[Euskal Konfederazioa] Euskararen garaia da!
Euskal Konfederazioaren adierazpena:
Larrialdi egoeran da euskara, baina hizkuntza bizia da. Mendeetan zehar jasan dituen erasoen gainetik iraun du; eta XXI. mendera jauzi egin du. Hiztun komunitate indartsu batek babestu duelako, gure bidez bizi da euskara.
Euskal hiztuna izan ala ez, gure egunerokoetan euskararen hautua egin dugu. Etxean euskara transmititzeko hautua; heldu gisa euskara ikasteko hautua; euskara irakasteko hautua; gure seme alabak euskarazko irakaskuntzan eskolatzeko hautua; azterketak euskaraz pasatzeko hautua; familian, lanean, lagunekin, aisialdian, kirolean euskara erabiltzeko hautua; euskal kultura bizitzeko eta biziarazteko hautua…
Hautua egin dugu euskara izan dadin gure bizitzen bizkar hezur. Eta hautu hori errespetatzea nahi dugu.
Euskara da gure hizkuntza. Euskarak egiten gaitu herri, eta euskararen herria gara. Herri bat gara euskararen alde. Euskara dira gure pilota, errugbia eta surfa; euskara dira gure dantzak, musikak eta bestak. Euskara dira gure malkoak eta irriak. Euskara dira gure ametsak. Euskara dira gure jostetak.
Mundu bat da euskara, eta euskararen bidez gara mundutar.
Baina euskara larrialdi egoeran da Euskal Herrian. Diagnostikoa aspaldikoa da, eta azken datuek berresten dute: hiztun kopurua eta erabilera ahultzen ari dira, bereziki Ipar Euskal Herrian. Alta, posible da norabidea aldatzea. Lorgarria eta desiragarria da.
Horretarako, euskara lehentasun politiko eta sozial bilakatu behar dugu; hiztun berriak masiboki sortu behar ditugu; eta euskaraz bizitzeko baldintzak bermatu behar ditugu egunerokoan eta arlo guztietan.
- Euskararen koofizialtasuna nahi dugu, gure lurraldean euskarak frantsesaren ber heineko lekua izan dezan. Euskara eskubide gisa aitortua izan dadin nahi dugu.
- Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketa nahi dugu, ez dadin frantsesa izan Errepublikan onartua eta baimendua den hizkuntza bakarra.
- Frantziako parlamentuan hizkuntza gutxituen aldeko lege ausart bat bozkatzea nahi dugu, euskarari lege babesa emateaz gain, eskubide konkretuak irabazteko.
- Ipar Euskal Herriko instituzioek euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorrak martxan ezartzea nahi dugu, norabide eta bide orri argi batekin, eta helburu zenbakituekin. Euskara biziberritzeko plan integral bat behar dugu.
Euskal Herri osoko euskaltzale guziei dei egiten diegu azaroaren 21ean euskalgintzak Baionan antolatu duen manifestaldi handirako mobiliza daitezen. Herritarrak, langileak, artistak, kirolariak, hautetsiak, enpresariak eta komertsantak; bertan sortuak eta etorri berriak, eskolan euskara debekatu zieten belaunaldikoak eta eskolari esker euskalduntzen ari diren haurrak… euskara jakin ala oraindik ez, euskararen aldeko komunitatea osatzen dugun guziak elkarretaratu behar gara. Guk, dei honen izenpetzaileok, engaiamendua hartzen dugu gure kide guziak mobilizatzeko, manifestaldi hau hitzordu nagusi bilaka dadin.
Hala erabakitzen badugu denek, ez da «euskararen aldeko manifa bat gehiago» izanen, zinezko aldaketa ekarriko duen atxikimendu demostrazio handia baizik.
Orain arte egin dugun gisara, gure hizkuntzaren alde karrikara atera eta elkarrekin bidea egiteko garaia da. Euskarari indar berri bat emateko, euskaldunak pizteko. Euskaltzaleon garaia da, euskararen garaia da.
Azaroaren 21ean, denak Baionara!


Jarraitu Euskal Konfederazioaren sareak:
Hauek dira Euskal Konfederazioa osatzen duten euskalgintzako kideak:
- AEK
- Bai Euskarari
- Berria
- Bertsularien Lagunak
- Biga Bai
- Elkar Baiona
- Euskal Haziak
- Euskal Hedabideak
- Nafarroa Behereko Euskal Herrian Euskaraz
- Konkolotx
- Mintzalasai
- ON! Piztu euskara(z)
- Plazara
- Seaska
- Taupa
- Uda Leku
- Udako Euskal Unibertsitatea
