Eusko Jaurlaritzaren “Euskara Bonua” programa poztasunez jaso du Kontseiluak

2026ko maiatzaren 26a

Euskalgintzaren Kontseiluak poztasunez jaso du Eusko Jaurlaritzatik sustatutako “Euskara Bonua” programa berria, euskaltegietako A0, A1 eta A2 mailetan matrikulatzeko prezioa 120 €-ra murrizten duena. Izan ere, aurrerapauso positiboa da euskara-ikasketen doakotasun osoaren bidean, herritarren artean euskararen ezagutza orokortzea xede.

Zentzu horretan, ezinbestekoa urratsa da ikastaro isolatuak finantzatu beharrean, ikaskuntza-ibilbideak egiteko baldintzak eta irisgarritasuna bermatzea. Jaurlaritzaren ekimena bide honekin doala iritzi du Kontseiluak, eta C1 mailara arteko ikasprozesu osoaren doakotasuna lortzeko ekarpena egiten jarraituko du helduen euskalduntzearen sektoreko eragileekin batera.

Kontseiluak bere hastapenetik aldarrikatu du euskara ikasteko eskubidea unibertsala eta doakoa izan behar dela, eta beraz, euskalduntzeko eta alfabetatzeko bidea erraztu egin behar zaiela herritar guztiei, berezko hizkuntza ikasteak ez dezan inolako kosturik ezin eragin ikasi nahi duenarentzat.

2017an argitaratu zuen Doakotasuneranzko bidean proposamena, helduen euskalduntzean aritzen diren euskaltegien babesarekin, eta «Euskara Denontzat doan» kanpaina bultzatu ere. 2022an, Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena aurkeztu zuten Kontseiluak eta sektoreko eragileek, euskalduntze prozesu osoa doakoa izateaz gain, helduei euskara ikasi beharra sortzeko motibazio pragmatikoa zein afektiboa bultzatzearen garrantzia azpimarratuz. Horrez gain, Euskal Herri osoko administrazioen eta herri ekimenaren arteko jarduna koordinatzeko Helduen Euskalduntzerako Agentzia bateratua sortzea proposatu zituen.

Halaber, Batuz Aldatu adostasun sozial zabalean jasotzen den bezala, etorkizuneko hizkuntza-politikek euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa izan beharko dute helburu, herritar guztiek izan dezaten euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukera.

60. hamarkadan hasitako Bigarren Pizkundean helduen euskalduntzea izan zen gakoetako bat. Eragin nahi dugun Pizkunde berri honetan ere, ezinbesteko oinarrietako bat izango da.