EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa euskarak ezinbestekoa duen arkitektura juridiko berrirako lehen urratsa izatea espero du Kontseiluak
Eusko Legebiltzarreko biharko osoko bilkuran eztabaidatuko den Euskal Enplegu Publikoaren lege aldaketaren inguruan EAJk eta EH Bilduk gaur arratsaldean aurkeztutako akordio politikoa sentipen gazi-gozoz jaso du Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen aldeko gizarte-eragileen bilgune nagusiak. Izan ere, argi du hitzarmen ondorioz bideratuko den lege aldaketa –EAJk proposaturikoa eta derrigortasun indizearen ezabaketan oinarritzen dena– zalantzazkoa dela oldarraldi judizialari aurre egiteko, eta, batik bat, urrun dagoela euskararen normalizazio eta biziberritzean egiaz aurrera egiteko ezinbestekoa den arkitektura juridiko berritik.
Kontseiluak behin baino gehiagotan adierazi duen bezala, administrazio publikoaren eremuan hizkuntza-eskubideen bermean eta normalizazioan aurrera egiteko bidea euskara gazteleraren pare jartzea da; hau da, Katalunian eta Galizian azken hamarkada luzeetan indarrean den eredua geure egitea. Beste era batera esanda, enplegu publikoan sarbidea izateko bi hizkuntza ofizialen ezagutza izatea. Hainbatetan azaldutakoa berretsiz, arkitektura juridiko berri hori abian jartzeko baldintza sozialak agerikoak dira. Azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, egun 30 eta 40 urte dituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen artean % 71 dira euskararen ezagutza dutenak; 20-30 urte dituztenen artean % 90etik gorakoa da proportzioa. Hau da, egun lanerako urratsa egiten ari direnen artean aski orokortuta dago euskararen ezagutza.
Ildo horretatik, azpimarratzekoa da Kontseiluak baduela 2022tik gehiengo sindikalarekin (ELA eta LAB) landutako proposamen bat, 15 urteko epean inongo langileri kalterik eragin gabe administrazioa euskalduntzea bideragarri egiten duena. Batetik, aintzat hartuz erretiroak medio, langile publikoen erdia ordezkatuko dela epe laburrean, eta, bestetik, lanera sartzen ari den belaunaldia azken hamarkada luzeetako euskaldunena dela, euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatu eta bermatzeko baldintza egokienak dituena. Era berean, 16 urtetik gorako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren gehiengo zabalak, % 75ak, defendatzen du administrazioan sartzeko bi hizkuntza ofizialak ezagutu beharra.
Esan bezala, gaur iragarritako akordioan aurkeztutako lege aldaketak ekarriko duena urrun dago Kontseiluak normalizazioan aurrera egiteko ezinbesteko ikusten duen arkitektura juridikotik. Hala ere, balioetsi egin nahi du akordio honek erakutsi duela Eusko Legebiltzarrean badela gehiengo bat –alderdi nagusi biek osatutakoa– oldarraldi judizialari aurre egiteko borondatez ari dena, eta orain arteko inertzia batzuk gainditzeko gai izan dena. Azpimarratu nahi dugu oldarraldi judizialak administrazio publikoan euskara normalizatzeko bidean jada kalte handiak eragin dituela, atzerakadak prozesu horretan. Atzerakadari hesia jartzeko bide bat hastea aintzat hartzekoa da, osteratzean, kaltearen sakonera etengabe biderkatzen ari delako.
Era berean, argi dugu, alderdi horiek biek irudikatu duten gehiengoa, hein handi batean, euskaltzaleek haiei emandako konfidantzaren isla dela. Beraz, irmoki eskatzen dugu balia dadila gehiengo hori, egiaz, euskarari etorkizuna bermatzeko premiazkoa den jauzia emateko. Hau da, irmo eskatzen dugu akordio hau izan dadila euskarak premiazko duen arkitektura juridikorako lehen urratsa.
Izan ere, euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gauden honetan, ezinbestekoa da hizkuntza-politiketan jauzi bat ematea. Paradigma berri bat indarrean jartzea. Hots, minorientzako begiradan oinarritzen den hizkuntza-politika gainditu eta euskararen ezagutza eta erabilera orokortzea xede duen paradigma berri bat abiatzea, hori baita minorizatutako hizkuntza bat normalizaziora, berdintasunera, eramateko bidea. Jauzi hori behar besteko bermez egiteko ezinbestekoa da zoru juridikoan jauzi bat gertatzea. Gaur Legebiltzarrean irudikatutako gehiengoa balia dadila horretarako, euskaltzaleek emandako konfiantzari hutsik egin gabe.
Gaur aurkeztu den akordioan adierazten da, bihar aurrera aterako den lege aldaketak helburuak betetzen ez baditu, bide berriak irekitzeko konpromisoa hartzen dutela alderdi biek, Kataluniako eta Galiziako ereduak oinarritzat hartuta. Euskararen normalizazio eta biziberritzea du helburu Kontseiluak, eta horrenbestez, adi segituko ditu legea aldaketa horren emaitzak eta akordio politikoaren beraren bilakaera, beti ere, aipatutako xedearen bultzagarri eta eragile izateko senez.