna da!
Egungo gizartean aldaketa sakon eta azeleratuak gertatzen ari dira arlo askotan, mundu mailan bezala, etxe-bueltan ere. Eta, testuinguruko baldintzak aldatzen ari direnean, berdin egiten eta duela 40 urteko hizkuntza-politiken ikuspegiarekin jarraitzen badugu, galbidera goaz.
Horregatik:
- Hizkuntza-politiken moldea aldatu behar da. Aldaketa, jauzia, paradigma berria.
- Aldaketa horretan, euskalgintzak, gizarte-eragileek eta herritarrok badugu agentzia, badugu zeregina, eta behin eta berriro erakutsi dugu antolatzeko, proposatzeko eta eragiteko gaitasuna. Horregatik, gurekin batera eta norabide berean jardungo duen lidergo instituzional ausarta behar dugu, dagokion erantzukizuna lehen lerroan har dezan.
Beraz, arduradun politiko-instituzionalak, entzun, zuen erantzukizuna ere bada!
Ez da desafio arrunta, baina belaunaldiz belaunaldi bildutako ahaleginek merezi dute honako ekinaldia.
Beraz, instituzioek eta eragile politikoek dagokien erantzukizuna, ahalmena eta ausardia jarri behar dituzte euskararen alde, euskalgintzak eta gizarte-eragileek erakutsitako bidearekin bat eginez eta paradigma aldaketa elkarrekin sustatuz. Lehentasunezko politika publiko horien bi norabideak, ezagutza unibertsalizatzea eta erabilera eremuak sortu eta garatzea dira.
Beraz, arduradun politiko-instituzionalak, entzun, zuen erantzukizuna ere bada!
Horrela, aurrerapauso hori bi norabidetan eman beharko litzateke:
Lehenik, euskararen ezagutza unibertsalizatuz. Ezin baitu inork atzean geratu. Guztiok dugu gure ahotsa euskaraz, libreki eta duintasunez adierazteko eskubidea.
Bigarrenik, erabilera normalizatzeko espazioak sortuz eta zabalduz. Euskaraz bizi nahi, bizi behar duen orok bere bidea libreki garatzeko modua izan dezan, trabarik gabe; kalean bezala, enpresan eta administrazioan ere.
Urrats hauek erakundeek bultzatu behar dituzte, hasi udaletatik eta eremu bakoitzeko gobernu-erakunde nagusietaraino, nork bere erantzukizunaren arabera. Baina euskaraz bizitzeko baldintzak ez dira politika publikoetatik bakarrik eraikitzen: ikastetxeetan, lantokietan, kultur taldeetan, auzoetan eta eguneroko harremanetan ere sortzen dira.
Hor ere bagara eragile.
Era berean, alderdi eta indar politikoei dagokie herri honek erakutsi duen konpromisoari erantzutea, euskararen normalizazioa lehentasun politiko bihurtuz eta larritasuna aintzat hartuta, etorkizunerako herri ikuspegiarekin jokatzea.
Beraz, arduradun politiko-instituzionalak, entzun, zuen erantzukizuna ere bada!
Baina gaurko saltoa ez da soilik politika publikoei bideratutako erronka.
Ez gara instituzioen zain egon, eta ez gara gaur hasi.
Euskalgintzak, gizarte-eragileek eta milaka herritarrek hamarkadetan eutsi diote euskarari, eta gaur ere lidergo hori erakusten ari gara.
Guztion altxamendua da hau. Eta, hain zuzen ere horregatik, gurekin batera, norabide berean eta elkarren osagarri jardungo duen lidergo instituzional ausarta behar dugu.
Pizkunde berrirako aldarri gorpuztua da gaurkoa!
Ez ditzagun ereindako haziak galdu; ureztatu ditzagun eta denon artean elkarbanatu.
Herria baita gorputza eta hizkuntza bihotza.
Gure erantzukizuna da. Guztiona.
Eta pizkundea ere guztion artean egingo dugu.
Hemen gaude. Hemen gira!
BATUZ ALDATU DINAMIKAREN TALDE ERAGILEA:
- AEK
- Agirre Lehendakaria Center
- Athletic Club Fundazioa
- Euskal Kontsumitzaileen Alkartea
- Euskalgintzaren Kontseilua
- Eusko Ikaskuntza
- Gazte Euskaltzaleen Sarea
- Gipuzkoako Erizainen Elkargoa
- Mondragon Korporazioa
- Nafar Ateneoa
- Taupa Mugimendua
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
