HITZARTZE NAGUSIA: Idurre Eskisabel Larrañaga (Kontseilua)

2026ko ekainaren 14a

IDURRE ESKISABEL LARRAÑAGA

EUSKALGINTZAREN KONTSEILUKO IDAZKARI NAGUSIA

Arratsalde on, Iruñea! Arratsalde on, Euskal Herria! Arratsalde on, euskararen herria!

Ze ederra den Jones Etxeberri Sarakoak orain hiru mende euskaldunon hiri buruzagi izendaturikoa, gaur, 2026ko ekainaren 13 bero honetan, euskaltzaleon hiri buruzagi bihurtuta ikustea. Ederra, harrotzekoa, poztekoa!

Eskerrik asko, zinez, gaur hona etorri zareten euskaltzale guztiei: Zuberoatik, Nafarroa Beheretik, Lapurditik, Gipuzkoatik, Arabatik, Bizkaitik, Nafarroa Garai guztitik… euskararen lurralde osotik. Eskerrik asko, bihotzez, euskaltzaleok martxan gaudela, euskaltzaleon garaia dela, hain argi erakusteagatik.

Gaur, Euskaltzaleon Martxa hau osatzeko, Iruñeko hiru leku desberdinetatik abiatu gara, baina guztiok Gazteluko Plaza honetara iristea izan dugu helburu; denok hemen elkartu gara.

Eta martxa honetara leku diferenteetatik abiatu garen bezala, gutako bakoitza leku ezberdin batetik abiatuta iritsi da euskaltzale izatera: izango da hemen arnasguneko arnasak haizatu duenik; izango da, euskaraz aritzeagatik zigortutakoen genealogia osatzen duenik; izango da, izate baten, nortasun baten, arnasak ekarri duenik; izango da, justizia eta berdintasun senak egin duenik euskaltzale; izango da, atzean utzitako sorlekuko hizkuntzaren minak bultzatu duenik; izango da komunitate baten gogoak ekarri duenik; izango da, jakina, horien guztien (eta gehiagoaren) baturaz egin denik euskaltzale.

Baina, hemen gaude. Askotariko lekuetatik abiatu eta hainbat gauzatan ikuspegi eta egiteko molde desberdinak ditugun arren, hemen gaude. Elkar hartuta. Larrialdian den euskarari etorkizuna emateko gogoz, euskararen pizkunde berri bat eragiteko senez.

Duela 6 hilabete, 2025eko abenduaren 27an, Bilbo izan genuen elkargune. Neguko solstizio betean ginenez, eguna labur eta gaua luze, Miribilla kirolguneko aterbean batu ginen milaka euskaltzale, eta euskarari pizkunde berri bat emateko prest geundela esan genion elkarri. Lehen txinparta bat isiotu genuen.

Orain, udako solstiziora hurreratzen, bestelakoa dugu aldartea: kalera atera gara, euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatu eta eskatzera ez ezik, harro gaudela esatera, ospatzekorik ere badugula adieraztera. Izan ere, zigor, debeku, epai, gutxieste, baztertze oldarraldi, eta gainerako menderatze tresneria guztien gainetik euskara bizirik ekarri dugu XXI. mende honetako lehen laurdenera arte, belaunez belaun, milaka eta milaka euskaltzaleren erabaki eta hautuei esker. Badugu zerekin poztu, zerekin harrotu. Izan dadila poz eta harrotasun hau pizkunde berrirako bizigaia.

Baina poztu eta harrotzeak ez du esan nahi egoeraren larriaz jabetzen ez garenik. Larrialdi linguistikoan jarraitzen du euskarak, larrialdi linguistikoan euskal hiztun komunitateak. Euskararen etorkizuna jokoan dago. Horregatik elkartu gara gaur Iruñean: euskaraz bizitzeko behar den dena eskatzeko, euskaraz behar den dena eratzen hasteko.

Izan ere, urteak daramatzagu «euskaraz bizi nahi dut» aldarrikatzen. Norberaren ekimenez euskaraz bizitzeko eguneroko ahalegin nekezean tematuta. Eta, jakina, norbanakoen determinazioa ezinbesteko abiaburua da euskarari etorkizuna emateko. Baina ez da aski.

Euskara hizkuntza minorizatua baita. Aspalditik, mendeetan. Hizkuntzen galera prozesuak ez baitira berez, ilunabarrero eguzkia itzaltzea bezala, gertatzen. Aitzitik, haien kontrako botere harremanen eta erabaki politikoen ondorio dira. Jendeak ez du bere gustu eta erabakimen pertsonal hutsez abandonatzen egituratu duen hizkuntza, nortasuna, komunitatea eta munduaren ikuspegi bat eman diona. Hizkuntza galera prozesuak milaka pertsonen gorputzetan barna gertatzen dira, mendeetan milaka laguni identitatearen funtsa, ezagutza eta kultura ukatuz, mendeetan milaka lagun deserrotu eta pobretuz. Egiturazko arazo bat da euskararena.

Horregatik, euskararen normalizazio eta biziberritzeak eskatzen du botere harremanen aldaketa sakona, egiturazkoa.

Horregatik eskatzen dugu euskaraz bizitzeko behar den dena. Norberaren ahalegin tematiaz gaindi, euskaraz bizitzeko baldintzak sortzea. Eskubideen aitortze formaletik haragoko baldintza errealak: politikoak, sozialak, kulturalak, materialak… Ekosistema oso bat behar du euskarak; unibertso bat eratu behar dugu euskararentzat.

Behar den dena… Behar den horren guztiaren zumeak zeintzuk diren definitzen saiatu gara gaurko Euskaltzaleen Martxan. Horregatik etorri gara hiru zutabetan. Euskalgintzaren Kontseiluaren iduriko, hiru baitira euskarak behar duen hori dena eraikitzen hasteko oinarriak: jauzi bat hizkuntza politiketan, ofizialtasun osoa Euskal Herri guztian, eta euskaltzaletasun kokatu, antolatu eta indartsu bat.

Has gaitezen jauziarekin… Arestian aipatu dudan bezala euskalgintza askotariko eta zabalean aspaldikoa da jada euskararen etorkizunaren inguruko kezka. Dudarik gabe, azken hamarkadak aurrerapen hamarkadak izan dira euskararentzat. Baina ez da aski. Zoritxarrez, datu eta joera soziolinguistikoek, proiekzioek, prozesu hori asko moteldu dela erakusten dute; are, etena gertatzeko eta atzera egiteko arriskua handia dela.

Gainera, gaurko munduak erronka handiak ekarri dizkie hizkuntza minorizatuei. Globalizazioaren aldaera honek, bizitzaren digitalizazio eta merkantilizazioak, orokorrean, eremu denetan, boteretsuago egin ditu boteredunak; ahulago, berriz, lehendik egoera zaurgarrian zeuden kolektiboak. Hizkuntzak eta hiztun komunitateak ez gaude dinamika horretatik salbu: gero eta nagusiago dira hizkuntza hegemonikoak; gero eta minorizatuago minorizatuak.

Eta badugu, gainera, kontrako beste faktore bat: hau guztia gertatzen ari da euskara betiko gutxiagotuta nahi dutenak oldarraldi betean direnean.

Horregatik, euskarak etorkizuna izango badu, datozen hamarkadetan hizkuntza bizi eta noranahiko izaten segituko badu, jauzi bat ezinbestekoa da hizkuntza-politiketan. Paradigma aldaketa bat. Minorientzako hizkuntza-politikak atzean utzi, eta ezagutza orokortzea eta normal erabiltzeko egiazko baldintzak ekarriko dituzten hizkuntza-politika anbiziotsu eta ausartak behar dira. Beste era batera esanda, herritar denak euskararen jabe izango diren Euskal Herria ipar izango duten hizkuntza-politikak. Hori da, euskarari etorkizuna bermatzeko bidea; hori da, egun hizkuntzen auziarekin gizartean dugun korapiloa askatzeko noranzkoa. Hori da, Euskalgintzaren Kontseiluak proposaturiko Batuz Aldatu dinamikan jasotzen dena, eta jada Euskal Herri osoko 150 eragile sozialek berena egin dutena.

Eta bada, jada, jauziari buruz hutsean hitz egiteari utzi eta jauzia irudikatzen, ulergarri, ukigarri eta gauzagarri egiten hasteko garaia. Jauzi egiteko, nora jauzi egin finkatu behar baita aurrena. Horregatik, gizarte erronka zehatza proposatu dugu Euskalgintzaren Kontseilutik. Aztertu ditugu nazioarteko esperientziak, Galeskoa, Galiziakoa, Kataluniakoa… Kontsulta egin diegu Euskal Herriko adituei… Ikasi dugu Ipar Euskal Herrian Euskal Konfederazioak mahai gainean jarritako proposamenetik, eta hona Euskal Herriari, euskal gizarteari, proposatzen diogun erronka: irabazi ditzagun 300.000 hiztun 10 urtean. Hau da, bikoiztu dezagun egungo euskalduntze erritmoa. Era berean, gainditu dezagun %20ko erabilera langa. Horiek dira egungo atzeraldi arriskuari buelta emateko kopuruak, beste biziberritze aro bati ekin diogunaren seinaleak, Pizkunde berri baten zenbakiak.

Gizarte erronka bat da. Erronka denez anbiziotsua, baina, aldi berean, egingarria. Eta gizarte osoari eskaintzen digu parte izateko aukera gonbidapena: erakunde, gobernu eta indar politikoei helburu horietara bideratutako politika publikoak eginez, hizkuntza-politikarako baliabideak %0,45etik %2ra handituz, ofizialtasun osorako urratsak eginez. Alde egotetik alde egiterako urrats sendoa emateko unea da. Baina erronka honek baita ere interpelatzen ditu eragile ekonomikoak, sozialak, kultur arlokoak… herritar denak, finean. Denok eragin baitezakegu noranzko horietan, bakoitzak gure aukera eta arduren arabera.

Aurrera egin aurretik, badaezpadako oharra egin nahi dut: 10 urtean 300.000 hiztun irabaztea proposatzen dugunean, ez gara ari bereziki begia euskal herritar berrien gainean jarrita. Jakina, harrera humano bat eta justizia sozialarekin bat datorrena eskainiko badiegu, migratuei euskara eskaintzeko betebeharra dugu. Eskaintzeko betebeharra. Baina egungo larrialdi linguistikoa ez digute haiek sortu. Arazoa geuk daukagu. Egiturazko tresna gabezia gurea da, ez haiek ekarria. Irabaz ditzagun hiztunak egiturazko erdalduntze makinari aurre eginez: esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman ereduen eredua gaindituz eta euskarazko ikasteredua orokortuz. Edota Nafarroan eta Iparraldean murgiltzen ereduek dituzten trabak ezabatuz, eta euskararen gutxieneko eskaintza orokortuz.

Edo balia ditzagun politika publiko sendoak, lan arloko liberazioak, helduen euskalduntze-alfabetatze sektorearen doakotasuna, metatuta daukan ezagutza kapitala, euskaratik urrun bizi diren betiko euskal herritar horiek euskaraz jabetzeko urratsa eman dezaten. Bada biderik egiteko.

Goazen aurrera. Euskaraz bizitzeko behar den dena osatzeko bide horretan, ofizialtasuna da ezinbesteko beste zutabe bat. Aldarri hori ekarri du Arrotxapeatik abiatu den zutabeak: ofizialtasun osoa euskararentzat, Euskal Herri osoan. Arkitektura juridiko berri bat. Izan ere, ofizialtasuna da hizkuntza baten aldeko politika publikoak iraunkorki eta bermez egiteko modu bakarra. Zoritxarrez, nor izatearen gutxieneko estatus hori ukatua du euskarak Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa gehienean. Are, Nafarroan Europan parekorik ez duen anomalia da euskarak bizi duena, herrialdearen baitan hizkuntza arrakala handi bat eragiten eta indartzen ari dena. Eta ustez, ofiziala den eremuan, Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako zati batean, desofizializazio prozesu larria gertatzen ari da jada luze jotzen ari den oldarraldi antolatuaren ondorioz.

Horregatik, diogu, ofizialtasun formala ez dela nahikoa. Arkitektura juridiko berri eta sendoa behar duela euskarak etorkizuna izango badu. Eta hala eskatzen diegu hemendik horren ardura duten agintari eta indar politikoei: ez huts egiteko, euskararen etorkizunaren alde ausardiaz jokatzeko, hesia jartzeko oldarraldi judizialari, baina baita ere euskara eta euskal hiztun komunitatea betiko minorizatuta nahi dutenen oldarraldi politiko eta diskurtsiboari ere. Asko dago jokoan. Aurrera egiteko garaia da. Berdin, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ere. Baliatu, behingoz, hein handi batean euskaltzaleen konfiantzari esker eskuratutako gehiengoak euskararen normalizazio eta biziberritzea lehentasun politikoetara ekartzeko. Ofizialtasunerako bidean urrats sendoak emateko.

Eta hirugarren oinarria, hirugarren zutabea: euskaltzaletasuna. Esan genuen abenduan Bilbon, eta gaur berretsiko dugu Iruñean: euskarak Pizkunde berri bat izango badu, euskaltzaletasunean dago giltza. Iraganetik horixe ikasi dugu. Euskaltzaletasun kokatu eta antolatuak eragin dituela Pizkundeak.

Euskaltzaletasun kokatua behar dugu. Hain zuzen ere, gaur egungo Euskal Herrian eta gaur egungo munduan kokatua. Gaur egungo Euskal Herritik erantzungo diena munduak jartzen dizkigun erronka berriei. Gaur egungo Euskal Herriko gainerako menderakuntza egoerez jabetuko dena, eta beste eraldaketa mugimenduekin elkarrizketan arituko dena. Munduak dakarren olatu erreakzionarioari ihes ez ezik aurre egingo diona. Era berean, euskaltzaletasun kokatua, ondo kokatzen duelako zer den euskarari eta euskal hiztun komunitateari gertatzen zaiona. Jabetzen dena minorizazioaz, egiturazko arazoaz, ñabardurak ñabardura eta desadostasunak desadostasun, arazoaren kokapena eta irtenbideen inguruko gutxieneko adostasunetara iristeko gai dena.

Euskaltzaletasun antolatua. Egunerokotasunean euskaltzale jokatzeko konplizitateak bilatu eta saretuko dituen milaka herritarren sarea: etxean, auzoan, herrian, ikastetxeetan, lantokietan, euskalgintzako erakundeetan, kirol eta astialdi taldeetan, euskarazko kultur ekosistema lehenetsi eta elikatuko duena… Jabetu, ahaldundu eta antolatu gaitezen euskarari beste Pizkunde bat emateko.

Euskaltzale gisa jabetu, ahaldundu eta antolatzea da, hain zuzen ere, erakundeengan, gobernuengan, indar politikoengan eragiteko modua. Hainbestetan aipatzen dizkiguten indar harremanak bestelakoak direla adierazteko ez ezik, bestelako egiteko modua.

Alde horretatik, izango dugu zereginik datozen hilabeteetan. Izan ere, azaroaren 21ean Ipar Euskal Herrian euskara ofiziala izan dadin eskatzeko manifestazioa deitu du Euskal Konfederazioak Baionan. Hantxe ikusiko dugu elkar. Eta, abenduan, berriro, Iruñea izango da berriro euskaltzaleon mobilizazioaren gune. Nafarroan zonifikazioa ezarri zuen legeak 40 urte betetzen ditu. Desberdinkeria horrekin amaitu eta euskara ofiziala Nafarroa osoan izan dadila eskatzeko mobilizazio handi baterako deia egiten du Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 19rako.

Gaur bigarren txinparta bat eskaini diogu Pizkundeari. Baina argi dago: egiteko asko dago oraindik. Eta indarrak hartzeko, euskaltzaletasuna eta euskaltzaleok elikatzeko, harrotu eta poztu gaitezen orain. Hartu dezagun plaza eta egin dezagun dantza. Hainbaten kantatu dugu Pello eta Pantxoarekin, “dantzara, plazara!”; hainbatetan, kantatu dugu Anarirekin “kantatu, maitatu eta dantza!”. Goazen guztiok beraz!

Partitu aurretik, gogoratu euskaltzaleok: jabetu, ahaldundu eta antolatu, euskaraz bizitzeko behar den dena eratu arte. Ez ahaztu, mundua euskararen kontra datorrela, baina guk mundua dugula euskararen alde. Eta esan dezagun ozen: Euskal Herrian euskaraz!


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!