Justizia eta pertsonen arteko berdintasuna aldarrikatu dituzte euskaltzaleek Iruñeko kaleetan
Nafarroako herritarren arteko berdintasuna aldarrikatu da Bide eman euskarari: Berdintasunaren alde! egindako manifestazioan. Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatu eta Sarasate pasealekuan egindako ekitaldiarekin amaitu da. Ekitaldian, hezkuntzako zerrenda bakarraren aldarrikapena egin dute, kaltetutako lagun batzuk. Euskaldunon ganako desberdinkeria, gehien dakiena zigortzea… salatu dituzte. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak egin du azken hitzartzea eta kaltetu irakasle hauek, haur eskolen aferan kaltetutakoa… izan ditu hizpide. Parlamentuari eskaera egin dio abenduaren 21ean berdintasunaren aldeko erabakia har dezan.
Hitzartzea, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalari erreferentzia eginez hasi du Bilbaok: “Aurreko igandean, duela hogeita hemeretzi urte onartutako Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak hirurogeita bederatzi urte betez zituen. Deklarazio horrek adierazi zuen ez dela inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik. Atzo hogeita hamaika urte bete ziren Nafarroako Parlamentuak herritar batzuei soilik hizkuntza-eskubideak aitortzen zien legea onartu zela. Eta, noski, horren ondorioz, milaka herritar eskubidez gabetu zituen lege horrek”.
Diskriminazioa sortzen denean, herritarren kontra egiten dela esan du Bilbaok, izan ere, “herritarrak daude atzean, pertsonak, izen-abizenak dituzten pertsonak. Nire aurretik irakasle kaltetuen izenean igo diren pertsonak, haur-eskoletan dauden pertsonak… Berdintasunaren kontra egiten dutenean, beraz, pertsonen kontra egiten ari dira, eta horrexegatik hain zuzen ere, beharrezkoa ikusi genuen gaur Iruñeko karriketara ateratzea, pertsonen aurkako erabakiak hartzen ari direla gogorarazteko”.
“Zerrenda bikoitzaren sistema UPNk euskaldunak zigortzeko beste trikimailua izan zen. Jakin dakigu zer-nolako politikak abiarazi zituen euskara bide-seinaleetatik, irudi korporatibotik, izendegietatik eta abarrekoetatik desagerraraziz. Eta, hori nahikoa ez, eta administrazio publikoan langile euskaldunak zokoratu eta zigortu besterik ez zituen egiten. Horrexegatik txalotu genuen bidegabekeria horrekin amaitzeko erabakia, eta horrexegatik deitoratzen dugu bidegabekeria berrezartzeko urratsa, hain zuzen ere, hurrengo ostegunean atzeko eraikin honetan bozkatuko dutena. Bozka horiek ez zaizkio bakarrik hizkuntzari lotzen, bozka horiek justiziari, bizikidetzari eta bereizkeria ezari lotuko zaizkie”.
Amaitzeko, “gaurko hitzaldi hau baliatu nahiko genuke azken mezu bat zabaltzeko. Hemen atzeko eraikinean ordezkatzen gaituztenei eskaera bat egin nahiko nieke: Egin ezazue benetan berdintasunaren alde, egin ezazue benetan justiziaren alde, egin ezazue benetan oreka sozialaren alde, eta horretarako amaiera eman iezaiozue herritarren arteko bereizkeriak ahalbidetzen dituen legeriari. Euskaldun guztien eskubideak aitortuko dituen lege berria onartu, eta, zalantzarik ez izan, orduan ere hemen egongo garela, eraikinaren barruan, kanpoan, kalean, behar den tokian, babesa agertzen. Bide eman iezaiozue euskarari, berdintasunaren alde”.
Iruzkinik ez "Justizia eta pertsonen arteko berdintasuna aldarrikatu dituzte euskaltzaleek Iruñeko kaleetan"